Irun, tokiko salbuespena edo «aukera»

Irungo PSEk akordioak egin ditu Elkarrekin Podemosekin eta EH Bildurekin. Alderdiak ez datoz bat itun horien inguruko balorazioetan

Irungo PSEko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, akordioa sinatzeko ekitaldian, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Irungo (Gipuzkoa) alkate sozialista Jose Antonio Santanok aurkeztu du EP Elkarrekin Podemosekin izenpetu duten akordioa: horren arabera, EPko zinegotziek bide emango diote aurrekontuen egitasmoari 84 milioi eurokoa izango da— eta aurrekontuak datorren asteko osoko bilkuran onartuko dituzte. Halaber, Santanok iragarri du beste akordio bat ere lortu dutela EH Bildurekin, «desberdina, baina osagarria», eta hori laster aurkeztuko dutela.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio gehienetan, PSE-EE eta EAJ lehentasunezko bazkide dira, eta elkarrekin ari dira lanean Eusko Jaurlaritzan, aldundietan eta udal nagusietan. Baina Irunen akordio horrek beti izan ditu zailtasunak, EAJren eta PSE-EEren tokiko udal taldeen arteko harreman gaiztotuaren ondorioz. Orain, Irungo PSE-EEk bazkideak akordio horretatik kanpo bilatu izanak eztabaida piztu du eragile politikoen artean: alegia, Irungoa salbuespen hutsa den, edo aliantzen egungo eskema etorkizunean alda daitekeelaerakusten ote duen.

Santanok berak argi utzi nahi izan du akordioa «tokikoa» dela, eta «Irun gogoan edukita» izenpetu dutela. «Politikan askotan aipatzen den zerbait gauzatu nahi izan dugu; hau da, elkarrizketa», azaldu du: «Elkarrizketa desberdinak direnekin, baina gure moduan balio eta helburu batzuk dituztenekin eta indar aurrerakoien multzoan daudenekin». Erantsi du orain aurrekontuei aldaketak proposatzeko garaia dela, eta espero duela aldaketen bide horretan EAJrekin ere ados jartzeko aukera izatea.

Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak esan du akordioak «ohikoak ez diren egoera batzuen ondorioz» iritsi direla, adibidez Santanoren eta EAJren alkatetzarako hautagai Xabier Iridoiren arteko «afera pertsonalak», eta ez dagoela arriskurik akordioen dinamika hori beste instituzio batzuetara zabaltzeko. Erkorekaren ustez, EAJren eta PSE-EEren arteko adostasuna da «Euskadiko egoera instituzionalean aliantzen politika zedarrituko duen oinarrizko planteamendua» eta «joera nagusia». «Bestea tokian tokiko kontua da, salbuespena, eta ez dago orokortzeko arriskurik».

Aitzitik, haserre agertu da EAJko Gipuzko Buru Batzarra. Ohar batean, ohartarazi du Santanok eta PSE-EEk «aldebakartasunez» hautsi dutela EAJrekiko akordioa: «Agerian geratu da ez Santanok ez PSEk ez dutela akordiorik nahi EAJrekin Irunen; ez orain; ez lehen».

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak normaltzat jo du Irunen gertatutakoa, eta nabarmendu du PSE eta EAJ elkarrekin aritzen diren beste erakunde batzuetan ere akordioak zabaltzen ahalegintzen direla: «Iaz, esaterako, Eusko Jaurlaritza lanean aritu zen EH Bildurekin akordio bat izenpetzeko aurrekontuen inguruan, eta azkenean ez zen posible izan, baina asko aurreratu zen». Hortaz, Mendiaren iritziz, Irunen gertatutakoa «beste hainbat udalerritan» egiten ari direna baino ez da: «Garrantzitsuena da udalek jarrai dezaten aurrera egiten; ahal dela, aurrekontuekin».

Martinez: «Interesgarria da»

Elkarrekin Podemosek ez ditu gauzak berdin ikusten, eta uste dute Gipuzkoako bigarren udalerrian gertatutakoa «interesgarria» dela,agerian uzten duelako «posible» dela beste gehiengo politiko batzuk sortzea EAJ-PSE ardatzetik kanpo. Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek esan du Irungoa «esperientzia interesgarria» dela: «Ikusiko dugu hiru indarren arteko elkarlana nola garatzen den, baina horrek erakusten du zenbait udaletan akordioak lor daitezkeela ezkerreko gehiengoa eratu eta ezkerreko politikak egiteko». Elkarrekin Podemoseko Irungo zinegotzi David Sotok ere esan du akordioak «aukera» zabaltzen duela «hiri honetan ziklo berria irekitzeko, ezaugarri ezkertiar eta aurrerakoiekin».

Sotok aitortu du hitzarmena «tokikoa» dela, baina, haren ustez, «esanguratsua den irudi bat erakusten du, agerian uzten baitu badaudela aukerak ezkerreko gehiengoak sortzeko, eta lehenengo aldiz aukera horiek gauzatzen direla Irunen gisako udalerri handi batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.