Katalunia. Hauteskundeak aurreratzeko akordioa

Bidean berriz, herren bada ere

CiUk eta ERCk elkar hartu dute prozesu subiranistari eusteko, baina beste alderdi independentisten artean errezeloa eragin du itunak.Urrats garrantzitsurik ez zehaztea leporatu die CUPek

Azaroaren 9rako ere antzeko zailtasunak izan zituzten Masek eta Junquerasek. ANDREU DALMAU / EFE.
Samara Velte.
2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Hauteskundeetarako eguna eta aurkezteko modua argituta, Kataluniako prozesu subiranistari beste aukera bat ematea adostu dute Artur Mas presidenteak eta Oriol Junqueras ERCko buruak; baita euren arteko harremanari ere. Elkar hartu dute, prozesuari eta gobernuari irailaren 27ko hauteskundeetara bitartean eusteko. Erakunde zibil independentistek onespena eman diote akordioari; ez hala mahaiaren laugarren hanka izan behar lukeen CUPek.

Zorrotz mintzatu da Quim Arrufat diputatua akordioaren biharamunean: «Atzo ez zuten independentziari buruzko inolako itun estrategikorik egin, gobernurako baizik». Masek behin eta berriz aipatutako bide-orri partekatutik ez ei dago ezer hitz eginda: «Ez zuten eztabaidatu nola emango dieten hauteskundeoi plebiszitu izaera, ez eta nola pilatu boto independentista gehien, edo nola azaldu guztia nazioarteari; hauteskundeen osteko urratsei buruz ere ez dute ezer esan. Elkarri trabarik ez egiteko akordioa baino ez dute egin».

ERCren eta CiUren arteko berradiskidetzea, edozein kasutan, «euren arteko arazoa» dela adierazi du Arrufatek, eta ez herrialdearena. «Agerian utzi dute haien kezka nagusia alderdien arteko botoen banaketa zela, oinarrian ez baitzegoen bide-orriari buruzko inolako akordiorik». Horrenbestez, CUPek ez du beretzako tokirik ikusi Masen eta Junquerasen bide berrian. Bozak udaberrian izango ez direla onartuta ere, orain arte prestatutako hautagaitza subiranistari eutsiko dio, eta maiatzeko udal hauteskundeetan ipini du lehenbiziko mugarria: haietan indarrak neurtzeko deia egin die ezkerreko independentistei. «Gero, lan egingo dugu iraileko hauteskundeak plebiszitario bihurtzeko, eta haietatik aldaketa konstituziogilerako bidea zabaltzeko».

CUPek ez ezik, erabakitzeko eskubidearen aldeko bandoan lerratu izan diren beste alderdiak ere kritiko agertu dira Mas eta Junquerasen arteko itunarekin. Presidentea aski ez estutzea leporatu dio ICVk ERCri, eta «gizarte gaietan porrot» egin duen gobernu bat babestuko duela ohartarazi dio. CDCren federaziokide den Uniok udarako utzi du independentziari buruz posizio hartzeko eztabaida; jakin badaki horrek arrakala zabalduko duela aliantzaren barruan, eta, horrela, udal hauteskundeak igaro arte iraun dezakete CiU markari kalterik egin gabe.

Zortzi hilabete luze

Espero baino herrenago abiatu da, beraz, hauteskunde ustez plebiszitarioetarako bidea. Ustez, Masek ez baitzuen hitz hori aipatu herenegungo iragarpenean; baina aurretik aditzera emana zuen hauteskundeak aurreratzekotan, independentziari buruzko erreferenduma ordezkatzeko izango zirela. «Gobernua aldatzeko baldin badira, agintaldia amaituko dut, eta dagokionean deituko dut bozetara», esan zuen azaroaren 9aren ostean, prozesu independentistaren hurrengo urratsak iragartzean.

Baina baldintzak dezente aldatu dira ordutik: Masek onartu du nor bere zerrendarekin aurkeztea, baina oraindik ez du zehaztu nola itzuli behar den hauteskundeen emaitza boto independentistetara. Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak baietz iradoki zuen atzo, irailaren 27a erreferendumaren ordezkoa izango dela: «Katalanek independentziari buruz bozkatu ahal izateko ipini dugu data».

Junquerasek bozen osteko paisaia irudikatu du dagoeneko: alderdi subiranistek irabazten badute, independentzia adierazpena egin behar litzatekeela defendatu du, 2016rako modu subiranoan jarduteko. Onartu du, dena den, «nahi baino luzeagoa» izango dela horrainoko ibilbidea. Zortzi hilabete dituzte bozetarako, oraingoz hauteskunde programarako proposamen zehatz handirik ez plazaratuta, eta bidean trabatzeko aukera ugari. Maiatzeko udal hauteskundeek ezinbestean eragingo diote alderdien arteko harremanari: alde batetik, udal mailako akordioek kritikak eta susmo txarrak piztu ditzaketelako, eta bestetik, alderdi bakoitzaren babesa neurtzeko balioko dutelako; inkestek lehenago ere kikildu izan dute CiUren barruko bat baino gehiago.

Tarte horretan guztian, ERCk egonkortasuna bermatuko dio CiUri, Generalitateko aurrekontuetatik hasita. Gobernuan sartzeko prest ere agertu da, baina oraingoz bietariko inork ez du horretarako asmo argiegirik erakutsi. «Irailera iritsiko den gobernua gaurkoaren antzekoa izango da», esan zuen atzo Masek: «Baina ez nioke atea itxiko [ERCri]».

Prozesuaren sostengu nagusi izan diren erakunde zibil independentistak ere ezinbestean zeharkatu ditu ERCren eta CiUren arteko liskarrak. ANC Biltzar Nazional Katalana barne hauteskundeak egitekoa da udaberrian, eta Carme Forcadellek ezin du, printzipioz, presidente karguan jarraitu. Kataluniako telebista publikoari egindako adierazpenetan, aitortu du nahiago zukeela hauteskundeak martxorako deitu izan balituzte, baina ontzat jo du, dena den, bi alderdi nagusien arteko ituna: «Azaroaren 9koa ere ez zen guk nahi genuen data, ezta galdera ere, baina arrakastatsua izan zen». Orain, behintzat, «batasuna, konfiantza eta konpromisoa» berregin dituztela nabarmendu du: «Garaia da guztiok berriz alaitu eta independentziaren aldeko gehiengoa zabaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.