COVID-19aren aurkako neurriak kendu dituzte Iparraldean

Osasun ziurtagiria jadanik ez da beharrezkoa. Hala eta guztiz ere, 12 urtetik gorakoei PCR proba negatiboa exijitu ahalko diete

Baionako autobus bat, aurtengo martxoan. GUILLAUME FAUVEAU.
Lide Egizala Urteaga - Javi West Larrañaga
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun

Joan den asteartean, Frantziako Parlamentuak lege proiektu bat onartu zuen COVID-19aren aurkako neurriak kentzeko. Beraz, Ipar Euskal Herrian jada ez da beharrezkoa osasun ziurtagiria eta COVID-19aren aurkako beste salbuespen neurri batzuk hartzea.

Lege proiektuak aldeko 209 boto jaso zituen, kontrako 30, eta 104 abstentzio izan ziren. Horren arabera, abuztuaren 1etik aurrera, COVID ziurtagiria izatea eta konfinamendua egitea ez da derrigorrezkoa izango. Etxeratze agindua ere bertan behera gelditu da. Neurriak baliogabetzea onartu bazen ere, gobernuak 12 urtetik gorako herritarrei PCR proba negatiboa exijitu ahal izango die mugetan 2023ko martxoaren 31ra arte, aldaera arriskutsu bat agertuz gero.

Era berean, itsasoz haraindiko lurraldeetarako ere PCR proba negatiboa eskatuko dutela aurreikusten da, baina, halakoetan, ospitaleak gainezka egonez gero. Testuak bi mekanismo ere zabaltzen ditu: lehena, positiboen jarraipenari buruzkoa, urtarrilaren 31ra arte; bigarrena, testen emaitzak zentralizatzen dituen sistema, ekainaren 30era arte.

Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak «gobernua garaitu nahi izatea» leporatu zion oposizioari duela bi aste, Asanblea Nazionalean egindako lege proiektuaren lehen bozketaren ostean.

Iazko udan, Frantziako Gobernuak dekretu bidez ezarri zuen osasun ziurtagiria eskatzea. Nahitaezko egin zuten ostatuetan, merkataritza, kultur eta kirol guneetan, eta distantzia handiko trenetan. Erabakiak hainbat protesta eragin zituen bertan.

Ipar Euskal Herrian ere, ehunka herritarrek manifestazioak egin zituzten Donibane Garazin, Donibane Lohizunen (Lapurdi) eta Baionan, besteak beste. Jaka Horiek eta txertoen aurkako mugimenduek ere parte hartu zuten haietan.

Kasuak behera Hegoaldean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo argitaratu zituen uztaileko azken asteko datuak: 53 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren ondorioz, eta 428 pertsona daude ospitalean gaixotasun horrek jota; horietatik hemeretzi, ZIUetan. Guztira, 2.730 positibo zenbatu zituen Osasun Sailak uztailaren 25etik 31ra. Hala ere, 14 eguneko intzidentzia tasa metatua nabarmen jaitsi da tarte horretan, 100.000 biztanleko 444tik 310era.

Joan den astean, Nafarroako Gobernuak ere adierazi zuen intzidentziak behera egin zuela: %55 aurreko astearekin alderatuta. Bakarrik hiru pertsona ospitaleratu behar izan zituzten ZIUan, eta 22 zenbatu zituzten.

Horrez gain, aldian-aldian Iruñerriko eta Tuterako merindadeko hondakin urak neurtzen ari dira, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du SARS-CoV-2aren material genetikoaren kantitatea «egonkor» mantendu dela aztertutako azken astea aurrekoarekin konparatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.