Koronabirusa

Larrialdi egoera luzatuko dute Hegoaldean, seigarren aldiz

Espainiako Kongresuak baiezkoa eman dio ekainaren 21 arte luzatzeari. Hirugarren fasea autonomia erkidegoek arautuko dute

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Madrilgo kongresuan, atzoko saioan. KIKO HUESCA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriak alarma egoeran jarraituko du ekainaren 21era arte gutxienez. Printzipioz, neurri horren seigarren eta azken luzapena onartu zuen atzo Espainiako Kongresuak, PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta Ciudadanosen babesarekin —EH Bildu abstenitu egin zen—.

Minutu bateko isilunearekin hasi zen Espainiako Gobernuak alarma egoeraren luzapena eskatzeko egin zuen osoko bilkura. Espainian hildako bakarra baieztatu dute azken hiru egunetan, eta Pedro Sanchez presidenteak adierazi zuenez, «okerrena igaro da». Normaltasunera itzultzeko prozesua ontzat jo zuen, eta, azaldu zuenez, «oraingoz ez du izan eragin negatiborik pandemiaren bilakabidean».

Hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoek fase horretan ezarri beharreko neurriak ezartzeko askatasuna izango dutela iragarri zuen: «Hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori». Erkidegoek neurriak «erabakitzeko eskumen osoa» izango dute, erkidego batetik bestera mugitzeko askatasuna arautzekoa izan ezik.

Gainera, iragarri zuen gobernuak lege bat onartuko duela datorren asteartean, txerto bat aurkitu bitartean indarrean egongo dena; bertan bilduko dituzte aurrerantzean «normaltasun berrian» badaezpada hartu beharreko neurri guztiak.

Ondo bidean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa datorren astelehenean sartuko dira fase horretan. Ez hori bakarrik; hirugarren fasetik «normaltasun berrira» noiz igaro Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabakiko dute, ez Madrilek.

Eztabaida

Alarma egoera luzatzeari buruzko eztabaida baino gehiago, Espainiako alderdi nagusien arteko eztabaida politikoa izan zen atzoko saioko protagonista. Sanchezek, saioaren lehen zatian, esan zuen inork ez duela eskubiderik Espainiako bandera besteen aurka erabiltzeko: «Guztiok ordezkatzen gaituelako». Martxoaren 8ko mobilizazioen alde ere jardun zuen, oposizioko alderdi batzuk egun hartako manifestazioak baimendu izana kritikatu baitzuten.

Jarraian, hitza hartu zuten PPko Pablo Casadok eta Voxeko Santiago Abascalek, ordea, ez zioten jaramonik egin batasunerako dei horri. Biek «Espainiaren etsaiekin» akordioak egitea egotzi zioten, eta etengabeak izan ziren alderdi independentistei buruzko aipamenak. Casadoren arabera, Sanchez «ultraezkerrari, independentistei eta batasunoei esker» dago gobernuan. Abascalen iritziz, berriz, «ETA, EAJ eta ERC» dira etsai horiek, eta, Espainiako banderari dagokionez, presidenteari esan zion nahikoa litzakeela «bere konplizeei» exijituko balie hura ez erretzeko eta eraikin ofizialetatik ez kentzeko.

Gobernantza partekatua

Zentroko jarrera hartzen saiatu zena Ciudadanoseko Edmundo Val izan zen, alarma egoera luzatzea babestu zutenetako bat. Sanchezi argi utzi zion ez zaiola «batere gustatzen bere gobernua», baina «ardura bat» dela baiezkoa bozkatzea, eta PP gobernuan bazegoen ere baiezkoa bozkatuko zuela.

EAJk «etengabeko eztabaida» hori kritikatu zuen; Aitor Estebanen iritziz, gobernuaren aurka jardutea «ez da egokiena gaur egungo egoeran». Pozik agertu zen pandemiaren bilakabideagatik, baita Espainiako Gobernuarekin lortu duten akordioagatik ere: «Ikusi dugu pandemiaren garapena ezberdina izan dela leku bakoitzean, eta horregatik uste dugu egokia dela autonomia erkidego bakoitzak alarma egoera nahi modura moldatzea».

EH Bilduko Mertxe Aizpuruak ere gobernantza partekatuaren alde jardun zuen, eta konpetentziak errespetatzeko eskatu zion gobernuari. Jarraian, «langile klasearen aldeko neurriak» indartzen jarraitzeko eskatu zion Sanchezi: «Ez duzue dena gaizki egin;, norabidea egokia da, baina ez nahikoa: aberatsek eta kapitalak ordain dezatela krisia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.