Donostiako 68. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. David Perez Sañudo. Zinemagilea

«'Ane'-rekin, lanean jarraitzeko eskubidea irabaztea espero dut»

Ama-alaben arteko harreman gatazkatsua hartu du abiapuntutzat David Perez Sañudok zuzendu duen lehen film luzean .Patricia Lopez, Jone Laspiur eta Mikel Losada dira protagonistak.

GORKA RUBIO / @FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Donostia
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Goiza. Sukaldea. Abiadura handiko trenaren lanetan zaintzaile aritzetik iritsi da etxera Lide, eta, egunero bezala, birentzat egin du gosaria. Ane bere alaba falta da, baina. Alabaren bilaketan murgilduko da Lide, baina berehala ohartuko da bere alaba eta batez ere bere bizitza eta ingurua ezezagun zaizkiola. Ane bere film luzea aurkeztuko du gaur David Perez Sañudo zinemagileak (Bilbo, 1987) Donostiako 68. Zinemaldian. «Mimo» handiz prestatu du lana, eta Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da.

Lide eta Ane ama-alaben arteko harremana da pelikularen erdigunea. Harreman gatazkatsua da, komunikaziorik gabea.

Ane eta Lide pertsonaia bera izan zitezkeen bizitzako bi une ezberdinetan. Ispilu gisa funtzionatzen duten bi pertsonaia dira. Harreman gatazkatsua da. Une batean bietako bat faltako da, eta horrek bereziki hasiera markatuko du. Absentzia hori da bereziki Lideren, amaren, jarrera aldaketa bultzatzen duena. Desagerpen horrek zerbait positiboa eragiten du: ordura arte hartu ez duen rol bat hartzea.

Absentzia aipatu duzu. Absentzia hori batzuetan obsesio ere bihurtzen da, ezta?.

Ez da kasualitatea Lide gaueko zaindaria izatea, ezorduetan lan egitea eta leku fisikoen zaintza lanetan aritzea lanean. Horrek ikusleari protagonistak ez dakien zerbait erakusten dio: bere alabak egiten duena. Aldi berean alabak jaso ez duena ere azaltzen da: maitasunaren beharra dauka, eta bere jarrera atentzioa emateko manera bat ere bada.

Ama-alaben arteko bertze gatazketako bat da amaren lanbidea. Anek ez du ulertzen nola lan egin dezakeen lan bere amak abiadura handiko trenaren lanen obretan.

Horrekin, pelikulak bigarren irakurketa bat egiteko aukera ematen du, eta gustatuko litzaidake irakurleek ere hala ulertzea, nahiz eta zaila dela jakin. Ane motibazio anitz dituen pertsonaia bat da, eta bere indarrak bertze kausa batzuetara bideratu beharrean, AHTren eraikuntza lanen aurka bideratzen ditu. Libek, amak, aldiz, lana behar du, baina arrazoi ekonomikoengatik, ez pertsonalengatik. Oso interesgarria iruditzen zait une batean pentsatzea pertsonaia bakoitzaren jarrera bertzearen arreta deitzeko manera bat dela.

AHTaren lanek protagonismo handia dute filmean. Espresuki landu nahi zenuen borroka bat zen hori?

AHTaren auzia zuzenean baino gehiago, aurrerapenaren ideia paratu nahi nuen mahai gainean. Kuriosoa da komunikaziora bideratutako eraikuntza bat bi puntu lotzeko eginda dagoela, baina, aldi berean, bi alde banatzen dituela. Horrek sortzen duen sinbolismoak eta metaforak laburbiltzen du filma. Noski, Abiadura Handiko Trenaren lanetan kokatu dut begirada, eta pelikula kritikoa ere bada, AHTa bera zalantzan jartzen dugulako. Hala ere, uste dut auzi unibertsala dela. Hemen kokatzeak, gainera,arriskurako aukera gehiago iradokitzen dizkigu, badakigulako hemengo borroka zibilak bertze leku batzuetakoak baino ondorio latzagoak dituela. Komunikazioari buruz hausnartzeko bidea ematen digu pelikulak, eta aurrerabidearen ideia zalantzan jartzeko.

Filma estreinatu aitzinetik ere laudorioak jaso dituzu. Pozik orain arteko harrerarekin?

Ziurgabetasun eta zalantza askoko une batean gaude. Ikusiko dugu nola doan. Errespetu eta mimo askorekin egindako filma da, eta espero dut pelikula honekin irabaziko dugula lanean jarraitzeko eskubidea.

Lanean jarraitzeko eskubidea aipatu duzu. Zinema egiteko garai txarra dela errango zenuke?

Ez nuke errango garai txarra denik. Euskal Herrian sekulako talentua dugu, eta alor oso konpetitiboa da. Hor konturatzen zara nola zinemara bideratutako diru kopurua ere mugatua den, eta denok ezin dugun beti zuzentzen eta ekoizten egon. Antsietatea ere sortzen du, beti zaudelako ea bertzeei gustatuko zaien. Batez ere finantzaketa antsietate handiko prozesua da.

Uneren batean pentsatu al duzu ez zenutela lortuko ?

Pelikula konfinamendu aurretik filmatzeko aukera izan dugu, eta, beraz, alde horretatik lasai geunden. Baina postprodukzioan nahikoa sufritu dugu. Efektu bereziak eta soinu efektuak egiten dituen estudioa itxita egon da, eta, lanean hastean, itxarotea egokitu zaigu. Ezegonkortasun handiko garaia izan da. Orain dena argi ikusten dugu, baina orduan dena zen zalantza.

Ibilbide luzea egin duzu film laburrak egiten. Nolatan egin duzu luzerako saltoa?

Film laburren mundua ez dago profesionalizatua, eta ez dago horren inguruan garatutako zinema industriarik. Pasioz bizi dudan mundu bat da film laburrena, baina egia da badaudela istorio batzuk ez direla hamar edo hamabost minututan sartzen, eta zerbait luzeagoa egiteko gogoa genuela. Baina hor hasten dira arazoak.

Zein motatako arazoak?

Nola altxatu pelikula bat, nola lortu finantzaketa, nola ezagutarazi zeure burua, zein zaren bertzeentzat... Prozesu oso nekeza da, guretzat hala izan da behintzat. Nahiz eta oso polita izan den aldi berean.

Bertze proiektu bat ere aurkeztuko duzu Zinemaldian: Alardea telesaila.

Proiektua garatuta zegoela heldu nintzen Alardea-ra. Aukera sortu zitzaidanean asko poztu nintzen, ez nuelako inoiz fikziozko telesailik egin. Noski, ezberdina izan da, telesailaren proiektua ez delako nirea izan, eta azken hitza ez dagoelako nire esku bakarrik.

Errealitatea abiapuntu hartuta sortu den telesaila da. Zenbateraino izan zarete fidelak errealitatearekiko?

Gidoia alarde mistoaren alde lerratuta dago erabat. Fikziozko herri batean gertatzen da dena, eta horrek lasaitasuna eman dit, utzi digulako gauza batzuk aldatzen, azkartzen...Uste dut oso erabaki ona izan dela. Egia da gidoia hain eginda daukazunean zuzendaritza lana ere oso lotua dagoela gidoiarekiko. Aldaketarako tartea oso txikia da bai politikoki, bai ideologikoki.

Sona handiko aktoreekin lan egin duzu.

Prestaketa lanak oso azkarrak izan ziren, baina maila handiko aktoreak dituzunean dena askoz errazagoa da. Euskal Herriko aktoreen maila izugarria berriz ere deskubritzeko parada eman dit, eta, baita ere, pentsatzeko produkzio gehiago egongo balira zenbat lan gehiago egongo litzatekeen aktoreentzat. Ane-n, nire lehen pelikula izaki, erabateko tentsioan ibili gara, dena hil edo bizikoa balitz bezala. Baina Alardea-n erlaxazio maila handiagoa izan da, eta prozesua gozatzeko bide eman dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.