KRITIKA. Artea

Trakestasunari aitortza

Hiru artistek osatu dute Hire maitale traketsa. IGARTZA MONUMENTU MULTZOA.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

'Hire maitale traketsa'

Artistak: Izaskun Araluzea Itza, Andere Etxegarai Zubiaur eta Mikel Ruiz Pejenaute. Non: Igartzako monumentu multzoa (Beasain, Gipuzkoa). Noiz arte: Maiatzaren 20ra arte.

Maitasunaren gaia aitzakiatzat hamaika aldiz hartu izan da sorkuntza prozesuetarako; batik bat literaturan, baina ez literaturan bakarrik. Hire maitale traketsa erakusketa, Beasaingo Igartza monumentu multzoan bisitatu daitekeena, horietako beste bat izan daitekeela irudi daiteke izenburuan begirada finkatu ostean. Hala ere, amodiozko istorio tragiko erromantikorik ez da bertan ikusgai inondik inora; ziur asko, istorio mota horiez gogaiturik gaudelako, edo are gehiago, horrelako maitasun eredurik ere inondik inora behar ez dugulako.

Hirukoa da erakustaretoan agertzen dena. Maitasuna ote? Eredu berriren bat agian? Hiru egile dira protagonista, batak besteekiko, eta hirurak hiruren artean, harmonian, orekan eta errespetuz aurkezten direnak. Ez litzateke eredu txarra honakoa. Andere Etxegarai, Izaskun Araluzea eta Mikel R. Pejenaute dira hirukotea osatzen duten hiru elementuak, hiru subjektuak, hiru artistak, hiru pertsonak. Eta hiru egile hauen lanak dira, bata bestearekiko elkarrizketan; baina, elkarrizketan baino are gehiago esango nuke, erakarpen tentsioen baitako espazioetan aurkeztu nahi izan dizkigula Okelak, Eremuak egitasmoak sustatutako programaren baitako azken proiektu honetan.

Hain zuzen ere, programa honen inguruan sortzen diren erakusketa hauek badute xarma berezi bat: artista gazteak egiten ari diren azken ekoizpenak ikusteko aukera bikaina eskaintzeaz harago —zeina biziki interesgarria den ere—, artearen nukleo edo epizentroetatik atera, alegia Bilbo, Donostia edo Gasteiz uztera behartu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri txikietara lekualdatzea bultzatzen dute. Artea kubo zurietatik urrundu, erakustoki berriak proposatu, eta haietan barnerarazten du publikoa, bisitaren esperientzia bera erabat eraldatuz. Izan ere, bisitatzen den lekuarekiko egon daitezkeen harreman pertsonalak ere erabat ezberdinak baitira kubo zuri batekin izan daitezkeenekin alderatuta. Hauek ere maitasun istorioak izan zitezkeen. Beste eredu bat.

Oraingoan hautatutako lekua, zehazki, burdinola historiko bat izan da, harrizko pareta sendo eta zaharrek babesten dituztelarik barneko obrak, konparazioz, hauskorrak diruditenak, iragankorrak. Garai bateko mailu hots eta su txinpartak agortu diren honetan, gelak hotz sumatzen dira barnealdean, ilun. Baina hoztasun edo freskotasun horren baitan, artelanek protagonismo osoa hartzen dute lekuarekin ia ezinezkoa zirudien sinbiosi batean, eta lekuarekiko berarekiko ere esperientzia berria sorrarazten diote bisitariari.

Esperientzia horiek Pejenauteren lanetan dute hasiera. Han ematen da lehenengo topaketa hori; ikusiko duzuna gustatuko zaizun ala ez jakin aurretik, urduritasunak ere egon daitezkeen une horretan gertatzen da. Koloreak, materialak, geruzaz geruza aztertzeko aukera ematen duten eskultura bolumetrikoak dira bereak. Istorioen estratigrafiak izan daitezke; maila bakoitzak bere kontakizun propioa du, eta kontakizunez kontakizun hartu dute beren forma, eta hartzen dugu, era berean, guk ere geure forma. Babesten duten istorioak izan daitezke, zorizkoak. Zerbait jazo al da? Burdinola zaharreko beste gela batera garamatzate eskultura hauek. Beste artisten lanak ikusgai, Etxegarai eta Araluzearenak, Pejenauterenekin batera. Hirurak elkartuak, erakarriak. Lan bateko geruza batek beste lanaren geruzara garamatza: hemengo oihalak, hango urre koloreko plastikora. Non dago trakestasuna?

Tituluak nahitaez Bernardo Atxagaren poemara eramaten gaitu, Laboaren ahotsez entzutera ohitu ginen horretara. Eta hor ere elkarketak zeuden, erakarpenak, hizkuntza ezberdinenak, hitz mailaketenak. Agian hori da maitasuna, agian hori da maitale izatea, eta horrek ez du deus ere traketsik, ez hitzetan, ez arte lanetan ere. Edo agian, oker nenbilen, eta hori da traketsa izatea. Hala bada, trakestasunaren onarpena egitea besterik ez zaigu gelditzen, erakargarria eta benetakoa delako, freskoa, erakusketan ikus daitezkeen lanak bezala, non geruzek, materialek eta bolumenek batetik bestera etengabean mugiarazten duten ikuslearen begirada, ikuslearen animoa eta pentsamendua, arintasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.