Koronabirusa

Hegoaldean gutxienez 35 pertsona zendu dira birusak jota astebetean

Nafarroako Gobernuak kirol eta kultur jardueretarako edukierak zabalduko ditu bihar

Gurutzetako ospitaleko ZIU zaintza intentsiboetako unitatea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Transmisioaren arintze betean,azken asteotako joerari eutsi dio birusarekin lotutako heriotzen gaineko kurbak Hego Euskal Herrian, hobekuntza argirik gabe. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, abuztuaren 30etik irailaren 5era gutxienez 35 pertsona zendu dira gaitzarekin Hego Euskal Herrian; horietatik 30 Araba, Bizkai edo Gipuzkoan hildakoak dira, eta beste bostak Nafarroan zendu dira. Abuztuaren 23tik 29ra arteko astean, berriz, 41 lagun hil ziren gaitzak jota.

Heriotzetan ez bezala, birusaren transmisioari buruzko datuetan agerikoa da arindua. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, herenegun 326 kutsatu zenbatu zituzten COVID-19a detektatzeko egindako testetan. Osakidetzak eta Osasunbideak 7.789 proba egin zituzten, eta, hala, %4,1 izan zen positiboen ehunekoa. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 130 detektatu ziren; Gipuzkoan, 99; Nafarroan, 53, eta Araban, 40.

Ospitaleen presioak, berriz, bere horretan jarraitzen du, aldaketarik gabe. Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuen arabera, asteartean 55 lagun ospitaleratu zituzten birusaren sintomak larriagotuta, eta oraintxe bertan, guztira, 345 paziente daude osasun zentroetan sartuta. Horietako 83 ZIU zainketa intentsiboetan daude, larri. Hain zuzen ere, unitate horietan arta behar duten pazienteak gero eta gazteagoak direla agerian utzi du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuaren azken txosten epidemiologikoak. 30 urte baino gutxiago dituzte ZIUetan gaitzak jota dauden erien %13k; 30 eta 44 urte artean %18k, eta 45 eta 59 urte bitartean %39k.

Neurrien arintzea Nafarroan

Pandemiaren bilakaera noranzko onean denez, Nafarroan kirol eta kultur jardueretarako edukierak zabalduko dituzte bihartik aurrrera. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek atzo iragarri zuenez, malgutzeak gune itxietan zein aire zabalean ezarriko dituzte. Barnealdean eginak diren eta 2.400 lagun baino gehiago biltzeko gaitasuna duten espazioetan, gobernuak %40an ezarriko du gehienezko muga. Berriz, gune irekietan eginak diren eta 5.000 pertsonatik gora har dezaketen tokietan %60koa izanen da muga. Hilaren 16ra arte izanen da ezarrita, oraingoz, neurrien malgutzea. Halaber, hilaren 17tik aurrera ostalaritzari eragiten dieten neurriak leunduko dituztela iragarri zuen Remirezek.

Eusko Jaurlaritzak, oraingoz, ez ditu neurriak malgutzeko asmorik, ez bederen hainbat aldagaik hobera egiten ez badute. Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko buruak atzo iragarri zuen helburua dela bi asteren buruan intzidentzia tasa metatuak behera egitea, 100.000 biztanleko 150 kasu baino gutxiago izateraino. ZIUetan erietxeratuta dauden gaixoengan ere jarri zuen arreta, eta bertan dauden gaixoen kopurua koronabirusa kudeatzeko planaren «lehen agertokiko zenbaki baxuenetan» egotea ezarri zuen xede. Txertaketari dagokionez, bi astean 12 urtetik gorako biztanleriaren %90 txertatuta egotea aurreikusi zuen.

Fernandezen ildotik mintzatu zen Bingen Zupiria Jaurlaritzako eleduna ere. Haren ustez, «logikoena» da aste batzuen buruan neurriak arintzeko eran egotea, baina esan zuen oraingoz «zuhurtzia» ezinbestekoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.