«Estatuaren indarkeriaren normalizazioa» salatu dute

Omenaldia egin diete Santi Brouardi eta Josu Muguruzari, haien hilketen urteurrenean. Iluntzean, Sortuk manifestazioa egin du

Brouardi eta Muguruzari egindako lore eskaintza, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Omenaldia egin diete Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko buruzagiei aurten ere. 34 urte igaro dira Brouard tiroz hil zutenetik Bilbon zeukan pediatria kontsultan; Muguruza, berriz, duela 29 urte hil zuten, Madrilen, Herri Batasuna taldeko parlamentari hautatu eta horren agiriak jasotzera joan zenean. Haien omenezko ekitaldian, Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimek salatu dute indarkeria hori «normalizatzeko» saioa dagoela, «estatu krimenak makillatzen eta justifikatzen dituzten terminoak» erabilita.

Lehenengo ekitaldia Bilboko Ametzola parkean izan da, Santi Brouarden omenezko oroitarriaren aurrean. Han, Josu Muguruzaren alaba eta Egiari Zor fundazioko kide Ane Muguruzak gogoan hartu ditu «[Espainiako] Estatuaren indarkeria bidegabea» sufritu duten guztiak: «Hainbestetan isilduak, gutxietsiak eta justifikatuak izan diren gure minei ere errespetu eta aitortza osoa zor zaie».

Muguruzak salatu du «eztabaida semantikoa» ezarri nahi dutela, biktimak «kategorizatu eta banatzeko»: «Oraindik inolako instituziok ez dio exijitu dagozkion erantzukizunak bere gain hartzeko ez Espainiako Estatuari, ez polizia indarrei, ez gure senideen hilketen erantzule politikoei, ezta gure biktimarioei ere».

«Gatazka politikoa»

Muguruzak esan du askotan «biolentziaren biktimatzat» aurkezten dituztela, «abstraktuan, kolpatu gintuen biolentziak arduradunik izango ez balu bezala eta biolentzia hori gaitzesgarria ez balitz bezala». Hori dela eta, argi utzi nahi izan du beren senideen hilketak ez zirela gertatu «gatazka erlijioso edo sozial baten testuinguruan, gatazka politiko baten barruan baizik», eta «gatazka politiko» horretan Espainiako Estatuak biolentzia erabili duela «frankismoan, trantsizioan eta demokrazian». «Hori ukatzea krimen horiek zigorrik gabe uzteko modurik onena da», erantsi du.

Iluntzean, Sortuk manifestazioa egin du, Bilboko Arriaga plazatik Plaza Eliptikoraino. Horren bukaeran, Sortuko Kontseilu Nazionaleko kide Karlos Renedok gogorarazi du bi hilketa horien nondik norakoak oraindik argitu gabe daudela, eta PSOEri eskatu dio «ardurak bere gain hartzeko» eta «eragindako mina aitortzeko».

«Hiru hamarkada geroago, hemen gaude, zutik eta indartsu, askapen nazional eta soziala eskuratzeko prest», esan du Renedok, bere hitzaldia amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.