Udaltzain guztiek pistolaz patruilatzea proposatu dute

Suzko armen erabilera arautuko duen dekretuaren oinarria aurkeztu dute. EH Bilduk eta EP-IUk kritikatu dute armak derrigor ibiltzea

Aitor Letek eta Asier Erkorekak agerraldia egin zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzain guztiek pistola ibili beharko dute aurki. Hori da, bederen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aurten prest izango duen dekretuak arautuko duena. EAEko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko lantalde bat ari da dekretuaren zirriborro hori ontzen, eta dagoeneko prest dauka suzko armak erabiltzeko prozedura arautzen duen txostena. Lan horren xedea da udaltzainen esku jartzen diren suzko armen erabileraz «irizpide bateratuak» ezartzea, besteak beste, «egokitasuna, legezkotasuna, salbuespena eta proportzionaltasuna» aintzat hartuta. Horrez gain, pistolak edukitzeko eta kentzeko irizpideak eta segurtasun neurriak finkatu dituzte.

Udaltzain guztiek armak erabili ahal izateko oinarria EAEko Auzitegi Nagusiak 2019an emandako epai batek ezarri zuen. Eibarko (Gipuzkoa) udaltzain batzuek udalari eskatu zioten pistolak erabiltzeko baimena, baina, udalaren ezezkoa jaso ondotik, auzitara jo zuten. Hiriburuetako udaltzainek pistolak erabiltzen badituzte ere, herri txiki askotan debekatuta izan dute suzko armak erabiltzea, baina, 2019ko epaiaz geroztik, armen erabilerari jarritako mugak argudiatu beharra eragin die udalei.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzainen %80k daramate pistola —2.750 udaltzain inguruk. Udaltzainek armarik erabiltzen ez duten udalerri gehienak Gipuzkoan daude, eta 15.000 biztanle baino gutxiago dituzte. Hala ere, herri handi batzuetako udalek erabaki dute udaltzainei pistolak ibiltzea debekatzea.

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak ondu duen txostenak, baina, are zirrikitu txikiagoa utziko die udalei suzko armak erabiltzeari uko egiteko. Txosten horren xehetasunak azaldu zituzten atzo Aitor Lete Udaltzaingoaren Koordinaziorako zuzendariak eta Asier Erkoreka Basauriko (Bizkaia) udaltzainburu eta lantaldeko kideak Eusko Legebiltzarrean. Udaltzain guztiek derrigor ibili beharko duten suzko armen inguruko xehetasunak eman zituzten: 9 milimetroko Parabellum kalibreko pistola ibili beharko dute, eta zerbitzuan dauden bitartean bakarrik, inoiz ez zerbitzutik kanpo. Babes txalekoak, girgiluak eta ebakien aurkako eskularruak ere eramango dituzte.

Udaltzainek suzko armak zein egoeratan erabili ahal izango dituzten ere zehaztu zuten. Udaltzainek arma erabili ahal izango dute soilik haien edo besteen bizitza edo herritarren segurtasuna «arrisku larrian» dagoenean, eta betiere «egokitasun, beharrizan eta proportzionaltasun» printzipioen arabera. Halaber, azterlanak dio suzko armak erabiltzea «muturreko neurria» izango dela, eta ez dela baimenduko horiek «larderiaz erabiltzea», adibidez, airera tiro eginez ihesari ekiten dion pertsona bat atxilotzeko.

EH Bildu eta EP-IU, aurka

Udaltzaingoan suzko armen erabilera orokortzearekin kezka agertu zuen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, etaerabaki hori hartzeko orduan, udalek «autonomia» izatea defendatu zuen. Arzuagak «gardentasun falta» egotzi zion txostena landu duen lantaldeari, eta bertan EH Bilduri parte hartzen utzi ez izana salatu zuen. Horrekin batera, salatu zuen txostenak ez duela ongi argitzen udalek zein irizpideren arabera erabaki dezaketen udaltzainei su armak eman ala ez, eta ez duela zehazten udaltzainek armak erabiltzen dituzten kasuetan «proportzionaltasuna» eta «kaltegarritasuna» nola neurtuko duten.

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Gustavo Angulok ere «gardentasun falta» egotzi zion lantaldeari, eta txostena zehaztugabea dela salatu zuen. Halaber, zalantzan jarri zuen udaltzain guztiek pistolak eramateko betebeharra ezartzea.

EAJk, PSE-EEk, PP+C's-k eta Voxek, berriz, erabakia babestu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.