Noiz sortua: 2020-03-07 00:30:00

Manipulazio abestiak

Pettik Noam Chomsky pentsalariaren gogoetak oinarri hartuz disko bat osatu du Harkaitz Canorekin batera, eta Loraldia jaialdian aurkeztuko du
MARISOL RAMIREZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko martxoak 7

«Hitzak dira, baina geziak ere izan zitezkeen». Noam Chomsky hizkuntzalari eta pentsalari ezagunaren liburu batean topatutako hari muturrei jarraika ailegatu zen Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikaria Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak izeneko dekalogora, eta hasieratik ikusi zuen argi ideia horrekin disko bat egiteko aukera. Chomskyren ikerketak oinarri hartuz osatu zuen zerrenda hori Sylvain Timsitek, eta izugarrizko hedapena izan du sarean. Musikariak Harkaitz Cano idazleari eskatu zion estrategia horietako bakoitzari hitzak sortzeko, eta, besteak beste, rocka, folka, bluesa eta bossa nova uztartzen dituen disko kontzeptual bat osatu du haiekin: Manipulazio estrategiak. Bi urte pasa eman ditu horretan, eta martxoaren 15ean aurkeztuko du zuzenean, Bilboko Guggenheim museoan, Loraldia jaialdian.

«Disko bat baino gehiago, kultur artefaktu bat da hau», azaldu du Pettik, «eta hau aurkezteko ez zegoen Loraldia baino leku hoberik». Izan ere, geruzaz geruza joan da proiektua osatuz eta forma hartuz: Chomskyren gogoetak oinarrian, Timsiten dekalogoa haren gainean, Canok estrategia bakoitzari sortutako poemak gero, eta, azkenik, Pettiren musika, guztiaren gailurrean. Eta, horregatik, musikariak zehaztapena egin du: «Ez ditut estrategia horiek kantatzen, baizik eta estrategia horiei Canok egin dizkien hitzak. Poesia bihurtu ditu hitz horiek».

Hitz bakoitzari jarri beharreko musika hautatzea izan da sorkuntza prozesuko zatirik «konplexuena», musikariaren ustez. «Badira hitz asko umore aldetik hartzen ahal direnak, edo hartzen ahal direnak bertze alde batetik ere, eta gehien kostatu zaidana izan da aukeratzea bakoitzaren doinuak nondik nora joan behar zuen». Canok lortutako poetikotasuna laudatu du musikariak, baita hitzei eman dien ironia puntua ere. Zehaztu duenez, gainera, hitzak bere euskalkira gerturatzen saiatu da idazlea, Nafarroa iparraldeko hitzak txertatuz.

Etxeko Uzta taldekoak izan ditu alboan grabazioan, zuzenekoetan ohiko kolaboratzaile izan ohi dituen kideak, eta, besteak beste, Juantxo Zeberio piano jotzaileak eta Et Incarnatus orkestrako hari laukoteak ere lagundu dute. Eta izan ditu gonbidatu gehiago ere. Angel Unzuk hainbat moldaketa egin ditu; Toño Muro Balerdi Balerdi taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak ere hartu du parte beste abesti batean; eta Gorka Benitez saxofoi jotzailea, Raul Gartzia zerra musikal jotzailea eta Maite Larburu musikaria ere badaude diskoan.

Ahotsa, lehen lerroan

Diskoak hiru kantu elektriko ditu, baina nagusiki akustikoa da lana, Pettiren hitzetan, eta ahotsa lehen lerroan mantentzea izan da asmoa hasieratik. «Ongi ulertzeko kantatzen diren hitz guztiak». Berako Atala estudioan grabatu ditu abesti elektrikoak Iñigo Irazoki teknikariarekin batera, musikari guztiak elkarrekin arituta, eta Tolosako Bonberenea estudioan grabatu ditu gainerako guztiak. Karlos Osinaga izan da teknikaria kasu horretan, eta berak egin ditu nahasketa eta masterizazio lanak ere: «Abesti elektrikoetan eta akustikoetan ahotsa orekatuta gelditzea nahi genuen», azaldu du musikariak.

Hamar abesti sortu ditu guztira, baina hamaika pista ditu diskoak, kantu horietako bat bi bertsiotan utzi baitute: akustikoan lehenik, eta elektrikoan gero.

Canoren lana ere goretsi du. Pettik gogoratu duenez, idazleak eta berak Bilbon egin zituzten lehen kolaborazioak, eta Loraldia jaialdian elkarrekin aritutakoak ere badira. Geroztik, musikariak maiz jo du harengana abestientzako hitz eske edo ingelesezko abestien itzulpen bila. «Makina bat da itzulpenak egiten ere». Eta, Pettiren hitzetan, ez soilik ongi itzultzen dituelako, baizik eta jatorrizko melodiarekin abestu ahal izateko zehatz moldatzen dituelako. Eta horregatik guztiagatik izan zuen buruan haren izena Chomskyren gogoetetan oinarritutako manipulazio mediatikorako hamar estrategiak moldatzeko ere.

Zart kolektiboak argitaratuko du diskoa, eta Alain Urrutia artistak egin du azaleko irudia. Zuria da haren atzealdea, eta, haren gainean, pixkanaka gorri garbi batetik granate ilun baterantz doan lerro fineko irudi geometriko abstraktu bat jarri du sortzaileak. Urrutia zuri-beltzean aritu ohi da lanean bere lan artistikoetan, baina Pettiri diskoko musika zer kolorerekin lotzen zuen galdetu ostean hautatu zuen gorria. Bilboko saioan egongo da lana erosteko aukera, bai eta Zart kolektiboaren webgunean ere.

Cano ezingo da egon Loraldiko emanaldian. Haren ordez, Ana Galarragak irakurriko ditu testuak, eta Etxeko Uzta taldekoek Zeberio eta Et Incarnatus laukotea izango dituzte ondoan oholtzan. Bilboko emanaldian ez ezik Iruñean eta Donostian ere izango direla iragarri du Pettik, baina kasuan-kasuan taldearen formatua moldatu beharko dutela azaldu du. Beraz, Loraldikoa izango da, oraingoz behintzat, talde osoa ikusteko aukera bakarra. Amaia Ozerin jaialdiko komunikazio arduraduna pozik azaldu da proposamena estreinatzeko aukeragatik. «Ohore bat da festibalarentzat».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 905 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.972 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Diputatuak saioren hasieran, minutu bateko isilunean. / ©Mariscal, EFE

Alarma egoera luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak

Berria

EAJk iragarri du bilera horretan egongo dela. EH Bildu, berriz, ez da joango. Konfinamenduan apirilaren 26ra arte luzatu dute Hegoaldean.

Gasteizko farmazia bat. / ©Endika Portillo, Foku

Egun beltzenetan bigarrena izan da atzokoa, hildako kopuruari dagokionez

Ekhi Erremundegi Beloki - Ane Eslava

Gutxienez 59 pertsona hil dira Euskal Herrian azken 24 orduetan koronabirusak jota. 900 hildakoen langa gainditu da. 462 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean.

350 diputatutik 43 joan dira Espainiako Kogresura ©mariscal / EFE

EAJk atea ireki dio Sanchezek proposatutako itunean parte hartzeari; EH Bildu ez da joango

Irati Urdalleta Lete

Apirilaren 26ra arte luzatu dute alarma egoera, eta Sanchezek aurreratu du uste duela hamabost egun barru berriro alarma dekretua luzatu beharko duela

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna