KRITIKA. Artea

Zarataren berotasunetik

Luis Candaudap artistak Donostian zabaldu duen erakusketako irudi bat. KUR ART GALLERY.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun

'Munduko kulturak'

Artista: Luis Candaudap.Non: Kur Art Galleryn, Donostian. Noiz arte: Maiatzaren 27ra arte.

Donostiako Kur galeriak maiatz amaiera arte Luis Candaudap (Bilbo, 1964) artistaren azken lana aurkezten digu, Munduko kulturak izenburupean. Hasiera batean hain erakargarria den izenburu honen inguruan tamaina handi nahiz ertaineko zortzi lan eta formatu txikiko lan multzo zabalago bat biltzen dira, olioaren edo akrilikoaren tekniken bidez sortutakoak. Erakargarritasun honek nolabaiteko oinarri satirikoa du, halere, lanetan agertzen diren ikonoen esanahietan baino gehiago, ikur horien antolaketaren bidez hartzen baitu indarra, konposizioan galdu egiten baitira lanetan erakusten zaizkigun politikari, soldadu, arma edo guden ordezkari edo oroitzapenak. Horrela, itxuraz irudiarekin eta esanahiarekin lotzen den lan batetik abiatuta, guztiz piktorikoa den praktika eta emaitza bat aurkezten zaigu, elementu guztien saturazioaren bitartez irudien informazioa baliogabetu, eta koposizioaren eta kolorearen erabilera bikaina erakusten duten lanak sortuz.

Collagearen teknikaren bidez eraikita daude lanak, eta azalera ezberdinak gainjartzea da oinarrizko praktika horretatik abiatuta garatutako hainbat formatu eta tekniken ezaugarrietako bat, zeinak aukera eskaintzen baitigu artista bilbotarraren lanaren ezinbesteko alderdi batean barneratzeko, eta zeinak informazioa, komunikazioa eta artearen arteko joko eder bat eraikitzen baitu esanahiaren eta teknikaren artean. Collagearekiko gertutasun hori nabariagoa egiten da Salta Lenin el Atlas edo Cristiania lanetan, zeintzuetan azaleren arteko mozketa askoz markatuagoa baita. Formatu txikiagoko lanetan, Monumento a los espaƱoles caidos en Francia edo Armas del Rey Ricardo izenekoetan, besteak beste, planoen gainjartze hau ez da hain nabaria, eta lanek bestelako malgutasun bat erakusten dute. Candaudapen lanean, detailearen eta informazioaren inguruan eraikitzen den zarataren berotasunak biltzen gaitu hasiera batean, baina sentipen honek berehala uzten gaitu, garrantzia galtzen baitoaz detaileak, eta, poliki-poliki, konposizio orokorraren ordena hotz batean murgiltzen baikoaz, teknika eta euskarri analogikoen geldotasunean barneratuz. Analogikoaren eta digitalaren arteko gudan lehena gailendu den sentipena zabaltzen da, eta horrek piztu egiten du gaur egun irudi analogiko geldi baten aurrean jarri eta hari begira aritzearen ekintzak duen esanahiaren inguruko gogoeta, agerian utziz jarrera horrek fedearekin duen lotura.

Jarrera hau terapia bat bilakatzen da artista bilbotarraren kasuan, irudiaren hoztasuna materiaren berotasunak irensten baitu, naturak utzitako eraikinak bereganatzen dituen bezala, hauek arrasto batean gelditu arte. Eta hala, deseginez doaz historiaren eta politikaren eremuko erreferentzia argiak pinturaren barruan, pinturaren denboraren geldotasunaren barruan harrapaturik. Esanahiaren eta esateko moduaren arteko talka zuzen bat ematen da hemen, eta teknikaren berezko denborarekin eta iraunkortasunarekin nahasten dira irudiaren eta informazioaren eferbeszentzia. Talka honekin batera, konposizioaren orokortasuna eta irudiaren xehetasunak bat egiten dute lanetan, eta horrek azpimarratu egiten du artistak berak aipatzen duen barnealdearen eta kanpoaldearen arteko banaketa, eta osotasuna gailentzea dakar horrek guztiak, pinturaren bidetik inkomunikazio baterako pausoak emanaz. Lege eta ordena orokor baten barruan ematen den komunikazio baten ikuspegitik, noski.

Zeren, gaur egun, ez dugu irudiaren aurrean egoteko denbora askorik, eta denbora edukiz gero, irudi digitalaren azkartasunak eta bat-batekotasunak zeharkatuko gaitu, ia konturatu ere egin gabe. Gaur egun, irudi bakar, geldi eta iraunkor bati heltzea geroz eta zailagoa da, eta are eta zailagoa da oraindik egilearentzat irudi honen mugetan eutsi eta haietan murgiltzea. Egileak berak esan izan duen moduan, bi bide daude pintura heldu eta mihisearen gainean lantzeko: alde batetik, euskarri eta teknikaren aurrean kritikarako joera hartzen dutenak egon daitezke, salaketaren bidez pintura hustu edo garbituz; eta beste aldetik, berriz, pinturan murgiltzeko aukera dago. Bide askoz zailagoa da hori, intimoagoa, eta irudiaren abolizioak hartu duen bideari so eginez gero, baita gero eta bakartiagoa ere, orduan eta eragin eta jarraitzaile gutxiago baititu.

Pinturaren hamaikagarren heriotzatik bizirik atera direnak dira Candaudap eta bere lana, etengabeko aldaketan dagoen gizartearen barruan bizirauten duen teknika eta lanerako modu baten gertuko adiskideak, inguruari egokitu eta adierazteko bide propioak bilatu eta erakusten dituztenak; pinturaren inguruko benetako gogoeta zarataren berotasunetik aldenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.