Euskal presoak. Lourdes Arronategi. Bi euskal presoren ama

«Ibon atxilotu zutenetik etxeko txirrina entzuten dut gauero»

Ibon eta Eneko Goieaskoetxea semeak kartzelan ditu Arronategik. Bat, Espainian, eta bestea, Frantzian. Espetxea presente izan du beti; aitarekin lehen, eta semeekin orain.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Busturia - Bizkaiko Hitza
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Emakume indartsua da Lourdes Arronategi (Busturia, Bizkaia, 1938). Asko bizitakoa, eta bizimodu gogorrak zaildutakoa. Espetxea betidanik egon da presente haren bizitzan, eta ohitua dago etxekoak kartzelaren hoztasunean ikusten. Preso dituen bi semeak bizitzen ari direna izendatzeko arazorik ez du, halere: «Oso gogorra da». Bost semeetatik Ibon eta Eneko ditu kartzelan. Frantzian bat, Espainian bestea. Biak, muturreko egoeran. Eta, azaleratzen ez duen arren, nabari zaio kezka.

Frantziako Valence kartzelan dute preso Ibon Goieaskoetxea Arronategi, ekainetik. «Hemendik [Busturia] ia mila kilometrora, eta 11 ordu eta erdi edo hamabi orduko bidaia da. Eta han, Ibon, une oro giltzaz itxita dago». Hala ere, amarentzat gogorrena ez da bidaia egin behar izatea, semeak han duen egoera baizik. «Urrun dagoela problema da, bai, baina benetan problema da espetxe berria dela, esperimentala, oso gogorra, eta estreinatu dutela bi euskaldun eramateko». Bi bizkaitar dituzte han: Ibon Beaskoetxea eta Alex Zobaran.

Urtarrilean zabaldu zuten Valenceko kartzela. Esperimental gisa izendatua dute. Presoekin «esperimentuak» egitekoa da. «Beldurra ematen du pentsatzeak bakarrik». Arronategik ez du asmatzen esperimentaltasun hori zer den hitzez azaltzen. «Presoen bizitzarekin esperimentatzeko kartzela berria da Valence, eta hara eraman dituzte Ibon eta Aletxu. Horrexek egiten du minik handiena».

Horrek protestara eraman ditu Goieaskoetxea eta Zobaran. Egoera aldarazi nahian, «presio egiteko». Presoentzat bereziki gogorrak diren neurriak hartu dituzte bi bizkaitarrek. «Zigor ziegan sartu dira euren borondatez», kontatu du Goieaskoetxearen amak.«Komunikazio greba» ere hasi dute. «Bisitak eten dituzte». Abuztuaren 8tik daude hala, zigor ziega banatan, bakartuta, eta giltzaz itxita. Eguneko 23 ordu ziegan egiten dituzte. Ezer edukitzeko aukerarik ez duten ziega txikietan. Ez dute inor ikusten, eta egunean ordubete ateratzen dira patio txiki batera.

Arronategik azaldu du semeak ez duela aukerarik ziegan ezer edukitzeko. «Ezin du libururik eduki, adibidez, eta arroparik ere ez. Abuztuaren 8an jantzia zuen arropa berarekin jarraitzen du». Ez du besterik. «Ez dakit gauean garbituko duen edo», dio. «Tira, oraindik ez du hotzik egiten eta...». Mila kilometroko bidaia egin, eta arropa sartzen saiatzekotan da familia.

Hala ere, baikortasuna lehenesten du amak. «Artista da! Margorik ez du, baina kafearen hautsarekin oso marrazki ederra egin duela esan dit errainak». Kafea eta hortzetako eskuilarekin egindako irudia bidali berri dio postaz. Eta semea «gogorra» dela errepikatzen du. «Ondo, gogor» egongo dela pentsatzen duela. Baina, jakin, ezin du jakin. Izan ere, zigor ziegan egonik, apenas duen telefono deirik. Ez du bisitarik, eta dei bakarra egin dezake astean. Alaba azken hamar egunotan ospitaleratua duela ere zenbait egunen ondoren jakin du. «Astebetera edo hitz egin ahal izan du alabarekin, eta lasaiago geratu da».

Eneko semea bizitzen ari den egoera ere luze doa. Madrilgo Alcala-Meco espetxean dute, eta urtebete baino gehiago darama bakartuta. Anaiak bezala, ziega batean itxita ematen du ia-ia egun osoa: 22 ordu. Goizean ordubete atera daiteke patiora, eta, arratsaldean, beste ordubete. Egun osoan ez du inor ikusten. Urtebete baino gehiago darama horrela. «Urte bat denbora asko da. Asko bakar-bakarrik egoteko», dio amak. «Egunero, egun bat bestearen atzetik...».

Egoerari garrantzia kenduz

Enekok badu liburuak izateko aukera, eta horretan ematen du denbora. Eta xakean. «Beste preso batek han utzi zuen xake taula bat du, eta bere buruaren kontra jokatzen du xakean. Besterik, ezer ere ez. Hantxe, egonean», kontatu du. «Telefonoz deitzen duenean, nik esaten diot: 'Zer moduz, Enekotxu laztana?'. Eta berak: 'Hemen... bakar-bakarrik...'. Nik esaten diot: 'Begira Arantza Zulueta. Begira zenbat denbora dagoen horrela, bakar-bakarrik. Beraz, ez kexatu'». «Zer esango diozu, ba...», argudiatu du. Horixe da amak semeari indarrak bidaltzeko duen modua: larritasunari garrantzia kentzea. Baina aitortu du Enekoren egoerak kezkatzen duela. «Goxoa da bera oso, sentimentala, eta bakarrik, bakartuta hainbeste denbora egoteak kezkatu egiten nau, bai».

Hala ere, kezkei neurria hartua diola dirudien emakume gogorra da Arronategi. Naturaltasunez dio oso gertuko senide asko espetxean dituela. «Beti» izan dela horrela. «Jaio naizenetik», dio. «Oso familia abertzalea izan dut. Etxean beti ikusi izan dudana da».

Aita, gerra garaian preso

Arronategiren gurasoei erreparatu besterik ez dago. 1936ko gerra erdian sortu zen Ertzañaren lehen kideetakoa izan zuen aita. «Gernikan egiten zuen lan, Banco Vizcayan. Muruetan, baserrian bizi zenez, lanera joateko zerbait behar zuen. Motor bat erosi zuen. Baina gerraren kontura nazionalak motorrak kentzen ari zirela esan zioten, eta euskal gobernuari entregatu zion. Jaurlaritzak gerrari aurre egiteko ertzain sartzeko eskatu, eta bere motorrarekin aritu zen orduz geroztik. Ama, osaba eta familia Gueñesko etxe batera joan ziren, ihesi. «Aita noizean behin Gueñesera joaten zen ama bisitatzera, eta ama haurdun geratu zen».

Busturiko etxean jaio zen Arronategi, familia hara itzuli baitzen. Alaba bakarra izan zen. Gurasoek ezin izan zuten seme-alaba gehiagorik izan. «Nazionalak sartu zirenean, haurrak Frantziara barkuan eramatera joan zen aita. Han harrapatu zuten alemanek, eta kontzentrazio esparru batera eraman zuten. Sendategi bat zuen esparru horrek, eta han egon ziren preso guztiak tuberkulosiarekin hil ziren».

Arronategiren aitak, ordea, ihes egin zuen. Landetara joan, eta hango etxe aberats batean aritu zen lanean administratzaile. «Baina aita gaixorik zegoen tuberkulosiarekin, eta han hil zen, Landetan». Lurperatu ere, aitak aterpe izan zuen etxekoen panteoi handian lurperatu zuten.

Familiaren istorio asko ditu kontatzeko Arronategik. Harro plazaratzen ditu, bizipenen gogortasunak bizi ikuspegia baldintzatu diola jakinda. Baina horrek ez du esan nahi sufritzen ez duenik edo amesgaiztorik izan ez duenik: «Duela zazpi urte Ibon atxilotu zutenetik, etxeko txirrina entzuten dut gauero. Bazetorrela pentsatuz edo entzuten nuen atea, eta oraindik entzuten dut. Txirrinaren hotsarekin itzartzen naiz goizaldeko laurak aldera». Garrantzia kentzen dio, ordea, bai lehen, bai orain bizitako laztasunari: «Gogorra da orain bizitzen ari garena, baina are gogorragoa izaten da antzekorik inoiz bizi izan ez dutenentzat. Guk badakigu zer den hau...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.