Albistea entzun

Galera baten memoria

Bere amonaren memoria galera kontatzen duen 'Memoria' antzezlana estreinatuko du Itziar Manerok urriaren 19an Bilboko BAD jaialdian
Itziar Manero antzerkigilea, <em>Memoria</em> antzezlanean.
Itziar Manero antzerkigilea, Memoria antzezlanean. JON LARRINAGA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko urriak 18

Zuzenbide gradua amaitu, Maastrichten Giza Eskubideetan espezializatu, Giza Eskubideetan, Demokrazian eta Globalizazioan masterra egin, eta orduan egin zuen topo amonarekin Itziar Manero antzerkigileak. «Memoria historikoaren gaia asko interesatzen zitzaidan, eta amona zen gai hori landu ahal izateko hurbilen nuen pertsona, 1936ko gerra eta diktadura bizi izan zituelako. 2019an egin nion lehen elkarrizketa, eta elkarrizketa hartan biok konturatu ginen, bai nire amona eta bai ni, bat-batean memoria arazo batzuk edukitzen ari zela. Tontakeriak ematen zuten, baina gauza batzuk ahazten ari zela ohartu ginen. Eta elkarrizketen funtzioa aldatu egin zen, eta jadanik helburua ez zen soilik garai hartako informazioa biltzea izan, baizik eta nire amonaren memoria erregistratzea, konturatu ginelako galtzen ari ginela». Gertatzen ari zenaz antzezlan bat egiteko proposamena egin zion Manerok orduan, amonak baietz esan, elkarrizketekin jarraitu, eta urriaren 19an estreinatuko dute orain Memoria izeneko pieza, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko jaialdian.

Bakarrik egongo da eszenan Manero, eta audio bidez helduko zaio ikusleari amonaren ahotsa. Antzerki dokumentala izango dela zehaztu du autoreak, horregatik, eta ordubete inguru iraungo du emanaldiak.

Onartu duenez, elkarrizketaz elkarrizketa bilduz joandako material erreal horrekin guztiarekin pieza eszeniko bat sortzea izan du erronka nagusia Manerok. «Modu askotakoa izan daiteke antzerki dokumentala. Gustatzen zaizkit dokumentuan eta adimenean bakarrik oinarritzen diren lanak, baina asko gustatzen zaizkit poetika bat bilatu edo irudiarekin jolasten dutenak, eta eszenatoki batean egoteak ematen dizkizun aukerak jorratzen dituztenak». Eta, hain zuzen ere, azken hori nahi izan du berak.

Nobel saria jaso zuen Santiago Ramon y Cajal zientzialari nafarrak baliatutako metafora batek eman dio horretarako bidea Manerori. «Berak konparatzen zuen giza garuna baso batekin, esaten zuenez, biek antzera funtzionatzen dutelako. Metafora oso polita iruditu zitzaidan». Hari horri tira egin, eta amonaren lorategiarekin lotu du autoreak basoaren eta garunaren ideia hori. Horregatik, landarez eta lorez beteko du eszena antzezlanean.

Berreskuratutako hizkuntza

Hiru ertz biltzen ditu antzezlanaren tituluak, Maneroren hitzetan. Memoria historikoari egiten dio erreferentzia hitzaren lehen adierak. Bere amonaren memoria pertsonalari buruzkoa da bigarrena. Eta badu hirugarren esanahi bat ere: ikerketa proiektuen memoriekin gertatzen den bezala, antzezlanak ere, azkenean, amonaren gaixotasunaren garapenari buruzko xehetasunak eta nondik norakoak biltzen dituelako. «Antzezlana egiteari baietz esan zion, baina memoria galtzen jarraitu du, eta antzezlana ere ahaztu egin du».

Euskaraz arituko da Manero emanaldi osoan, eta gazteleraz entzungo dira amonaren eta Nikaraguako haren zaintzailearen hitzak. Eta euskararen berreskuratze baten historia ere kontatu nahi du erabaki horrekin Manerok. «Polita iruditzen zitzaidan errealitate linguistiko hori ere erakustea».

Hau da Manerok bere izen-abizenez sinatutako lehen lana, baina hainbat antzezlanetan lan egindakoa da aurrez. Besteak beste, La Tristura, El Pont Flotant, Sleepwalk Collective eta Grumelot konpainiekin aritu da oholtzan eta zinema eta telebistarako hainbat proiektutan dabil une honetan. Itsaso Arana filmatzen dabilen Las chicas están bien filmean eta EITB grabatzen ari den telesail batean, kasurako.

Manerok hainbat laguntza eta egonaldi izan ditu antzezlana garatu ahal izateko. Bilboko Harrobia arte eszenikoen zentroaren Trantsizioak programaren parte izan zen proiektua 2021ean, antzezlanak sortzeko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza ere jaso zuen ondoren, eta Bilboko Udalaren Artistak egoitzan izeneko programaren bultzada ere izan du azkenik. Eta dioenez, lagungarri suertatu zaio ibilbide hori guztia. «Irudi eta intuizio batzuk banituen hasieratik, oso argiak zirenak, baina laguntza horiei esker aukera izan dut buelta asko emateko, eta eskura nituen elkarrizketa grabazio ordu horiek guztiak nola eszenaratu probatzeko. Argiak, soinuak, musikak eta eszenografiak ere gauzak kontatuko dituzten dramaturgia bat sortzen lagundu dit horrek».

Itxi gabeko lana

Silvia Larrauri izan du prozesu horretan eta zuzendaritzan laguntzaile, eta Itsaso Aranak egin dio aholkularitza artistikoa.

Ekainean egin zuen aurrestreinaldia, eta estreinaldirako azken ukituekin dabil orain. Edonola ere, aurrerantzean lana «zabalik» mantendu nahi duela dio. «Lan dokumentala da hau, azkenean. Pieza ez da erabat aldatuko, baina nahi nuke prozesua itxi gabe utzi».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Norbere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian

Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Erredakzioa

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...