Koronabirusa

Beste 23 ospitaleratze: maiatzaren 14tik zenbatu den kopuru handiena

Kasu positiboen beherakada izan da Hego Euskal Herrian. Txibitek ez du neurri orokorrik ezarriko
Maria Txibite, Santos Indurain eta Enrique Maia, prentsa agerraldian, atzo eginiko bileraren ostean.
Maria Txibite, Santos Indurain eta Enrique Maia, prentsa agerraldian, atzo eginiko bileraren ostean. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Esteban Ezkati -

2020ko abuztuak 12

Positiboen beherakada izan da azken orduetan Hego Euskal Herrian: 324 kasu atzeman dituzte guztira, atzo baino 175 gutxiago. Azken zenbaketek, ordea, kopuru kezkagarri bat utzi dute: maiatzaren 14tik, pertsona gehien ospitaleratu dituzten eguna izan da. 23 gaixo gehiago sartu dira erietxeetan COVID-19 gaitzaren ondorioz, horietako zortzi ZIU zaintza intentsiboetako unitateetan. Oraintxe, 161 eri positibo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan; horietako hamalau ZIUetan, eta beste sei etxean ospitaleraturik. Atzo, 142 ziren ospitaleetan birusarengatik zeuden gaixoak.

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak atzo adierazi zuen ospitaleratze kopurua handitzea kezkagarria dela «beti»; horrek adierazten baitu kasuak «larriagoak» direla. Kontseilariaren esanetan, ospitaleratzeen ugaritzea lotuta dago kutsatutakoen adina igo izanarekin. Azken orduetan atzeman diren kasuen artean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ia %20 izan dira 60 urtetik gorakoak; eta Nafarroan, %27. Halaber, Nafarroako osasun sistemaren «fidagarritasuna» nabarmendu zuen kontseilariak. Beste datu bat ere utzi dute azken zenbaketek: 82 urteko gizon bat hil da birusaren ondorioz Tuterako osasun eremuan. Osasun eremu horretan detektatu dituzte, hain zuzen ere, azken orduetako kasuen %29.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Indurain kontseilaria alkateekin bildu ziren atzo Iruñean, COVID-19ak inguru horretan izan duen eragina aztertzeko. Nafarroan, 59 kasuren berri eman dute azken orduetan. Atzoko kasuekin alderatuta, beherakada nabarmena izan da: 146 positibo izan ziren aurreko egunean. Kontseilariak bileraren ostean adierazi zuen «berri hobeak» zirela azken datuak, baina ohartarazi zuen bilakaera gorabeheratsua izango dela, eta «zerra hortzak» egongo direla: «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa».

Koronabirus kasuen beherakada orokorra izan da, herrialde guztietan jaitsi baitira kutsatzeak. Nafarroako kasua da nabarmenena, baina gainerako herrialdeetan ere apalagoak izan dira datuak: Bizkaian, 180 kasuren berri eman dute, atzo baino 31 gutxiago; Araban, 44 kasu izan dira, 31 gutxiago; eta Gipuzkoan, 35, 29 gutxiago. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du erkidegotik kanpo bizi diren sei pertsonak ere positibo eman dutela.

Basurtuko ospitaleko mikrobiologiako zerbitzuak 915 PCR datu aztertu ditu guztira egunotan, eta 81 positibo detektatu dituzte. Galdakaoko (Bizkaia) Muguru tabernako agerraldiarekin lotuta sei positibo daude guztira, eta Gasteizko Xixilu tabernarekin lotuta 21. Bestalde, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) iragan astean positibo eman zuten klausura komentu bateko zortzi mojak, eta 81 test egin zituzten astelehenean agerraldiarekin lotuta. Emaitza guztiak negatibo izan dira, baina Jaurlaritzak jakinarazi du hasieran negatibo eman zuen pertsona batek sintomak dituela.

Neurriak udalen esku

Maria Txibitek ere hitz egin zuen atzo alkateekin bildu ostean, eta adierazi zuen gobernuak ez duela neurri zorrotzagorik ezarriko, oraingoz; baina argitu zuen horretarako garaia iritsiz gero ezarriko dituela. Halere, zehaztu zuen neurriak udalerrien egoeraren arabera egokituko dituztela: «Mahai gainean jartzen ditugun neurriak ikuspuntu epidemiologikotik aztertu eta arrazoitu behar dira». Nafarroa osoari eragiten dioten neurri orokorren aurka azaldu zen presidentea, epaileek bertan behera utz ditzaketelako.

Txibitek eskua luzatu zien bileran alkateei, eta adierazi zuen «legearen babesa» dutela udalek neurriak ezartzeko. Erabakiak hartzeko beldurrik ez izateko eskatu zien alkateei: «Gobernuak berak baino neurri murriztaileagoak har ditzakezue». Enrique Maia Iruñeko alkateak eskertu egin zuen gobernuak udalekin duen zuzeneko harremana, eta bilera «emankorra» izan zela adierazi zuen: «Udal guztiek ez dituzte baliabide berak arauak ezartzeko. Horregatik, eskatu dugu elkarlanean aritzea, konponbide bateratuak lortzeko».

Osasun Sailak beste bi erabakiren berri ere eman zuen bileran. COVID-19aren proban positibo eman duten pertsonen hurbileko kontaktuek hamar eguneko bakartze aldia egin beharko dute aurrerantzean, hamalaukoa izan beharrean. Betiere, berrogeialdia amaitzean eginiko testa negatiboa bada. Bestalde, gobernua aplikazio bat prestatzen ari da kontaktuen jarraipena egin ahal izateko. Abuztu amaierarako edo irail hasierarako aplikazioa martxan jartzea da asmoa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen agerraldia, gaur. ©BERRIA

Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek

Gotzon Hermosilla

Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.

Osasungintzako sindikatuen protestak. ©Gorka Rubio/FOKU

«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu diote sindikatuek Osakidetzari

Maria Ortega Zubiate

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun sistemaren egoera hobetzeko neurriak hartu ditzala eskatu diete Osakidetzari. Adierazi dute neurriak hartu ezean mobilizazioekin jarraituko dutela.

Hainbat ikasle, ikasgeletara sartzeko zain, Bilbon. ©Luis Jauregialtzo / Foku

32 ikasgela itxi dituzte egun bakarrean Hego Euskal Herrian

Mikel O. Iribar

Ikasturtea hasi zenetik, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Guztira 231 ikastetxetan izan dira itxiera horiek.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 826 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 421 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 497 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna