Albistea entzun

Itzalaren tolesturak

Lutxo Egiaren sarrera hitzaldiarekin hasi da Literaturia jaialdia, Zarautzen. Liburu aurkezpenak, solasaldiak eta azoka izango dira gaur eta bihar
Lutxo Egiak <em>Itzalak</em> hitzaldia egin zuen atzo Zarautzen.
Lutxo Egiak Itzalak hitzaldia egin zuen atzo Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko irailak 25 - Zarautz

Itzala, hitzaren ahala leloarekin atzo arratsaldean abiatu zen Literaturia letren plazaren hamahirugarren aldia Zarautzen. Modelo aretoan Lutxo Egia idazleak Itzalak izeneko sarrera hitzaldi jolasti eta zirikatzailea egin zuen: «Itzala hitz pisutsua da. Aspalditik bizi gara larriturik itzalarekin. Herri ugarik uste izan dute heriotza gorputzaren eta itzalaren arteko bereizte behin betikoa dela». Aipatu zituen Bering itsasarteko inuitak, Afrikako legendak, Oscar Wilde, Hans Christian Andersen, Benito Perez Galdos, eta jarraian James Matthew Barriek asmatutako Peter Pan pertsonaiaren istorioaz gogoratu zen, honela laburturik: «Peter Panek leiho batetik behera salto egin du, Darling familiaren etxetik ihes egin nahian. Baina Nanak, txakur handiak, leihoa kolpez itxi eta errotik erauzi du mutikoaren itzala». Peterrek itzalik gabe alde egin behar izan du. «Txakurrak leihoaren kanpoaldean zintzilik utzi nahi du, baina Darling andereak —Wendy, John eta Michael gaztetxoen amak— itzala tolestu eta kontu handiz gorde du kaxoi batean». Gero, Darling jaunari erakutsi dio, «eta hark, ez hotz eta ez motz, erabaki du alprojaren batena dela».

Hitza, garai likidoan

Itzalaren tolesturez mintzatu zen Egia idazlea, baina batez ere hitzaren garrantziaz, ederraz eta ahalmenaz. «Pertsona eta itzala —hitzen ahala— ez dira bereizi ezinak. Horregatik, menturaz, itzala galtzearen beldur bizi izan gara beti».

Twitter, Twitch edo Instagram garai hauetan hitzak zein balio duen hausnar egin zuen. «Hitz-ahalen jokaleku nagusietako bat bilakatu zaigu Twitter. Askorentzat, jokaleku nagusia da. Batzuentzat, erabiltzen duten bakarra. Egokia, sasoi likido honetarako: hitz oso gutxirekin ahalik handiena lortu». Aldi berean iradoki zuen, beharbada, gaur egun jendea ez dela itzala galtzearen beldur bizi: «Are gehiago, galtzeko desiraz ere bizi liteke. Horixe izan liteke transmodernitate lauso honetako marka: itzalik —hitzen ahalik— zabalena lortu, berehalaxe galdu eta prestatu hurrengorako».

Hitzaren eta ahalaren arteko oreka erakusten du literaturak, Egiaren ustez: «Itzala luzarazten eta iraunarazten duten elementu ugari ditu: jolasa, ironia, zorroztasuna, edertasuna, zehaztasuna, aberastasuna».

Gaur eta bihar liburu aurkezpenak, azoka, mahai inguruak, errezitalak eta musika izango dira Literaturiaren egitarauan. Eta literaturaz arduratzen diren bi elkarte omenduko dituzte: (H)ilbeltza eta Galtzagorri.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Askotariko materialez egindako lanak ikus daitezke <em>Gaurko euskal eskultura</em> erakusketan. Irudian, Guillermo Olmo eskultorearen <em>Arina</em> lana. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Eskulturaren topalekua

Olatz Enzunza Mallona

Santurtziko Azken Muga elkarteak 95 artistaren lanak bildu ditu 'Gaurko euskal eskultura' erakusketa ibiltarian. Otsailaren 16ra arte ikusi ahal izango da
Pantx Records kolektiboko kideek Durangoko Azokan aurkeztu zuten bilduma. ©FACUNDO QUEVEDO TRONCOSO

Euskal Herritik Kingstonera

Alex Uriarte Atxikallende

Pantx Records kolektiboak 'Reggaean jarrai: Euskal folklore jamaikarra' izeneko bilduma kaleratu du. Euskal ondarea eta kultura jamaikarra uztartu dituzte proiektuan
Antonio Gramsci pentsalari, idazle eta politikaria. Haren kartzelako gutunak euskaraz irakur daitezke orain. ©BERRIA

Preso denaren kezkak, gutun azaletan bilduak

Ainhoa Sarasola

Antonio Gramsciren 'Kartzelako gutunak' eman du Katakrakek, Ekaitz Sirventen itzulpenean. Pentsalari ezkertiarrak espetxean idatzi zituen 218 eskutitzetan, haren «alde guztiak» aurki daitezke
Mikel Martinez aktorea, Marieta Diaz de Toledo eta Bertol Arrieta saridunekin, atzo, Bilbon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Gidoia abiapuntu gisa

Andoni Imaz Olatz Enzunza Mallona

Bertol Arrietak, Mikel Fernandinok eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dituzte aurtengo Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren sariak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.