Miarritzeko arma biltegi batekin lotuta epaituko dituzte bi lagun

2015ean atzeman zuten, ETAren armagabetze prozesu betean. Bake Bidearen esanetan, bakea eraikitzeko «oztopo bat» da epaiketa

Miarritzen egindako operazioa, 2015ean. BOB EDME.
Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Enrique Lopez iheslari ohiaren eta Nathalie Chasseriauden aurkako epaiketa, Parisko Auzitegian. Litekeena da ebazpena ostiralean iristea, eta hamar urtera arteko espetxe zigorra jaso dezakete, ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeagatik. Prokuradoreak «erakunde terrorista bateko kide izatea» eta «lehergaiak izatea» leporatzen die, 2015ean Miarritzen (Lapurdi) atzemandako armategi batekin lotuta.

«Leporatzen zaiona da ETAk eskatuta arma batzuk hartzea eta lagun baten etxean atxikitzea», azaldu du Xantiana Cachenaut abokatuak. Hura arduratu da Lopezen defentsaz, eta aipatzen duen etxea Chasseriaudena da. 2015eko maiatzaren 28an miatu zuten etxea, eta arma biltegi bat topatu zuten bertan. Chasseriaud egun hartan atxilotu zuten, eta Lopez, hurrengoan.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, «ETAren egitura tekniko-logistikoaren» aurkako operazio bat izan zen; 2012tik Frantziako Poliziak ETAren aurka egin zuen «polizia operaziorik garrantzitsuena». Guardia Zibilak eman zion informazioa Frantziako Poliziari.

Bake Bideak ohar batean azaldu duenez, ordea, atxikitako armak ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen babesarekin egindako inbentarioaren parte bat ziren. Beraz, auzia «gaitzetsi» dute, «beste oztopo bat baita Euskal Herrian bakea eraikitzeko».

Akusatuek ez dute ukatu biltegiaren berri izatea. Cachenautek azaldu duenez, Lopezek desarmatze prozesuaren barruan kokatzen du arma horiek gorde izana. Hala adierazi zuen ETAk ere. «Armategiak zigilatzeko prozesuaren kontrako eraso zuzen» gisa kalifikatu zuen operazioa, Gara egunkarira bidalitako ohar batean. Azaldu zuen halako operazioekin gatazkaren konponbidean aurrera egitea «ezinezko» bilakatu nahi zutela Espainiako eta Frantziako gobernuek.

Hala, abokatuak adierazi du defentsaren oinarria ekintzen asmoetan oinarrituko dela: «Juridikoki arazo handi bat dago. Kidego terroristagatik ezin da pertsona bat kondenatu, ez badu intentzio terroristarik». Kasu honetan, Lopez eta Chasseriaud ETAren armagabetzeko prozesua aurrera ateratzeko ari ziren lanean. Izan ere, desarmatze prozesu betean zegoen erakunde armatua, eta Ipar Euskal Herriko gizarte zibila ere hasi zen haren aldeko urratsak egiten.

«Kontraesana da esatea erakunde terrorista bateko kide dela, eta egiaztatzea pertsona horrek bakearen aldeko jarrera izan duela, eta horregatik egin duela», adierazi du Lopezen abokatuak. Izan ere, ETAk 2013an hasi zituen harremanak Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin, erakundea armagabetzeko; besteak beste, 2014ko otsailean, erakundeak egiaztatze batzordearen esku utzi zituen zenbait arma.

Urte bereko urrian, Baionako Adierazpena sinatu zuten Ipar Euskal Herriko ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek, ETAren eta Parisen arteko akordio bat eskatzeko. Gauza bera egingo zuten 2015eko ekainean, Lopez eta Chasseriaud atxilotu eta astebetera. Kasu hartan, Parisko bake konferentzian. «Alderdi politiko guztietako eta gizarte zibileko 110 pertsonalitate elkartu ziren bertan, Frantziako Gobernuari eskatzeko bere ardurak har zitzala ETAren armagabetzean presoen gaian eta adiskidetzean», azaldu du Bake Bideak. Bi urte geroago, 2017ko apirilaren 8an, gauzatu zen ETAren armagabetzea, Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko kideen eskutik.

Eskaeren zain

Fiskaltzak bestelako ikuspegi bat erakutsi du orain arte. Defentsak auzia artxibatzeko eskatu zuen instrukzio garaian, baina fiskalak uko egin zion, atxiloketen garaian ETAren behin betiko su etena ziurtatzerik ez zegoelakoan. Haren argudioen artean, ETA oraindik desegin gabe zegoela, eta ez zituela armak entregatu, nahiz eta erakundeak 2011n adierazi zuen «jarduera armatua behin betiko amaitzea» erabaki zuela.

Hala, hamar urte arteko espetxe zigorra eska dezake fiskalak —epaiketaren amaieran egingo du eskaera—. Cachenauten esanetan, ordea, prokuradoreak exijitu lezake Lopezi Frantzian egoteko debekua ezartzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.