KRITIKA. Artea

Ustekabearen atarian

Henri Michauxen lanetako batzuk. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Henri Michaux

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa.Noiz arte: Maiatzaren 13ra arte.

Guggenheimek urtea Henri Michauxekin hastea erabaki du. 1899an jaio zen, Numarren (Belgika), eta XX. mendeko sormenaren historian poesiaren eta artearen alorrean eragin azpimarragarria izan zuen pertsonaia izan zen Michaux. Sormen praktika astindu zuen, adierazi ezin den hori adierazteko bilaketan, eta mendeko bigarren erdialdean plastikaren eta lisergiaren nahasketa planteatu zuen.

Michauxen bilaketa erakusketak azaltzen duen beste alderako bidaiarekin ezin hobeto definitzen da, bertan aurkezten diren artelan eta objektuen bitartez. 200 pieza baino gehiago biltzen dituen multzo bat bildu du Manuel Cirauqui komisarioak, aurreko mendeko 30eko hamarkadatik aurrera kronologikoki egituratzen direnak. Artelan gehienak Parisgo Michaux artxiboetatik datoz, eta horietako batzuk ez dira inoiz erakutsi.

Artistaren puntu gorena, ezagunena behintzat, substantzia psikoaktiboekin ikertu zuen garaia izan zen arren, Michauxen praktika eta sormen prozesuak ibilbide zabalagoa dauka, eta kasu askotan, garai hori bezain interesgarria. Hori kontuan hartuz, Cirauquik erakusketa hiru ataletan banatu du, guztiak ibilbidearen hasieran erakusten diren objektuen ondoren artikulatzen direnak: kantu erritmikoen kaseteak, musika tresnak eta Afrika edo Ozeaniatik ekarritako eskulturak.

Lehen atala giza irudiaren ikerketan oinarritzen da, eta giza aurpegian ardazten da. Erretratuz osatutako galeria bat dela esan dezakegu, titulurik gabe aurkezten diren zehaztugabeko forma, itzal edo bolumen difuminatuen lan multzo batekin hobeto definitu daitekeena. Akrilikoaren, guachearen eta pastelaren bitartez sortutako lanak dira, era automatiko batean sortutakoak. «Egiten dudana egiten dudala, beti aurpegiak agertzen dira», zioen artistak, eta prozesu eta emaitza bitxi horrek artista sailkatzeko ismo bakarraren sorrera eragin zuen: fantasmismoa.

Bigarrenak kaligrafia eta ideogramen inguruko interesak aurkezten ditu: keinuaren literatura, espresioa, hitza, komunikazioa eta marrazkia. Zeinuen bizitza izenburupean Michauxen esperimentu kaligrafikoak daude, eta atalaren barruan zentzu ezberdineko lanak biltzen dira. Espazio eta paisaietako forma antropomorfikoak kuadrikulan eta modu ordenatu batean egindako kaligrafia txiki eta zeinuekin nahasten dira, musika partitura itxura hartzen duten lan zoragarri batzuekin batera. Guztiek oinarrizko kutsu primitiboa zabaltzen dute, artistaren bilaketa prozesuan ukitzen den mugetako bat.

Azkenik, Psikea manipulatu atalean, 1950eko hamarkadatik aurrera drogak erabiltzen egin zuen ibilbidearen emaitzak erakusten ditu, iraultza psikodelikoaren lehen erreferente direnak. Zientzialariek lagunduta, hainbat substantzia probatu zituen, eta haien eraginpean, prozesu ezberdinak esperimentatu zituen. Lan landuagoak dira, eta horien adibide dira marrazki meskalinikoak. Trazo finen bitartez osatzen doazen lanak dira, espazio eta elementu naturalak gogorarazten dituztenak. Marrazki postmeskalinikoetan, berriz, tintaz gain, akrilikoa eta olioa erabiliz egindako lanak daude.

Ibilbide hori perspektibarekin begiratuz, ikus daiteke gizakiak hauteman dezakeen horren eta hautemateko bideen kartografia ikertu eta definitzen saiatu zela Michaux, gizakiaren natura ulertzeko helburuarekin. Horrela, adierazi ezin den hori adierazteko zubiak eraiki nahi izan zituen, nahiz eta ikerketak pertsona eta pentsamendu bakar baten ikuspuntutik ulertuak izan behar diren.

Michauxen lana ulertu eta azaltzeko orduan, deskribitu eta komunikatu ezin den eremu horretan esanahiak desagertzen direla adierazi izan da hainbat idatzietan, eta hau ere noski lana ikertzen duenaren arabera begiratu beharra dago. Michauxen ibilbide propio bat garatu zuen, agian noizbait, ulerpen bide orokorragoak osatzen lagunduko luketen aztarnak jasoz. Erakusketaren ikuspuntutik ere, ikusle bakoitzak bere begirada gehitu behar die lan hauei, esanahi berriak sortu eta aurkituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.