Koronabirusa

OME: «Jarritako dosien %75 hamar herrialdetan soilik eman dituzte»

Estatu txiroetako herritar zaurgarrienek txertorik ez dutela hartu ohartarazi du erakundeak. Dosien banaketaren atzerapena konpontzeko eskatu dio Europako Batasunak AstraZenecari

AstraZeneca botika etxearen txertoaren dosi bat. FABIO MOTTA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Txertoen banaketan eta horien erabileran dagoen desorekaren inguruko datu argigarri bat eman zuen atzo Tedros Adhanom Ghebreysus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak: «COVID-19aren aurkako txertoak munduko 50 herrialdetan ari dira ematen, eta ia guztiak herrialde aberatsak dira. Jarritako dosien %75 hamar herrialdetan soilik eman dituzte».

Hala jarraituz gero, ondorioetako bat izan liteke herrialde aberatsetako «heldu osasuntsuek» lehenago hartzea txertoa herrialde txiroetako «hirugarren adinekoek eta osasun langileek» baino. Botika etxeek herrialde aberatsekin akordioak egiteari lehentasuna eman diotela uste du Tedrosek, «OMEri larrialdi egoeraren diagnostiko osatuago bat aurkeztu beharrean». Txertoaren banaketan munduaren zati handi bat atzean geratzeak «kezka» eragiten diola gaineratu zuen, eta gobernuen eta botika etxeen arteko akordioek «prezioetan lasterketa» eragin duela salatu zuen.

Egoera iraultzeko, txertoak «ekitatez» banatzeko eskatu zuen Tedrosek, «moralki egin beharrekoa» izateaz gain «pandemia amaitzea horren menpe» dagoelako.

Antzeko ohartarazpen bat egin zuen OMEk duela bi aste. Dosien %95 herrialde hauetan banatu zirela jakinarazi zuen orduan: AEBetan, Txinan, Erresuma Batuan, Israelen, Arabiar Emirerri Batuetan, Italian, Errusian, Alemanian, Espainian eta Kanadan.

Gehien dutenen kexak

Dosien gabeziaz kexu dira herrialde aberatsenak ere, eta hizpide ari dira izaten egunotan botika etxeekin hitzartutako akordioak, txertoen banaketan izaten ari diren atzerapenak direla eta.

Oraindik EB Europako Batasunean banatzeko baimenik ez duen txerto bat ari zaio, oraingoz, lan gehien ematen Bruselari: AstraZenecaetxeak egindakoa—EMA Europako Sendagaien Agentzia haren erabilpena ostiralean onartzea espero da—. EBri zegokion dosi kopurua espero baino beranduago emango ziola iragarri zion konpainia horrek joan den ostiralean, eta ordutik kontu eske ari zaio Brusela. Atzo goizean biltzekoak ziren bi aldeak, baina botika etxeak atzeratu egin zuen bilera, atzo arratsaldera.

«Konpromiso legalak eta moralak» bete eta hasieran hitzemandako dosiak EBri emateko modua bila dezala eskatu zion atzo arratsaldean Stella Kyriakides Europako Batzordeko Osasun komisarioak konpainiari.

AstraZenecak atzerapena justifikatu zuen, argudiatuz txertoa ekoizteko EBko herrialdeetan dituzten fabriketako batean arazoak izan dituztela ekoizpenarekin —lau fabrika ditu: bi Erresuma Batuan, bat Belgikan, eta beste bat Alemanian—. Bruselak, ordea, esan dio arazoa konpondu daitekeela Erresuma Batuan ekoitzitako dosiak Bruselari bidalita, eta hala egiteko eskatu dio Kyriakidesek.

Erresuma Batuan hasiak dira AstraZenecaren txertoa ematen, inongo atzerapenik gabe. Horren inguruko azalpenak ematerakoan, konpainiak argudiatu du EBrekin izenpetu baino lehenagokoa dela Erresuma Batuko Gobernuarekin egindako akordioa. Kyriakidesek, baina, argudio horri kontra egin zion atzo, esanez «lehenago sinatzeak ez diola akordio bati lehentasuna ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.