Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Azken bihurgunea

2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Noiz konturatu zinen zu boladaz kanpo zeundela? Zein bihurgunetan erori zinen gaztetasunaren tren biziegitik? Zenbat da gazteagoak ulertzen ez dituzula? Noiz hasi zitzaizkizun klase guztietako berritasunak desatseginak eta aztoragarriak iruditzen? Patinete elektrikoarekin izan zen beharbada? Autotunearekin akaso? Edo harreman irekiekin? Gero eta adinkide gehiagori aditzen diot gauza bera: Tiktok da gugan bi munduak banatzen dituen muga gaindiezina. Instagramerako trantsizioa, Facebooken heriotza eta blogen desagerpena gainditu zutenek bertan eman dute amore.

Ni ez naiz, ordea, adinaren gomendioei erraz men egitekoa. Eta, lanak hala eskatuta —badakizue, joera berriak ezagutzea komeni da—, voyeur gisa hasi naiz Tiktok erabiltzen. Lehen begi kolpean, dena ondo: edukia ez da Instagrameko Reel-en edo Youtube Shorts-en oso bestelakoa. Jende gazte eta guapoa haien edertasuna harro erakusten, umorezko bakarrizketak, txiste txarrak, kirol bideoak. Ezer (bereziki) asaldagarririk ez. Uste denaren kontra, euskaraz ari den jendea ez da horren gutxi, gainera. Haietako lauzpabosti jarraitu diet nik —KaiNakai, Julen Portillo, Gaztea, Gaizka Izagirre...—, eta algoritmoak beste makina bat erakutsi dizkit. Lo orduak eta denbora librea lapurtzeko duen gaitasuna da, izatekotan, kezkagarriena.

Gaur, ordea, goian eta ezkerrean ageri den live botoia sakatu dut konturatu gabe. Eta hor bai, akabo nire pagotxa. Behatza gora edo bera mugituta soilik, adin txikiko saldoka pertsona topatu ditut, etxeko lanak egin bitartean edo kalean, iruzkinak jartzen dizkien edozein voyeur anonimori klase guztietako kontu pertsonalak azaltzen. Baziren kontu harrigarriak ere: 16 urterekin Islamera batzea erabaki duen neska kataluniar bat —belo eta guzti—, edo helduago bat, gidabaimena ateratzeko testak ari zena zuzenean egin eta erantzunak ematen.

Iñigo Martinez saiakeragileak Begiraden menpe artikuluan haizatutakoak etorri zaizkit gogora. Munduan egoteko bi modu soilik ei ditugu dagoeneko: pantailari begira egotea, edo pantailan bertan, live. Eta erabaki dut bihurgune horretan jaitsiko naizela ni. Ez bainago eroso nire burutazioak zuzenean kontatzen. Ezta adin txikikoei begira egotea baimentzen duen sare sozial batean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.