Euskararen Nazioarteko Eguna. Adierazpenak

Euskararen eguna: Txibiteren agendan ageri ez den ospakizuna

Euskararen Nazioarteko Eguna «ospatzera» deitu du Ana Ollo kontseilariak (Geroa Bai), baina gobernuak ez du ekitaldi ofizialik prestatu

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten atzo NUPeko Euskara Taldeko kideek. NUP-EKO EUSKARA TALDEA.
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak apenas egin dion keinurik Euskararen Nazioarteko Egunari. Abenduaren 3a, ofizialki, Nafarroaren Eguna da Maria Txibiteren gobernuarentzat, eta ez besterik. Hala uler daiteke gaurko antolatu duten egitarauari eta lehendakariaren beraren adierazpen instituzionalari erreparatuta. Aipamenik txikiena ere ez zaio egiten euskarari. Ez da kontu berria: UPNren garaian ere, Nafarroako Gobernuak ez ikusi egiten zion euskarari, Nafarroaren Egunaren aitzakiarekin antolatutako ekitaldietan. 2015ean aldatu zen egoera, lauko gobernua agintera iritsita: urte hartan, Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetara batu zen Uxue Barkosen gobernua lehen aldiz, era ofizialean.

PSNk ez dio segida eman joera aldaketa horri, eta, ofizialki, euskararen egunarekin bat egiten duen arren, ez du ekitaldi berezirik antolatu, ezta adierazpen instituzionalik egin ere. Salbuespen bakarra dago gobernu barruan: Herritarrekiko Harremanetako Departamentua. Hizkuntza politikaz arduratzen den sail horren barruan, Euskarabidea institutuak Gora gora fest haurrentzako kultur emanaldi sorta antolatu zuen zenbait udalerritan. Azaroaren 5ean hasi zen, eta datorren astean amaituko da.

Gainera, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok (Geroa Bai) bideo labur bat grabatu du, eta sarean zabaldu, bere izenean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzera deitzeko: «Euskara herritarren bizikidetzarako eta kohesio sozialerako faktore bat da», nabarmendu du kontseilariak: «Nafarroako lau gaztetatik batek euskara maila ona du; gero eta ugariagoak dira esparru guztietan euskaraz aritu ohi diren gizarte erreferenteak; euskararen aldeko ekimen soziala bizirik dago; hedabideak kalitatezkoak dira eta errotuta daude gizartean, eta toki entitateek urrats handiak egin dituzte udalerrietan ere euskara sustatzeko».

Ospakizunarena bainoago, aldarrikapen kutsua izan dute NUPeko eta EHUko ikasle taldeek A-3aren karietara antolatutako ekitaldiek. Atzo, protestak eta elkarretaratzeak egin zituzten EHUko Ibaetako eta Gasteizko campusetan, eta baita NUPeko Arrosadiko campusean ere, Unibertsitateak euskaraz orain lelopean.

Adierazpen politikoak

Alderdi politikoen artean, EAJk eta Sortuk adierazpen bana egin dute Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. «Euskarak egiten gaitu herri. Eta euskara gizarteko ahalik eta eremurik gehienetan, guztietan ahal bada, erabili behar da, hizkuntza gisa biziko bada», adierazi du EAJk ohar batean. Euskara «gizarteko eremu guztietara zabaltzeko» eskatu dio alderdi horrek gizarteari: «Euskararen erabilera ezin da eremu jakin batekin lotuta egon [...]. Euskal gizarteari dei egin nahi diogu, euskara euskal hiritarren artean nagusia izan dadin».

Sortuk, berriz, «kezkaz» erreparatu dio hizkuntzaren egungo egoerari, «azken hilabeteetan euskararen kontra areagotu den ofentsiba juridiko-politikoa» dela eta. «Ezin dugu esan euskarak etorkizuna bermatua duenik, ezta baldintza egokieneko lurraldeetan ere», azaldu du alderdiak. Hori aldatzeko, premiazkotzat jo dute «fase berri bat irekitzea», eredutzat hartuta Nafarroan martxan jarritako Hordago plataforma eta Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduaren alde ardaztutako mugimendua. Euskarak «independentzia» behar duela aldarrikatu dute azkenik: «Neoliberalismoak ekoitzi duen mundu global eta homogeneizatzailean hizkuntza minorizatuek estatu tresnak inoiz baino beharrezkoagoak izango dituzte aurrera egin nahi badute».

Erakundeek zenbait ekitaldi antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen ekitaldi bat eginen du EITBren Bilboko egoitzan. Donostiako Udalak ere ekitaldi berezi bat eginen du, 11:00etan, udalbatza aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.