Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Baina merke

2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Txio batean nola, Ekografia batean ere ez da den-dena kabitzen. Noan beraz osatzera datozen lerro hauekin amaitu eta erdizka utzi nuen azken-aurreko zutabea: «Dagoeneko ezinezkoa da sarerako euskaraz egiten den guztiari jarraitzea. Gauza gehiago sortzen dira lo egiteko ohitura duen edonork eskain dezakeen denbora baino. Bai, hortaz: posible da astebetez bizirautea pantailara euskarazko edukiak soilik eramanda. Besterik da gure ekosistema audiobisuala ondoan eskaintza bereziz eta kolore-festa harrigarriz estalitako supermerkatuak dituen azoka erraria dela. Hartzaileen kontzientzia militanteaz gain, infraestruktura sendoagoa eta erakusleiho gehiago beharko ditugu».

Azkar esateko —kabitu dadin, noski— inpresioa dut erakunde publikoetatik, zein herri ekimenetik —ETBtik ere bai— sare sozialetako edukiaren eremura mugatu dela gazteentzako ikus-entzunezko eskaintza. Eta kasu, ez da gutxi. Gazteak gero eta ikus-entzunezko gehiago ekoizten ditu, makina bat bideopodcast eta websail egin dira azken urteotan, eta lan horretan tematuta dauden talde —SutanBang, Barrexerka, Zarramarra...— zein pertsona —Aiora Probatxoa, Eneko Oroz, Nerea Aranburu, Nerea Arriola, Gaizka Izagirre...— asko ari dira bidea egiten. Kopuruari begiratzen badiogu, inor ezin da katastrofista jarri. Baina joera horrek badu beste aurpegi ilunagoa: telebistarako egiten denaren aldean, puskaz baliabide gutxiagorekin, modu (ezinbestean) amateurragoan eta oreka moduko bat lortu ezinean ari dira —eta gara— gehien gehienak. Bestela esanda: gazteentzat egiten dena, diru gutxiago inbertituta eta modu prekariagoan egiten da.

Ez da nahikoa nazioarteko—Espainia eta Frantziako, nagusiki— ekoiztetxe handiek egiten dutenarekin lehiatzeko. Influentzerren garaia izango da, baina oraindik ere gure ordu asko La Resistencia edo Euphoria gisako edukiak jarraituz ematen dugu. Sarean sortzen ari den horretatik onena hartu, telebistako baliabideak dituen lantalde gazteak osatu, eta jolasteko (baita deserosoa denean ere) askatasuna zein konfiantza eman behar zaie. Saioak aletu eta pilulak sarean modu originalean zabaldu, audientzia tradizionalaz ahaztuta. Hori da formula bakarra Euskal Herriko gazteentzat benetako erreferenteak izango diren espazioak sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.