Burujabetzaren eztabaida «zentroan» jarriko du EH Bilduk

Otegik nabarmendu du herritar gehienak babesteko itunak eta akordioak osatu behar direla

EH Bilduk burujabetza defendatuko duela berretsi du urte politikoko lehen bileran. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Euskal Herriak burujabetza behar du», adierazi zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak; eta, horregatik, subiranotasuna agenda politikoaren «zentroan» jartzearen alde egingo du koalizioak datorren urte politikoan. «Gure ordez beste batzuek hartzen dituzte erabakiak, eta gure bizitza baldintzatzen dute». Hori ikusita, burujabetza defendatuko duela berretsi du EH Bilduk, Euskal Herrian badagoelako «energia intelektual nahikoa» bertan bizi eta lan egiten dutenen artean erabakiak hartu ahal izateko.

EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera egin zuen atzo, eta, besteak beste, udako balantzea, gaur egungo eta etorkizuneko kezkak, eta aurrera begira planteatzen dituzten erronkak azaldu zituen. Aurtengoa «berrespenaren udara» izan dela nabarmendu zuen Otegik, uda honetan «agerian» geratu direlako EH Bilduk azken urteetan egin eta plazaratu dituen hausnarketa eta kezka estrukturalak.

Hausnarketa horietako bat da mundua «talka eta lehia» batean dagoela; besteak beste, hegemonia politiko-militarra eta hegemonia ekonomikoa «zalantzan» daudelako. Indar subiranistaren arabera, talka hori da, hain zuzen ere, munduan gertatzen ari diren liskar ugariren eragile. Horren harira, adierazi zuen elite politiko eta ekonomikoek esaten dutela udazken «oso gogorra» datorrela. Eta, horrekin batera, salatu zuen inork ez duela azaldu zeintzuk diren hori gertatzeko arrazoiak. «Jendeari esan behar zaio zergatik iragartzen duten udazken gogor bat, zergatik egongo den energiaren prezioaren igoera basati bat, zergatik egongo den inflazio basati bat...».

Egoera horretan, batzuek errua Vladimir Putin Errusiako presidenteari leporatzen diotela azaldu zuen, Ukrainako gerra hasi zuelako; EH Bilduk, baina, ohartarazi zuen beste erantzule batzuk ere badaudela: «Gerra luzatzearen aldeko apustua egin duten elite ekonomiko, politiko eta militarrak dira horren erantzule». Horiek horrela, gerra gelditzeko beharra nabarmendu zuen, eta, horretarako, mahai batean negoziatu eta egoerari irtenbide politiko eta diplomatiko bat bilatu behar zaiola. Koalizioak uste du hori eginez gero «segur aski» gaur egun dauden arazo ekonomiko eta energetiko «asko» konponduko liratekeela.

Horrez gain, herritar gehienak babesteko itunak eta akordioak osatu beharraz aritu zen Otegi, eta, alde horretatik, gogorarazi zuen hemendik aste batzuetara EH Bilduk proposamen zehatz bat planteatuko duela, «ongizatearen defentsan». Indar subiranistak aurkeztuko duena gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko «oinarrizko proposamen bat» izango da, «neurrien dekalogo bat». Besteak beste, enpresa energetikoen «ezohiko irabazien» gaineko zerga bat bilduko da proposamen horretan.

Klima aldaketari ere erreparatu zion koordinatzaile nagusiak: «Kapitalismoak etengabean garamatza espeziearen bizitza arriskuan jartzera». Arazo horri «benetan» aurre egiteko, naturarekin itun berritu bat egin behar dela ohartarazi zuen, neurri «oso zorrotz eta estrukturalekin».

Gogorarazi zuenez, erronka horiek guztiak planeta osoan planteatzen dira, baina, Euskal Ereduarekin, euskaldunak gai dira zenbait ekarpen egiteko arazo horien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.