Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Euskaraz?

2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ez dut euskaraz hitz egin nahi». Nire ikastolan ni baino gazteagoak ziren ikasle batzuek esandako esaldia da. Euskara ikasi zuten txikitatik, baina inposaketa bat bezala ikusten zuten euskaraz egitea. Euskara inposaketa bat bezala sentitzea ezinezkoa egiten zait, baina haur horiek hala ikusten zuten bere garaian. Ume kontuak ziren.

Euskaraldian gaude, eta euskararen inguruko hausnarketa egiteko garaia da. Euskara egunero erabiltzen dugu? Euskara egunero erabiltzeko aukera dugu? Zein zailtasun daude? Zein esfortzu egin behar da egunero euskaraz hitz egiteko? Gogoeta eta kontzientziazioa pizteaz gain, Euskaraldia euskaldun berriei laguntzen dien egitasmo aparta dela argi dago.

Euskaldun berriek hizkuntza ikasten duten bitartean, praktikan jartzeko aukera urriak dituzte. Agian beren ingurua ez da euskalduna edota lotsa sentitzen dute hizkuntza ez dutelako guztiz menperatzen. Ahobizi eta belarriprest-en artean, aukera handitzen da. Aurreko igandean, ETB1eko Dailobit saioan euskaldun berrien esfortzu eta istorioak ezagutzeko aukera izan genuen. Lander Arretxeak saioaren naturaltasuna azpimarratu zuen atzo. Euskara ikasteko prozesuetan dauden pertsonekin modu oso erraz batean euskaraz mintzatzeko aukera dagoela erakutsi digu saioak, eta hiztunek egin ditzaketen akatsez ahaztu gara.

Baina zertarako euskara? Horren inguruko eztabaida interesgarria aurki dezakegu Zulora saioaren Euskaraz, zergatik? kapituluan. Bertan, euskara ez dakitenei bidea egin behar zaiela adierazten da, baina zergatia ezbaian geratzen da. «Zertarako behar du pertsona migrante batek euskara jakin, bizirauteko ez badu behar?». Galdera hori plazaratzen du gonbidatu batek. Euskaldun berriei laguntzeko ekimenak sortzen diren bitartean, hizkuntzaren erabilera beste arlo batzuetan sustatu behar dela argi dago.

Euskaldun berrien esperientziak entzutea garrantzitsua dela deritzot. Euskara txikitatik jaso dugunoi arrotzak egiten zaizkigu euskaldun berriek bizi dituzten trabak, eta horregatik garrantzitsuak dira Dailobit bezalako saioak. Igandean, gurasoak ziren euskaldun berriek adierazi zuten euskaraz hitz egiten dutela seme-alabekin. Beren egunerokoa aldatzeaz gain, etorkizuna lantzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.