Turisten erdiek baino gehiagok euskara atsegin dutela esan dute

Bisitarien euskararekiko jarrera aztertu du Uemak. Inkesta bete dutenen %85ek eskertu egin dute euskara entzutea edo ikustea

Uemak inkestaren emaitzak azaltzeko emandako prentsaurrekoa, Leitzako udaletxean. BERRIA.
Donostia
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bisitariek euskararekiko duten ikuspegiari buruzko ikerketa bat egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Erakundeak azaldu du azterketa egin duela turismoak azken urteotan hainbat udalerri euskaldunetan izan duen gorakada dela eta. Ikerketaren emaitzen arabera, bisitarien %85ek eskertu egiten dute euskara entzutea edo ikustea, eta askok berariaz aukeratzen dute udalerri euskaldunetara joatea, euskararekin topo egiteko. Bermeon (Bizkaia), Leitzan (Nafarroa) eta Zumaian (Gipuzkoa) egin dizkiete inkestak bisitariei: 722 galdetegi bildu dituzte denera. Ahize hizkuntza aholkularitzak landu ditu jasotako erantzunak, eta atzo aurkeztu zituzten inkesten emaitzak Leitzako udaletxean.

«Turismoak hizkuntzen erabileran eragina duela ohartuta, gaiari heldu eta euskara turismo eskaintzan nabarmentzeko eta babesteko lanean hasi zen Uema, duela pare bat urte». Hala azaldu du egitasmoa Miren Segurola Uemako koordinatzaileak. Adierazi du euskara «ezkutatzeko eta erdarak nabarmentzeko joera» dagoela gaur egun, eta erakundeak beharrezko ikusi duela erakustea euskara dela udalerri euskaldunen «ezaugarri nabarmenena».

Inkesten emaitzetatik atera duten ondorio nagusia da euskara «erakargarria» dela bisitarientzat. Galdeketei dagokienez, inkesta egin dutenen %93ek adierazi dute ez dutela arazorik izan haiengana euskaraz jo dutenean. Gainera, multzo horretako %47k erantzun dute eskertu egiten dutela «tokian tokikoari balioa ematea» —galdera hori Leitzako eta Zumaiako galdetegietan egin dute soilik—.

Bestalde, gutxienez hamarretik bederatzik erantzun dute eroso sentitu direla euskararekin izan dituzten harremanetan —%95,4k—. «Atsegin dugu» edo «asko gustatu zaigu» erantzun dute erdiek baino gehiagok —%23k eta %31k, hurrenez hurren—, eta «ez digu arazorik sortu» aukera izan da gehienek aukeratu dutena, %41ek aukeratu baitute.

Inkestan egindako beste galderetako bat izan da ea zer iruditu zaien karteletako zein seinaleetako oharrak euskaraz egotea. Turisten %15ek erantzun dute ez dutela atsegin halakoak euskaraz irakurtzea; gainerakoek, aldiz, esan dute ondo konpondu direla, eta azken horietako %45ek baino gehiagok erantzun dute eskertu egiten dutela kartelak euskaraz irakurtzea.

Udazkeneko jardunaldiak

Segurolaren hitzetan, lehen inkesta hori «pertzepzioa» zena datuetara ekartzeko «ahalegin» bat izan da, baina adierazi du arlo horretan lan handia dagoela: «Turismo sektorean euskara nabarmentzeko, erabaki politiko ausartak behar ditugu, gaur egun egiten ari denaren kontrako norabidean, zehazki». Horregatik, gai horrek duen «garrantzia eta estrategikotasuna» ikusita, udazkenean jardunaldi batzuk egingo ditu Uemak, «turismo sektoreari eta erakunde publikoei euskararen beharra ikusarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.