Bergarako hondakinen lantegiari oniritzia eman nahi dio Jaurlaritzak

Tapiak iragarri du 2030erako %15era murriztu nahi dituztela zabortegietara doazen hondakinak

Zikuñagako paper fabrika, Hernanin (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da baimena ematea paper industriak sortzen dituen hondakinak kudeatzeko Valogreene Paper BC SM enpresak Bergaran (Gipuzkoa) martxan jarri nahi duen lantegiari. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak atzo jakinarazi zuen Bergarako Larramendi industrialdean kokatzeko baldintzak betetzen dituela enpresak, eta Eusko Jaurlaritza prest dagoela ingurumen txostenari oniritzia emateko eta lantegiari martxan jartzeko baimena emateko.

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan berriaren aurkezpenean iragarri zuen TapiakJaurlaritzaren asmoa. Plan horretan jasoak daude gobernuak 2030. urtera bitartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketan jarraituko duen estrategiaren ildo nagusiak. Besteak beste, datozen urteetan %30 murriztu nahi du sortzen den hondakin kopurua, eta birziklatutako hondakin ez-arriskutsuen proportzioa %85era iristea jarri du xede gisa; bide batez, planak helburutzat ezarri du %15era gutxitzea zabortegietara doazen hondakinak. Hiri hondakinen gaikako bilketa %85era arte handitzeko helburua ere ezarri du. Plana aurrera eramateko, 97 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du gobernuak datozen urteetan.

Industria hondakinak tratatzeko hamar proiektu aztertzen ari da Jaurlaritza, Tapiak jakinarazi zuenez. Plastikoak, fundizioko hondarrak, altzairutegietako zepak, papera eta lurrak kudeatzeko plantak izango dira, eta kapital pribatuarekin edota laguntza publikoaren bitartez martxan jarriko dira. Bergaran paperaren industriak sortzen dituen hondakinak tratatzeko planta dago hamar horien artean. «Aurreratuen» dagoen proiektua da hori, Tapiak azpimarratu zuenez.

Proiektu berriak lotura zuzena dauka Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia amiltzearekin. Izan ere, zabortegia malkartu arte, papera ekoizten duten enpresek hara eramaten zituzten hondakinak. Orain, ez daukate hondakin horiek kudeatzeko tokirik, eta horregatik egin zuen Valogreene Paper SM enpresak bere lantegia Bergaran jartzeko proposamena.

Proiektu horrek, baina, ezinegona eragin du herrian. Enpresak orain arte aurkeztutako eskaeretan gorabeherak atzeman dituela iritzita, proiektuaren inguruan kezka azaldu du Bergarako Udalak. Herritarren eta eragile ekologisten artean ere susmoak piztu ditu hondakinak kudeatzeko lantegiaren proiektuak. Salatu dute Valogreene Paper BC, S.L-k ez dituela betetzen ingurumen eta osasun baldintzak Larramendi industrialdean kokatzeko, eta, besteak beste, ez zuelako hasieran argitu proiektuaren benetako asmoa zein zen. Zalantza horien inguruan galdetu zioten atzo Tapiari, eta hark erantzun zuen ulertzen dituela udalaren «kezkak», eta Jaurlaritza prest dagoela «duda guztiak argitzeko».

Kutsatzeagatik, zerga bat

Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planak aurreikusita dituen bestelako jardueren berri eman zuen Tapiak, halaber. Azpimarratu zuen Jaurlaritzak kanon edo zerga bat ezarri nahi diela hondakinak isuri eta errausten dituzten enpresei, «hondakin bat isurtzea birziklatzea baino merkeagoa» izan ez dadin.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2030. urtera bitartean 4 milioi metro kubo isurtzeko ahalmena egongo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irekita dauden hamar zabortegietan, Zaldibarko gertakarien eta Mutiloako eta Larrabetzuko zabortegiak itxi ostean. Hala, aurreikusi duenez, 7,5 milioi metro kubo hondakinentzako lekua beharko du hiru herrialdeetako ekonomiak 2030erako. Hondakinen isurketa %37tik %15ra murriztu ahal izateko, Jaurlaritzaren planak jaso du egun martxan diren zabortegiak «egokitu» beharko direla, eta «biltegietan» bilakatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.