Urkulluk autogobernua «eguneratzeko» ituna eskatuko du ostiralean

Lehendakariak aldebiko ituna aldarrikatuko du politika orokorreko eztabaidan. Iraganari buruzko «gogoeta kritikoa» galdegingo du. EH Bilduk Urkulluri eskatu dio «Madrilera begiratzeari» uzteko

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Etzi abiatuko du Eusko Legebiltzarrak XI. legealdiko azken urte politikoa, politika orokorreko osoko bilkurarekin. Espainiako blokeo politikoak eta hauteskunde berri posibleek baldintzatuta egingo da eztabaida, eta arreta berezia jarriko zaio Iñigo Urkullu lehendakariak emango duen hitzaldiari. Lehendakariak bere agintaldian martxan jarritako ekinbideen bilduma egingo du, eta berriak iragarriko ditu.

Eusko Jaurlaritzak atzo bidali zizkion legebiltzarrari Urkulluk eskainiko duen hitzaldiaren gidalerro nagusiak. Laburpenak jasotzen duenez, Gernikako Estatutua betetzeko eta hura «eguneratzeko eta birformulatzeko» ituna eskatuko ditu lehendakariak. Madrilekin akordioa lortzea da Urkulluk askotan defendatu duen bide orria, eta ideia bera azpimarratuko du etziko eztabaidan. Adostutako itunak «elkar aitortzan» eta «aldebikotasunean» oinarrituta egotea eskatuko du atzera.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berriaren testu artikulatua idazten ari da legebiltzarrak izendatutako aditu taldea, eta azarorako espero da txostena prest egotea. Urkulluk gogoan izango du bost adituek eskuartean duten egitekoa, eta adieraziko du helburua izan behar duela «barne akordioa zabaltzeak» eta autogobernua «eguneratzeak eta sakontzeak».

Estatutu berri bat lortzea izango da Jaurlaritzaren helburuetako bat, baina ez bakarra. Bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan, «iraganari buruzko hausnarketa kritiko globala» sustatzen jarraitu nahi du Urkulluk, «ETAren indarkeria esplizituki barne hartuta, eta, lehenbiziko aldiz, indar politiko guztiek partekatzeko modukoa». Halaber, memoriaren eta biktimen aitorpenaren inguruan «partaidetza espazioak» handitu nahi dituela jakinaraziko du.

Jaurlaritzak 2030. urtean jarriak ditu begiak, eta ordurako martxan nahi ditu «eraldaketa teknologiko-digitala», «energetiko-ekologikoa» eta «demografikoa». Hiru helburu horiek lortzeko politikak xehatuko ditu lehendakariak legebiltzarreko eztabaidan. Gainera, lehentasunen artean jarriko du legealdia amaitu baino lehen emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko lege proiektua lantzea, eta hezkuntzari buruzko lege aurreproiektua onartzea.

Ostiraleko bilkuran lehendakariari erantzuteko aukera izango dute taldeek, arratsaldeko saioan. Oposizioa oso kritiko agertuko da Jaurlaritzaren kudeaketarekin. EH Bilduk, esaterako, Urkulluri eskatuko dio «Madrilera begiratzeari uzteko», eta euskal herritarren arazoei konponbideak bilatzen hasteko, EAE atera dadin bizi duen «geldiunetik». Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak atzo ohartarazi zuen Espainiako ezegonkortasun politikoa «kronikoa» bilakatu dela, eta Urkulluren erruz giro horretaz kutsatzeko «arriskua» dagoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere.

EH Bilduren eskaerak

Bestetik, bi eskaera luzatu zizkion Iriartek Urkulluri. Batetik, estatus politikoari buruz EAJk EH Bildurekin lortutako akordioa errespetatzeko, eta, bestetik, 2020ko aurrekontuak EH Bildurekin adosteko. Aurrekontuei dagokienez, Iriartek ohartarazi zuen «ezbeharra» litzatekeela Eusko Jaurlaritzak PPrekin egitea aurrekontuetarako akordioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.