Joseba Barandiaran Andueza.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Rodriken trilema

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Mondragoneko buru IƱigo Uzinek aitortu bezala, krisiari buruzko erantzun zehatzik inork ez daukagu oraindik. Krisia ezustean heldu zaigu, eta, birusa legetxe, gurean izango da puska baterako: COVID-19aren aurkako txertoa helduta ere, pixka batean bai. Alde batetik, normaltasun berriak zaharraren antz dexentekoa du oraingoz: autoak erosteko eta turismo enpresei eusteko laguntzak lekuko. Egoera iraultzeko premia agerian gelditu da krisian hein batean, baina ekonomia goizetik gauera (berriz) itzulipurdikatzea zaila da, zaila denez. Beste alde batetik, gurean langabeziak gora egin du jada, diru-sarrerei buruzko gehienon zalantzek gora egin dute (gutxieneko bermeak berme), eta, hortaz, barne zein kanpo eskari ahulagoa dugu geurean. Osasun, zaintza eta heziketaren alorreko eskariak egin du gora, egitekotan.

Gaur, aldiz, birusaren aurretik ere deigarri zitzaidan hiruki edo trilema bat partekatu nahi nuke Pentsaldia-n. Dani Rodrik ekonomialari turkiarrari (txiosferan @rodrikdani, Harvardeko irakaslea) irakurria; The Globalization Paradox liburuan plazaratu zuen, 2011n, eta zer pentsa ematen du: hiruki baten erpinetan kokatzen dira subiranotasun nazionala, hiper-globalizazioa eta politika demokratikoak. Trilema deritzo, hiru erpinak aldi berean erdiestea ezinezkoa delako. Bi erpini heltzeak (adibidez, subiranotasun nazionala eta hiper-globalizazioa) politika demokratikoei uko egin beharra dakar. Hiper-globalizazioa eta politika demokratikoak erdieste aldera, aldiz, subiranotasun nazionalari uko egin beharko. Eurogune mailan ere planteatzen den trilema hori estatudun nazioei heltzen zaie, estatubako nazioei zer esanik ez. Eurogunea izateak berak subiranotasun galera baten baitan kokatzen gaitu, finean, kide guztiak. Antzeko beste formulazioak ere badira, hirukiaren erpinak pixka bat aldatuta: ekonomia hazkundea, gizarte-kohesioa eta legezkotasuna (rule of law). Baina funtsean trilema bertsua da.

Bistan da Txinak politika demokratikoen erpinetik urrunago kokatzen duela bere burua. AEBek, aldiz, hiper-globalizaziotik urruntzea hobetsi dute itxuraz. Birusak ere hiper-globalizazioa kolokan jartzeko arrazoiak eman ditu, baina, era berean, politika demokratikoetan ere atzerapausoa eman dezakegula dirudi, subiranotasun nazionalaren alde. Horrek eurogunea bera tentsionatu dezake, Herbehereetatik behera.

Desideratum gisa har dezakezue hau, baina, ekonomia berriaren oinarriak demokrazia gehiago eta globalizazio gutxiago izan behar luke oinarri. Eta ingurumenak agertu behar luke hor nonbait. Klima krisiari aurre egiteko garaian gobernantza globalak beharrezkoa dirudi, eta, horretarako, nazio subiranotasuna bazter utzi beharko litzateke hein handi batean. Gehitu horri bizi gaituen iraultza teknologikoa: adimen artifiziala, eragin dezakeen muturreko automatizazioa eta modu puskatzailean hainbat sektore jokoz (merkatuz) kanpo uzteko izan lezakeen ahalmena. Uber, Airbnb eta enparauen kasuan ikusitako bidetik. Eta hor goaz, krisiz krisi, azken porrotera arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.