Koronabirusa

Azken negoziazioak erregulazioak beste hiru hilabetez luzatzeko

Espainiako Gobernua amore ematen ari da, bihar proposamen adostu bat onartu ahal izateko

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, atzo, Kongresuan. J.J.GUILLEN / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Uste baino izerdi gehiago botatzen ari da Espainiako Gobernua ABEE aldi baterako enplegu erregulazioak hiru hilabetez luzatzeko. Erabakia bere kabuz egiteko gaitasuna duen arren, lege dekretu baten bidez, elkarrizketa sozialaren garaipen gisa aurkeztu nahi du neurria, baina aste batzuk daramatza katramilatuta negoziazioetan CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin. Bere eskaintza hobetu behar izan zuen atzoko bileran, baina horrela ere kostatzen ari zitzaion patronalaren oniritzia lortzea. Azken proposamenak aztertzen ari ziren atzo arratsaldean eta gaur goizerako jarri dute beste saio bat, azkena, baldin eta Espainiako Gobernuak luzapena aste honetan onartu nahi badu.

Egun batzuk badira akordioa «gertu» dagoela esaten ari direla gobernuko eta sindikatuetako ordezkariak. Isilago dabiltza enpresaburuak, eta aukera baliatzenari dira enpresentzat onuragarriak diren neurriak lortzeko. Hitz bitan, erregulazioen kostua txikitzen ari dira enpresentzat eta handitu, berriz, estatuarentzat. 3.000 milioi euro bideratu ditu Madrilek ABEEtan dauden langileen langabezia sariak eta Gizarte Segurantzaren kotizazioak ordaintzera.

Ildo horretatik doa Lan Ministerioak aurkeztutako azken proposamena. Ezinbesteko arrazoiek eragindako erregulazioak bertan behera utzi nahi zituen, eta arrazoi ekonomikoengatiko erregulazioak baizik ez zituen utzi nahi—baldintza gogorragoak dituzte, esaterako, enpresek bere gain hartu behar dituztela langileen gizarte kotizazioak—. Azkenean, ordea, ontzat hartu du sindikatuen eta enpresaburuen argudioa ezinbesteko ABEEei eusteko: jarduera ekonomikoek ia muga ofizialik ez duten arren, eskaria ez da berreskuratu eta osasun neurri zorrotzagoek trabak jartzen dizkiete hainbat negoziori.

Gaur egun ezinbesteko arrazoiengatik erregulazioa onartuta duten enpresek egoera horretan jarraitu ahal izango dute beste hiru hilabetez. Uztailaren 1etik aurrera eskatzen dutenek, berriz, arrazoi objektiboengatik egiten dutela arrazoitu behar dute, ekoizpena txikitu behar dutelako. Berritasuna da azken ABEE objektiboek ere izango dituztela orain arte bereziek zuten ezaugarri bat: estatuak bere gain hartzea langileen kotizazioak.

Hori bai, erregulazio batzuketa besteak onartu dituzten enpresek kotizazioaren zati bat beren gain hartu beharko dituzte. Azken hiru hilabeteetan, erregulazioan zeuden 50 langiletik beherako enpresek ez dute kotizaziorik ordaindu behar izan, eta %25 baizik ez enpresa handiek. Jakinarazitako azken proposamenak, berriz, diote 50 langiletik gorako enpresek kotizazioaren %70 pagatu beharko dutela lanera itzuli diren langileen kasuan, eta %55, berriz, itzuli ez direnena. Txikiek, berriz, %60 eta %35 ordaindu beharko lukete, hurrenez hurren.

Baldintzak

Horren truke, enplegu erregulazioak dituzten enpresek debekatuta izango dute langileak kaleratzea, langile gehiago kontratatzea zuzenean eta aldi baterako enpresen bitartez, eta ezin izango diete beren langileei eskatu aparteko orduak egitea. Gainera, ezingo dituzte lan batzuk azpikontratatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.