Noiz sortua: 2018-04-24 00:30:00

KRITIKA. Artea

Flash argiztatze baten modura

Zuhar Iruretagoienak <em>pole dance</em>-a eta eskultura greziar klasikoak uztartu ditu bere erakusketan.
Zuhar Iruretagoienak pole dance-a eta eskultura greziar klasikoak uztartu ditu bere erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Garazi Ansa -

2018ko apirilak 24

'Hebra'

Artista: Zuhar Iruretagoiena. Non: Bilboko BilboArten. Noiz arte: Maiatzaren 11ra arte.

Ikusgarriak eta ikusezinak egiten zaizkigun egiturak, haragizko gorputzetan, eta harrizkoetan; mugimendua ahalbidetzen dutenak, loturak eta euskarriak. Erori gabe eusteko beharrezkoak direnak, beharrezkoak ditugunak: giharren indarra eta tentsioak, harrizko blokeak, burdinazko ziriak. Materia ezberdinen bidez gauzatutako bi subjekturen artean dabil Zuhar Iruretagoiena BilboArten aurkeztu duen azken erakusketan: Hebra (hari-zuntza); bi subjekturen artean dantzan, mugimenduan, eta, era berean, bien artean zut, orekan.

Hari-zuntz hori da bi subjektuak lotzen, elkarrengana erakartzen eta josten dituena. Eraikitze eta sortze prozesuan erabat beharrezkoa, oinarrizkoa, puntada bakoitzaren laguntzaz eraikitzen delako lana, eta hein batean puntada bakoitza delako egitura beraren zati. Baina prozesua amaitzean, geure begietatik desagertzen da, erabat. Badakigu bertan dagoela, baina geure begientzat hari-zuntzek garrantzia galtzen dute, zeren haiek loturiko zatien eta zati ezberdinen lotze horren bidez sorturiko azken emaitzaren osotasunarekin soilik gelditzen baikara: izan prakak, izan erakusketa, izan mugimendua, izan eskultura.

Horiexek dira egiturak. Eta egitura horiek aztertzen ditu Zuhar Iruretagoienak behin eta berriz arte proiektu honen bidez.

Antzinatera jotzen du, batetik, eta artearen historiak bazterrean utzitako elementuetan jartzen du arreta. Hain bazterrean utzitakoak, ezen, izatez, izenik ere ez baitute. Eta jakina da izenik ez duena ez dela existitu ere egiten. Eta hori da gertatutakoa; materialki existitzen baldin badira ere, geure begientzat ikusezin bilakatu dira, garden. Praxitelesek contraposto-aren bidez irudikatu nahi zuen gorputzaren mugimendu organikoa lortzeko, gorputzaren zati ezberdinen artean ipintzen ziren lotura puntuez ari naiz. Hain zuzen ere, eskultura bihurgunetsu eta berriztatzaile horiek zutik irauteko behar izan zituzten lotura puntuez. Eskulturaren formetatik kanpo gelditzen diren egitura geometrikoez. Agerikoak dira, petatxuak, kanonaren eraikuntza perfektua lortzeko beharrezko des-perfekzioak, baina, modu inkontziente batez, antzinateko eskulturarekiko gure begiradaren eraikuntzak alde batera utzi dituenak.

Eta zutik diraute, oraindik ere, bere horretan, eskulturek, egiturek, ia aldaketarik jasan gabe, denboran zehar.

Sarrerako bideoan, berriz, beste subjektua ageri da. Neska bat eszenaratzen da ezinezko takoi batzuen gainean, Praxitelesek bideratu nahi zuen aldaken mugimendua azpimarratuz, bere pauso bakoitzean gorputza kurbaduraz betez. Metalezko barra luze bat erdian. Eta hura ardatz hartuta bilakatzen dira gorputza eta giharrak Hermes, Afrodita, Dafne edo Kupido trukoak burutzeko egitura. Pole dance-a da. Flasharen argiztapena. Ikusi al duzu? Oraingo honetan, egitura mugikorra da, iragankorra, erritmikoa, eta emakume gorpuztua. Haragizkoa da, edo haragian integratua, ikusgarria zinez, baina, berriz ere, mugimenduaren prozesua amaitu bezain azkar, geure begientzat ikusezin bilakatzen da.

Azken finean, gorputzen trataerez ere ari da artista, haien eraketaz eta haiei buruzko ikusmolde historiko eta aktualaz, gorputz maskulinizatu eta feminizatuez, begiradaren garrantziaz, azalekoa soilik ikusteak sortzen dituen gabeziez, eta, prozesu guztia eta emaitza ulertzeko, haien egitura ezagutzeko inportantziaz. Hala bada, azterketa eta ikerketa bat da artistak aurkezten duena, eta bi subjektu moten egitura ezberdinen arteko albainuaren bitartez egin du hori; era autonomoan landu, azpimarratu eta gainjartzen dituen argazkien bidez; antzinateko eta orainaldiko gorputzen egituren oinarrien arteko loturak proposatuz; lizpaperaren distira eta ikusgarritasun jokoek ematen dituzten aukerei etekina ateraz; eta, bereziki, aretoko protagonista diren eskulturen bitartez. Lurrean daude eskultura horiek, orekan, eta burdinaz irudikatzen dituzte pole danceko trukoen dekonstrukzioak, baina antzinateko harrizko loturez babestuta, goxatuta, helduta eta estalita ere badaude, era berean.

Izenik ez dute, baina existitzen dira, agerikoak dira. Begi bistara ekarri dizkigu artistak egiturak, loturak, hari-zuntzak. Flash argiztapen baten modura.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Kale garbitzaile bat, Donostian. / ©Jagoba Manterola, Foku

Sanchezek apirilaren 26ra luzatu du konfinamendua

Berria

Goizean batzorde zientifikoarekin batzartu eta gero: «Gizarteak behar duen denbora da birusari aurre egiteko».

Militarrak Etxalarren

Militarrak Pirinioetan

Berria

Atzo Iruñean egon eta gero, Espainiako Armadako soldaduak Zaraitzu, Etxalar eta Sara inguruetan ikusi dituzte. Bideoa: militarrak Etxalarren.

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna