IRLEN SAREA

11 egun

Gorka Julio -

2019ko ekainak 29
Korporazio handien boterea eta gazteengan duten eragina aztertzen saiatu da Mattin Solis Uitzi UEUk eta EHUk antolatzen duten berezko tituluko lanean. Zehazki, gazteek egiten duten sakelakoaren erabileran jarri du begirada. 15-16 urteko hamalau gaztek sakelakoa zertarako erabiltzen duten neurtzen duen aplikazio bat instalatu dute: galdetegi bat bete behar izan zuten, gero Quality Time aplikazioa instalatu eta 11 egunetan zehar jazotakoa bildu zuten. Amaieran, taldean aurretik egindako eta jasotako datuen artean irakurketa kritiko batekin amaitu zuten. Emaitza: batez beste lau orduz eta zazpi minutu erabiltzen dute sakelakoa egunero.

Erabiltzen dituzten aplikazioen artean, Instagram, Youtube, Whatsapp, Netflix, Snapchat eta Twitter izan dira ordena horretan gehien erabili dituztenak. Fortnite, NBAlive, Amerigo, Facebook eta TikTok ere aipatu dituzte, baina dezente urrunago. Instagram da gazteen arreta gehien bereganatzen duen aplikazioa; bertan ordu bat eta 34 minutu igarotzen dute.

Erabilera aldetik, ez dago aldaketa handiegirik neska eta mutilen artean, Youtube eta Snapchaten erabilera kenduta —mutilen aldera nabarmen—. Ez da hain nabarmena, baina Instagramen eta Netflixen erabilera apur bat gehiago izan da nesken artean. Netflix —harpidetza eskatzen duen zerbitzu bat— hain erabilia izatea, harrigarria baino, argigarria ere bada.

Hasieratik zuten erabileraren pertzepzioa eta ondorengo errealitateak, bat ez zetozela ikusi ahal izan zuten bukaerako talde hausnarketan. Pribatutasunaren kezka ere agertzen dute, eta kontrolatuak bizi direla uste dute. Badakite baita ere, batzuek behintzat, sare horietan agertzen diren mezu publizitarioek eragina dutela haiengan. Hori aldatu egin nahiko lukete batzuek. Bertan trukatzen dituzten mezuen eragina, aldiz, ez dute gehiegi aipatu, baina egunerokoan eragin nabaria dutela argia da.

Kontzientzia badute, beraz, sakelakoaren gehiegizko erabileraz eta batzuek aldatu nahiko lukete. Baina, hala ere, Mattinek nabarmendu bezala, joera (gutxitzea) hori ez du ikusi esperimentuak iraun duen 11 egun horietan. Ondoren egindako hausnarketa kolektiboaren ostean aldatuko al da? Hortxe ikerketa interesgarri txiki horrek airen uzten duen galdera.