Katalunia. Erreakzioak Espainian

Espainiako Gobernuak batasuna eta leialtasuna eskatu dizkio oposizioari

Asteazkenera bitartean 97 lagun atxilotu dituzte Katalunian; bost preso daude behin-behinean

Kataluniako egoera jorratzeko batzorde berezia, Espainiako presidente Pedro Sanchezek zuzendua, atzo, Madrilen. JOSE MARIA CUADRADO JIMENEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Espainiako gizarteak batasuna nahi du independentisten aurka». Hitz horiekin erantzun die Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak haren dimisioa eskatu dutenei. Ministroak gehitu du Espainiako Gobernua prest dagoela kaleko protestei «sendotasunez» erantzuteko, eta ez dela «inpunitaterik» egongo. Era horretan, dei egin die oposizioko alderdiei, «beharrezko leialtasun instituzionala» mantentzeko. Izan ere, Margarita Robles Defentsa ministroak herenegun azpimarratu zuen gobernuak eman beharreko erantzuna «estatu itun baten pean» gertatu beharko litzatekeela. PPk eta Ciudadanosek neurri gogorragoak eskatu dituzte, ordea: 155.a eta Segurtasun Nazionaleko Legea. Gobernuaren esanetan, berriz, «egitate elementu erabakigarriak» agertu beharko lirateke arautze esparru horiek aplikatzeko.

Marlaskak Kataluniako egoera jorratzeko batzordearen bileraren ostean egin ditu adierazpenak, eta azaldu du poliziek46 lagun atxilotu zituztela asteazken gauen; 97 astelehenean protestak hasi zirenetik. Horietatik bost behin-behinean preso daude, desordena publiko eta autoritatearen aurkako atentatu delituak egotzita. Ministroak adierazi du atxiloketa gehiago egongo direla, «gertaera bandalikoek» behera egitea espero duen arren.

Mossoen, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren arteko elkarlana ere goraipatu du Marlaskak, ministroaren esanetan, irailaren amaieran abiatu zena, «mossoek hala eskatu ostean». Espainiako presidenteorde Carmen Calvok Kataluniako Barne kontseilari Miquel Buch eta mossoen buru Eduard Sallent ere babestu ditu, Torrak haien dimisioa eskatu zezakeenaren zurrumurruen aurrean.

Kataluniako presidente Quim Torraren adierazpenei ere erantzun die Marlaskak, Konstituzio Auzitegiak herenegun emaniko abisuari erreferentzia eginez —desobedientziaren arriskuen ingurukoa—: «Legearen barruan dena sartzen da, legetik kanpo uste dut badakiela zer geratzen den zuzenbide estatu batean». Eskaera bat ere egin dio Barne ministroak Kataluniako presidenteari, poliziei euren lana aitortzea eta biolentzia gaitzestea, «dudarik gabe, ez gaueko azken orduan arrastaka». Beste hainbat ministrok ere kritikatu dituzte Torraren hitzak; besteak beste, Jose Luis Abalos Sustapen ministroak. Haren hitzetan, gaitzespen hori «ez da zintzoa», eta Torrak «lasaitasun eza» zabaldu du. Halere, Marlaskak adierazi du «egitateei» erantzuteko prestatzen ari dela gobernua, eta ez «adierazpenei».

PPko presidente Pablo Casadok «sendotasuna» eskatu dio gobernuari, Torrak Kataluniako Parlamentuan eginiko adierazpen «larrien» ostean: «Berriz ere legeari kolpe bat ematen saiatzen ari da (Torra), eta, beraz, uste dugu zuzenbide estatuak sendoa izan behar duela bere erantzunean, egoera gehiago zaildu baino lehen». PPko buruaren esanetan, beste autodeterminazio erreferendum baten aukera mahai gainean jartzea, «desobedientzia zibila adoretzeko hitzaldi bat» egitea eta mossoei ikerketa bat irekitzea «onartu ezin den arazo oso larria da».

Protestez, Casadok azaldu du azken gauetan bizi izandakoa ezin dela onartu «XXI. mendeko Europan», eta Segurtasun Nazionaleko Legea aplikatu eta Torrari errekerimendua bidaltzeko eskaera berretsi du. Isabel Garcia Tejerina ministro ohiak Euskal Herria jarri du eredu: «Kale borroka konpontzea lortu genuen legeak aplikatuz».

Alderdiko idazkari nagusi Teodoro Garcia Egea izan da, berriz, Marlaskaren dimisioa eskatu duena: «Milaka polizia gogorki lanean ari zirenean katalanak biolentoetatik babesteko, euren arduradun gorenak ez zirudien oso kezkatuta».

Calvok «doilortzat» jo du PPk Marlaskaren dimisioa eskatu izana, Bartzelonako istiluak gertatu bitartean Madrilgo jatetxe batean afaltzeagatik, eta estatuarekiko «leialtasuna» eskatu die popularrei. Abalos ere Marlaskaren defentsan atera da, eta gogoratu du «independentzia aldarrikapena eta legez kanpoko erreferenduma» Mariano Rajoyren mandatupean gertatu zirela.

Ciudadanoseko buru Albert Riverak, berriz, adierazi du gobernuaren alboan egongo dela «ekiteko eta erabakiak hartzeko bada»;155. artikulua eta Torraren kargugabetzea, esaterako. Rivera kexu da gobernua «geldi» dagoelako, «abantaila handi bat» izan arren, «oposizioaren babesa».

«Arduragabekeria»

Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasen esanetan, bai Espainiako, bai Kataluniako alderdien adierazpenek agerian utzi dute «indarkeriaren gaitzespena». Herenegun Kataluniako presidenteorde Pere Aragonesekin hitz egin zuela ere azaldu du, eta hark mossoen eta Espainiako polizien arteko elkarlana «bikaina» dela berretsi ziola. Beraz, Podemoseko buruak ez du Segurtasun Nazionaleko Legea aplikatzeko beharrik ikusten, eta «arduragabekeria ikaragarritzat» jo du Ciudadanosek eta PPk hala eskatzea. Espainiako Gorteetarako bozetarako Voxekin lehiatzeko nahia badute salbuespenezko neurrien defentsa utzi behar dutela defendatu du, «ez badira balizko juridikoak betetzen».

Izan ere, Voxeko presidente Santiago Abascalek, zuzenean, Torrarentzat behin-behineko espetxea eskatu du: «Gu ez gaude ados errebeldia separatistaren liderrak sedizioagatik kondenatu izanarekin. Matxinada bat gertatzen ari dela uste dugu, eta horregatik eskatzen dugu salbuespen egoera ezartzea». PPk berak ere kritikatu du Voxen mezua. Casadok azaldu du Twitterrerako «txio on bat» bilatu besterik ez dutela nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.