KRITIKA. Donostiako 53. Jazzaldia

Eklipserik gabeko jazza

Cecile McLorin Salvant abeslaria, Trinitate plazan, herenegun. JON URBE / FOKU.
2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Dave Holland, Zakir Hussain, Chris Potter / Cecile McLorin Salvant

Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 27.

Dave Holland (Northampton, Erresuma Batua, 1942) kontrabaxu jotzailea funtsezko pieza da jazz garaikidearen bilakaeran, betiere formula berrien bila, eta, halaxe, musikari erraldoi horrek apaltasun ikaragarri batekin aurkeztu ditu bere musikari lagunak, maisuak horiek ere: Zakir Hussainek (Bombay, India, 1951), Hindustanetik ekarritako doinu eta erritmoak menperatzen dituen jeinuak tapiz eder baten gainean eserita eman du kontzertu osoa —tablá izeneko danbor txiki batzuk jotzen ditu atzamarrekin—. Konposaketa ederrak aurkeztu ditu, bere kulturako ohiturei buruz mintzatu da, eta lurralde haietako festa bereziak aipatu ditu, zeintzuetan maisuaren etxeko atarian opariak uzten diren, maisua gurtu, eta bere ezagutza, jakituria eta argitasuna eskertu nahizeskatzeko. Berak aita izan zuen guru, Ustad Alla Rakha handia, alegia. Hussainek doinu eder eta sakonak eskaini ditu. Eta saxoekin, Chris Potter jauna (Chicago, AEB, 1971). Ez du alfonbra hegalaririk behar izan zaleak hegan jartzeko; saxotik sortutako notekin txorien ondotik pasatu gara, mila ideien zurrunbilo artean hegan. Saxo tenor sendo eta eder batekin, eta saxo soprano jostagarri eta inspiratu batekin, aise eraman du kontzertuaren ardura melodikoa Potter maisuak. Musikari bikain horren aukera zoragarria Hollanden eskutik iritsi da, musikari bikain baten eskutik, bere baxu berezi, zehatz, eskuzabal eta sortzaileari esker. Bejondeizula! Eta dena, hiru musikarien elkar-ulertze erakustaldi ezin hobe batekin ondua.

Cecile McLorin Salvant (Miami, AEB, 1989), berriz, emakume liluragarria da, ahots landu eta soltea duena, eta teknika ikaragarria. Grabeetan zoragarri, dikzio bikaina du, eta estandarrak estandarretik at abesten ditu, eraberrituak. Eta era berri horretan abestu ditu Nothing like you zein Fog bezalako abesti ezagunak. Lagun izan dituen musikariak ere, ondo baino hobeto: Sullivan Fortner pianoarekin, jostagarri eta ziurtasunez, solo bikainak eskaintzen; Paul Sikivie baxuarekin, maitagarri eta sendo; eta fin eta gozo bateriarekin, berriz, Kyle Poole jauna.

McLorin Salvant desberdina da, grazia handia du, baita teknika handia ere. Ikusleriaren maitasun ezinbestekoa lortu du Alfonsina y el mar abestu duenean; errespetu sakon batez abestu du, gaztelania kasik perfektu batean.

Postre gisa, ezustean azaldu da Mary Stallings anderea, eta elkarrekin blues bikain bat abestu dute. Stallingsek —berak jaso du Jazzaldiaren saria—, apal, lasai eta duintasun ikaragarri batekin, loreak bota dizkio McLorin Salvant gazteari.

Beste gau batez, maila handiko musikariak, maila handiko abeslariak, artistak izan dira oholtza gainean. Eklipserik ez dugu ikusi, ez behintzat artisten artean, ezta Triniko zeru lainotuan ere —izatekotan, inguruko zaratek eklipsatu dute musika, une jakin batzuetan—. Eta ikusleak, gustura, pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.