Hildako ardiak suprefeturan, hartzaren erasoa salatzeko

ELB sindikatuak salatu du hartzak dozenaka ardiri egin diola eraso asteburuan. Neurriak hartzeko eskatu diete laborariek instituzioei

Asteburuan hildako ardiak Baionako suprefetura aitzinean ezarri zituzten atzo goizean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Beldur ziren, eta gertatu da. Bunuze eta Jutsiko (Nafarroa Beherea) bi artzainen artaldeei eraso egin diete Cauteretseko (Okzitania) mendian zirela. Kabala anitz hilak dira, beste andana bat desagertuak. Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren hitzetan, «segur dira» harrapari bat dela; laborariek hartza egin dute hobendun. 150 laborari elkartu ziren atzo goizean Baionako suprefetura aitzinean ELB sindikatuak deituta, protesta egiteko. Hildako ardiak errepide gainean ezarri zituzten, eta suprefeturako zerbitzuekin bilkura egin zuten. «Jendeari erakutsi nahi diogu zer desmasia izaten ahal den», adierazi du Paxkal Harizpuru artzain kaltetuak, ekintza esplikatzeko. Laborariek argi dute hartzaren eta artaldeen artean elkarbizitza ez dela posible.

Ostiral goizean, ardiengana igo zirenean, ohartu ziren zerbait ez zihoala, artaldea eta zaldiak barreiatuak aurkitu zituztelarik. Hunkiturik kontatu zuen Romain Jauregiberri artzain kaltetuak. «Ardiak barailak hautsirik, adarrak hautsirik, kaskoa arraildua, zangoak hautsirik... ezin bizitzekoa da». Eraso larria jasan zutela ohartu ondotik, ardiak kontatzen hasi zirela azaldu du Harizpuruk. «Mila ardietarik 630 bildu ditugu. 50 bat hilak dira, ehun bat zaurituak, eta oraindik 300 falta ditugu». Atzo, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak helikoptero bat bidali zuen bilatze lanetan laguntzeko; bi artzainen lagunak mendian zebiltzan, oinez.

Zauritutako ardi bati baino gehiagori eutanasia egin behar izan diote; horiek dira atzo Baionako suprefetura aitzinean erakutsi zituztenak. Albaitariarenetik negarrez atera zirela adierazi du Jauregiberrik. «Ardi batzuk hilaurtzen, ardi ederrak guretako oro. Antzu izanen dira, batzuek axuria hilik izanen dute barnean». Ardiak hilaurtzen badira, ez dute axuririk izanen, eta ez dute esnerik emanen. «Negu honetan ez dugu deus eginen: ardi horiek urte bat behar dute geldirik egon. Bortura joanen girea berriz? Ez dakigu».

Orain dela zazpi urte hasi zen artzain Jauregiberri; orain dela bederatzi urte Harizpuru. Artalde osoa erosia zuen, eta aurten zuen lehen urtea ardiak Cauteretsera eramaten zituela. «Iruditzen zait ardiak hiltzera eraman ditudala».

Elkarbizitza «ezinezkoa»

Romain Jauregiberriren hitzetan, haiena ez da izan azkenaldian jazotako eraso bakarra. Beste laborari batzuek ere behiak eta ardiak hilik aurkitu dituztela jakinarazi du. Elkarbizitza posible ote da? Laborariek ezetz uste dute, eta hala jakinarazi diete Frantziako Estatuko zerbitzuei: «Guretzat froga hor da», ebatzi du Harizpuruk. «Ez manera horretan». Deblauki mintzo da Jauregiberri: «Nik erraten dudana da artzaingoa txikitzen ari dela. Badira anitz mendi hutsak direnak. Aski dute parke handi batzuk egitea. Hartzaren alde direnek aski dute ardiak parkeetara igortzea; ibiltzaileek ere aski dute hara joatea nahi badute hartza ikusi. Mendiak badira hektareak eta hektareak zerratzen ahal direnak; aski dute zerratzea, eta hor konpon».

Ildo beretik jo du Panpi Sainte Marie ELBko eledunak ere. Haren hitzetan, hartzaren etorrerak erabat aldatu du artzainen bizitza, eta egun eta gau «beldurrean» bizi direla esplikatu du. «Psikologikoki ere ondorioak ditu». Haren iritziz, ezinbestekoa da jendea ohartaraztea. Oraingoz, estatuak hitz eman die hartz gehiago ez dituztela sartuko Pirinioetan. Jadanik direnekin zer egin; hori da orain galdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.