Turkiak erran du eten egin duela EBrekin eginiko migrazio akordioa

Çavusoglu Atzerri ministroak Bruselari exijitu dio onar diezaiela turkiarrei bisen salbuespena

Afganistango errefuxiatu bat Agri probintzian, Turkiaren menpeko Kurdistanen, iazko irudi batean. ERDEM SAHIN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak atzo adierazi zuen herrialde horrek eten egin duela 2016an EB Europako Batasunarekin egin zuen migrazio akordioa. Itun horren bidez, urteotan EBk Turkiara bueltan bidali ditu herrialde horretatik batasuneko lurraldera —ia denak Greziara— ailegatu diren errefuxiatuak; horregatik, zeharo murriztu da bide horretatik batasunera sartu diren migratzaileen kopurua, eta 2017an utzi zion sarreragune nagusi izateari —Marokotik Espainiarako bidea da nagusi gaur egun—. Çavusogluk, ordea, akordioko konpromisoa ez betetzea leporatu dio Bruselari. «[Errefuxiatuak] Berriz hartzeko akordioa eta [Turkiako herritarrentzako EBrako] bisen salbuespena batera sartzekoak ziren indarrean. Eten egin dugu berriz hartzeko akordioa», adierazi zion atzo Turkiako TGRT irrati kateari.

Çavusogluren adierazpenak ez zuen oihartzun handirik izan atzo. Elkarrizketa batean jakinarazi zuen hori, eta Turkiako Gobernuak ez zuen adierazpen ofizialik egin gai horren inguruan. Turkiako hedabideetan eta nazioarteko komunikabide handietan oihartzun handiagoa izan zuten elkarrizketa horretan Siriako gerraz eta Zipreko gasaren auziaz erran zituenek; hain zuzen, EBk Turkiari zigorrak ezarri berri dizkio Zipren egiten ari den gasa bilatzeko zundakatengatik.

Gasaren aferak okertu egin du batasunaren eta Ankararen arteko harremana, eta testuinguru horretan azaleratu da berriz migrazioaren auzia. Izan ere, joan den larunbatean Suleyman Soylu Turkiako Barne ministroak kritika gogorrak egin zizkion EBri gai horregatik. «Nabarmena da EBk bakarrik utzi gaituela gai honetan. Ez du balio bizkarrean kolpetxoak emateak. Turkiak ez balitu hain neurri erabakigarriak hartu, Europan ez zuen sei hilabete iraunen gobernu bakar batek ere. Nahi baduzue, proba dezakegu», adierazi zuen mendebaldeko kostako Izmir hirian egin zuen agerraldi batean.

Milioika errefuxiatu daude gaur egun Turkian, eta horietako anitzek Europara ailegatzea dute helburu. Gehienak, hiru milioitik goiti, Siriakoak dira, hango gerratik ihesi joandakoak. Migrazioa barne eztabaida gogorren iturri da Turkian; horren adibide, Istanbul probintziako gobernadoreak atzo eman zuen agindua: Istanbulen bizi, baina Turkiako bertze probintziatan izena emanda dauden Siriako errefuxiatuei Istanbuldik alde egiteko agindu die.

Milioi bat errefuxiatu

EBk eta Turkiak 2016ko martxoan egin zuten migrazio akordioa. 2015ean, Siriako gerraren aldirik gogorrenean, milioi bat errefuxiatu inguru ailegatu ziren Turkiatik Greziara: II. Mundu Gerraz geroztik (1939-1945) Europan izan den mugimendurik handiena. EBk 6.000 milioi euro eman zizkion Ankarari errefuxiatuak berriz hartu eta bidea oztopatzearen truke, eta hitzeman zion Turkiako herritarrei ez ziela eskatuko bisarik EBn sartzeko. Hori ez du bete, ordea, argudiatuta Turkiak 2016an onartu zituen «terrorismoaren aurkako legearen» puntu batzuk ez zirela bateragarriak EBren giza eskubideei buruzko irizpideekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.