Literatura. Cristina Morales. Idazlea

«Nire liburuak punk musikako biniloak izatea nahi nuke»

2018an argitaratutako 'Lectura fácil' nobelagatik da ezaguna bereziki Morales. Sistemaren zutabeak dardarka jartzen dituzten hitz zorrotzekin osatzen ditu goi mailako literatur lanak. Iruñean izan da.

EFE/YANDER ZAMORA / EFE.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bartzelonako mugimendu anarkista du ingurune Cristina Morales idazleak (Granada, Espainia, 1985), eta punka eta fanzineak elikagai. Haren hitz zorrotzek beti eman dute zeresana, baina Lectura fácil nobela (Irakurketa erraza, Anagrama, 2018) mugarria izan zen. Menderatze sistemen erretratu bat da, elbarritzat hartutako lau emakumeren ikuspegitik eraikitakoa, eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala jaso zuen iaz. Egilea Iruñean izan da berriki, Letrazaurituak jaialdian. Aldarrikatu du literaturak ez duela eskatzen idazleak elite ekonomiko edo sozialean egotea.

Mugimendu asanblearioetatik, anarkistetatik etorrita, zer iruditu zitzaizun sari hori jasotzea?

Harrigarria eta ustekabekoa izan zen, baina sariak ez dit aterik ireki lehenago ibiltzen ez nintzen inora. Maizago gonbidatzen naute beste idazle batzuekin hitz egitera, eta hori miresten dut, baina hau ez da bihurtu Mari Errauskinen ipuina. Eta ez zait ongi iruditzen pentsatzea literaturak elite ekonomiko eta sozialean daudenak bakarrik onartzen dituela.

Zure lanetan sistemaren aurka jotzen duzu; haren sari bat jasotzeak kontraesanik sortu dizu?

Ez, kontraesanik ez. Lasaitua hartu nuen, ametsetan ere izan ez nuen diru kopuru bat eman zidatelako. Ongi egiten dugu halakoak onartzen, zakur jipoituaren konplexu handiarekin bizi garelako, bizitzak ematen dizkigun pozak merezi ez ditugula sentituz. Eta, kontrakoa uste bada ere, nire nobela ez da erradikala: oso egitura klasikoa du, hasiera, korapiloa, eta amaierarekin, eta, hain zuzen ere, saritua izan da formula eskuragarri bati erantzuten diolako. Benetan erradikala balitz, ez zatekeen saritua izango.

Lectura fácil-en, begirada kapazitista apurtzen saiatu zara, homogeneizazioan eta etorkortasunean ez erortzen. Nolakoa izan da hori lortzeko prozesua?

Eta oxala ez erori izana! Kapazitismoaren aurka lan egiten zuten pertsonekin elkartu naiz, eta haien jakintza partekatu dute nirekin, batez ere artearen bidez; zehazki, gaizki deituriko dantza integratuko tailerretan, eta baita irakurtzen ere: lege testuak, desgaitasunak dituzten pertsonentzako erakundeen propaganda, elkarrizketak… Irakurketa errazeko klubetara ere joan nintzen.

Zure nobeletako pertsonaiak, oro har, gizarteak baztertutakoak dira. Zeren arabera aukeratzen dituzu pertsonaiak?

Pertsonaien aukeraketak nobeletako helburu instrumentalei erantzuten die: beste edozein pertsonaiak ez zuen balioko kasu bakoitzean hitz egin nahi nuenaz hitz egiteko. Lectura fácil-en, menderatzeaz hitz egin nahi nuen, xehetasun askorekin. Kontakizuna sortzeko orduan subjektua aldatu nahi nuen, ez zedin izan herritar arrunt bat, klase ertainekoa, zuria, ikasketak eta kulturarako sarbidea dituena; kontakizuna beste optika batetik egin nahi nuen. Haietaz hitz egin, gutaz hitz egiteko. Pertsonaia horiekin bakarrik izan zitekeen hala.

Seix Barral etxeak liburu hori zentsuratu nahi izan zuen. Nola egin zenion aurre horri, nahi zenuen moduan adierazteko?

Seix Barralek literaturaren, ahots berrien edota integrazioaren aldeko apustua egiten duen argitaletxe gisa aurkezten du bere burua, eta hori horrela ez dela konturatzea desengainua izan zen. Hasieran, tristuraz bizi izan nuen, baina argi ikusi nuen: puta izan bai, baina garestia. Eta hain gutxi ordaintzen zutenez, ez zegoen hainbeste negar egin beharrik; ez nuen hainbeste galdu. Azkenean, ni nire aurrerakinarekin geratu nintzen, kontratua urratu zutenak haiek izan zirelako, jada kontratatuta eta ordainduta zegoen eleberri bat argitaratu nahi izan ez zutenak.

Nobelan sartu zenuen fanzine batengatik izan zen batik bat: zer eragin izan dute fanzineek zure lanean?

Fanzine batzuetan idatzi izan dut, eta fanzineen irakurle amorratua izan naiz, eta banaiz. Oso ideia interesgarriak eta freskoak daude fanzineetan, ez baitiote erantzuten inongo argitalpen edo merkataritza presiori. Lectura fácil, adibidez, horretaz elikatuta dago nabarmenki; beste batzuk, ez.

Esango zenuke punkak eragina izan duela zure literaturan?

Bai, noski, punka da gehien interesatzen zaidana bizitzan! Punk talde bateko produktore exekutiboa naiz, eta punk artista gisa aritzen naiz nire dantza konpainian: Iniciativa Sexual Femenina. Nire punk taldea nire dantza konpainia izateak asko esaten du punkaren moldakortasunaz. Nire ustez, punka musika genero nagusia da, agortzen ez den bakarra: zaborretatik edaten du, eta zaborra beti edukiko dugu, hil arte. Beraz, bai: nire nobelak punk musikako biniloak izatea nahi nuke; Lectura fácil plater batean jarri, eta soinua entzutea.

Zure lanetan, badirudi engainua edo transformismoa dela zure jokoa: gauzak ez dira beti diruditena. Horretan saiatzen zara?

Engainu edo transformismo gisa ikusten bada, zoragarria! Nahi nuke idazten dudan liburu bakoitzean hori ikustea. Idazleak gezurtiak baikara, tranpatiak: artifizioak sortzen ditugu, egiantzekotasuna erabiliz. Errealitatea fikzioarekin nahasten duena, zalantza eragiten didana da niri interesatzen zaidan literatura. Soka horretan ibili nahi dut.

Nobela batzuk berrargitaratzen ari zara. Nola ikusten dituzu?

Ni orain ez nintzateke izango Los Combatientes-en (Borrokalariak) idazlea, adibidez. Orain idatziko ez nituzkeen gauzak daude hor, baina ez litzateke azkarra izango aldaketak egitea. Eleberri bakoitzaren atzean maisu plan bat dago, eta nik orain eleberri baten xehetasunak aldatuko banitu, jatorrizko plana eroriko litzateke.

Los Combatientes-ekin eta Ramiro Ledesma falangistarekin lotutako pasarte bitxi bat duzu.

Bai, Los Combatientes lanean Ramiro Ledesmaren diskurtso baten zatiak sartu nituen, hitzez hitz idatziak, baina ez nuen egilea aipatu. Ez aipatzeagatik, ezkertiartzat jotzen diren zenbait egunkarik, aurpegia garbituta duen ezker horretakoak, 15M mugimenduaren diskurtsotzat hartu zuten testua. Algara izugarria eragin zidan horrek.

Zer erakusten du horrek?

Gure pentsamenduaren herentzia faxista ukatzen dugula. Goraipatzen diren ideia asko erradikalki berriak eta askatzaileak direla uste dugu; hain zuzen, herentzia faxista zapaltzen dugulako, zaborrontzia beteta dagoenean zapaltzen dugun modu berean: zabor gehiago sar dadin. Eta zabor hori da, besteak beste, ezker instituzionalaren diskurtsoa.

Emakume idazle gaztearen etiketa zama bat izan da zuretzat?

Bai, noski. Hori gurutzefika izugarria da: amesgaiztoa. Gero eta pisu gutxiago du niretzat, baina kolpeka kendu dudalako gainetik, noski. Hori ez diot inori opa.

Zer da etiketa horren okerrena?

Gaur egun oraindik okerrena zera da, zenbait gauzatan parte hartzeko gonbidapena jasotzea —antologietarako, hitzaldietarako, eztabaidetarako…— emakume izate hutsagatik, horren atzean arrazoirik izan gabe. Andreak garelako, horregatik bakarrik, elkarrekin jartzen gaituzte. Ezberdina da mistoak ez diren guneen alde egiten denean: hor badakigu beste modu batean lortuko ez litzatekeen segurtasuna bilatzen dela, konplizitatea. Baina ez da hori foro gehienetan gertatzen dena: adibidez, emakumezko idazleei emakumezko idazleen inguruan idazteko gonbita egiten zaie; gizonezko idazleek, berriz, nahi dutenari buruz idatz dezakete. Hori zabor hutsa da.

Nola ikusten duzu zure lanaren promozioa? arriskua ikusten duzu horrek zure irudiaren edo lanaren esplotazioa ekartzeko?

Zorionez, nire irudia noraino agertzea nahi dudan erabakitzeko gaitasuna dut. Beharrezkoa iruditzen zait kontrolatu ahal izatea zer forotan nahi dudan erakutsi neure burua, inork ni behartu gabe. Baina gune erosoak ere aurki ditzaket hor; ez dut nahitaez negatibotzat hartzen neure irudia eszenaratzea. Arreta edukitzeak balio dezake beste modu batera zabalduko ez liratekeen mezuak jaurtitzeko ere. Hor berriro gertatzen da jipoitutako txakurrarena: emakumeari erakutsi zaionez ez dela dotorea bere burua erakustea, zakarra dela, errudun edo fribolo sentitu behar dugu geure burua ikusgai jartzeagatik. Beraz, nik ez dut onartuko inork ni gaizki sentiarazi nahi izatea horregatik.

Testuinguruari helduta, itxialdi garaian izan den kultur sorkuntzaren boom hura kritikatu izan duzu. Zer, zehazki?

Esan izan dut gaizki egiten dugula idazten dugunarengatik ez kobratzen. Merkatuak pandemiari buruzko testuak nahi baditu, ordain ditzala! Bat-batean, kultura arloko langileek material baketsua eta baltsamikoa sortzeari ekiteko aldarri esplotatzaile eta erreakzionario bat piztu zen. Ezer sortzen ez bazenuen, ez zinen solidarioa. Eta gobernuari propaganda lan zikina egiten beste ezertan ez ziren ari. «Gera zaitez etxean; dena ondo joango da», eta antzeko zabor mezuak zabaltzeko, propaganda makineriarekin iristen ez ziren tokietan, hor zeuden artistak; gainera, pozik egin behar zuten hori, gizarte hobe bat lortzen laguntzen ari zirelako. Nire ustez, eragin hori izan du helburu baten alde dohainik lan egiteko deiak, argitaletxe, musika eta ikus-entzunezko talde handiek egindakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.