KRITIKA. Artea

Irribarreak lumen artetik

Bilboko Guggenheim museoak Esther Ferrer artistari eskainitako erakusketako irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun

'Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak'

Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: Ekainaren 10era arte.

Ironia, umorea, espazioa, errepikapenak, presentzia, absentzia, eguneroko objektuak, gorputza eta denbora. Esther Ferrerrek 60ko hamarkadan arte proiektuak egiteari ekin zionetik bere ideiak gorpuzteko behin eta berriz darabiltzan elementuak dira hauek. Izan performanceetan, argazkietan, zein instalazioetan, bere ekoizpen guztiari sostengagarritasuna ematen dioten etengabeko oinarri eta ildo komunak sortzen ditu horrek. Artistak aurten aurkezten duen banakako bigarren erakusketa da hau, eta Bilboko Guggenheim museoan aurkezten da (lehena otsailean amaitu zen, Madrilgo Reina Sofian); hau ere, nola ez, kontzeptu horien araberakoa da.

Esther Ferrer artistaren izena batez ere performanceari lotu ohi zaio; hain zuzen ere, Penintsulan arte adierazpen honen erabileran aitzindarietariko bat izan zelako ZAJ taldearen partaide zelarik, besteak beste, Juan Hidalgo eta Walter Marchettirekin batera. Hala eta guztiz ere, Bilboko erakusketa honetan, performerraren rola artistak bete beharrean, ikusleak egin beharko du; izan ere, bertan, Ferrerren ekintzen ordez, instalazioak nagusitzen dira, eta, hain zuzen ere, ikuslearen betebeharra horiek esploratzea izango da. Horra hor bisitariaren performancea.

Instalazio bakoitzak txoko zehatz bat du, gerizpe edo geriza balitz bezala, zeinetan, alboetako bi hormen artean, geruza artean bezala, goxo babesten diren. Txoko horiek entitate propioa ematen diete instalazio bakoitzari, baina, era berean, tamalez, gainontzeko instalazioetatik bereizi eta isolatu ere egiten dituzte. Horiek dira espazioak, eta hilabete gutxi batzuk soilik iraungo duten presentziak agertzen dira hor: alegia, absentzia esperoan duten presentziak. Ferrerrek, lan egiteko duen prozesu metodologikoaren barruan, lehenik eta behin sortu eta bere etxean altxor txikiak balira bezala gordetzen dituen maketen gauzatzeak dira, eta, beraz, primizia hutsa da hau ikuslearentzat.

Lerro zuzenak dira nagusi, lerro geometrikoak eta hauen etengabeko errepikapenak modu proportzional eta matematikoan; espazioan, airean marrazten dituenak, harien bidez. Minimalismoaren eragina izan dezaketen sormen finak eta ederrak dira, eta, ikuslearen performatibitatearen bitartez, formak itxuraldatu, eta aldatu egiten da haiek hautemateko modua. Honela, denboraren konstantea sartzen da jokoan. Lerro beltzak, zuriak, gorriak eta intermitenteak. Haien etereotasuna dela eta, airean flotatzen diharduten irudiak direla dirudite, hain ahulak, baina hain boteretsu eta indartsuak, era berean; guztia, egunerokotasunean jaramonik ere egin ohi ez diogun materialez burutua. Tartean dira kableak eta aulkiak, nola ez, baina hariek protagonismo berezia hartzen dute gainontzeko guztien gainetik.

Hala ere, bada aretoan aurreko instalazio guztiek sortzen duten armonia erabat apurtzen duen beste elementu bat, sarrera nagusitik sartu eta aurrez aurre topatzen dena. Munduko barreekin egindako instalazioa da. Dudarik gabe Ferrerren ekoizpenen barnean koherentzia handiz sartzen den ideiaren gauzatzea dena, batez ere umorearen erabilera azpimarratzea duelako, baina erakusketan aurkezten diren beste lanekiko bai estetikoki eta baita kontzeptualki ere nahiko bereizia gelditzen dena.

Erakusgelara sartzeko bigarren aukera bat ere ematen zaio, ordea ikusleari, bigarren sarrera batetik. Banaka-banaka igaro behar da bertatik, instalazio bat baita: Entrada a una exposición. Aurkeztutako piezarik interesgarrienetariko bat izan daiteke hau, eta erakusketaren barnean ikusleak hautemango duena beste jarrera baten bidez sumatzeko prestaketa gunetzat har daiteke. Instalazio erabat sentsoriala da, zentzumenen bidez hautematekoa, ukimenaren bidez dastatzekoa, gorputzaren presentziarekin sentitzekoa. Ez dut gehiago esango. Joan, sartu atetik eta disfrutatu.

Azkenik, eskertu beharrekoa da Guggenheimek kasu honetan euskal testuinguruari lotutako artista batekin burututako ekoizpen propioa, hain ohiko zaizkion erakusketa blockbuster-ak alde batera utziaz. Zuzendariak aipatu duen moduan, zorretan omen zeuden, baina zorrak normalean ez dira ordainketa soil batekin kitatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.