«Premiazko neurriak», eraso matxistak ugaritu direlako

Eraso matxisten areagotzea dela eta, Espainiako Ministroen Kontseiluak legedia eguneratzeko neurri sorta bat onartu zuen atzo

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Alarma egoera indargabetu zenetik indarkeria matxista kasuak ugaritu direla kontuan hartuta eta udako jai giroan sexu erasoek gora egin dezaketela aurreikusita, Espainiako Ministroen Kontseiluak genero indarkeriaren aurkako legea eguneratzeko «premiazko neurri sorta bat» onartu zuen atzo. Berdintasun Ministerioak proposatu dituen eta Hego Euskal Herrian ere indarrean sartuko diren hamabost neurrien bitartez, detekzio sistemak fintzea, indarkeria matxista jasan duten emakumeak hobe artatzea eta biktima diren haurren babesa indartzea dute xede, besteak beste.

Indarkeria jasaten duten emakumeei babes handiagoa emateko helburuarekin, Ministroen Kontseiluak «gizarte osoa» arazoaren aurka engaiatzeko neurriak onartu ditu. Horien artean, emakumeen inguruko senide eta lagunek jarritako salaketak sustatzeko kanpainak daude; erasoen lekuko direnei eta saltokiei ere zuzenduko dizkiete kanpaina horiek. Halaber, osasun zentroetan indarkeria matxista kasuak detektatzeko protokolo estandarizatu bat ezarriko dutela ere iragarri dute, Hegoaldean egun dagoenaren modukoa.

Genero indarkeriaren biktima izandako emakumeek laguntza eta etxebizitza eskaerak egiteko bete behar dituzten izapideak errazte aldera, berriz, eskura dituzten zerbitzu sozialak elkartzeko «leihatila bakar» bat sortuko dute. Bulego horrek arreta eskainiko die indarkeria matxistak hildako emakumeen senideei ere, eta autonomia erkidegoekin eta udalekin elkarlanean osatuko da.

Horrez gain, indarkeria bikarioa jasaten duten haurrak babesteko plan bat onartu dute lehen aldiz, indarkeriaren biktima gisa dituzten eskubideak bermatu daitezen arlo judizialean, zerbitzu sozialetan eta bestelako arloetan.

Bestalde, jakinarazi dute formakuntza jarduera «masiboak eta diziplina askotakoak» antolatuko dituztela, poliziek eta justiziaren arloko langileek indarkeria matxistaren biktimei ematen dieten arreta hobetzeko.

Eragina, ikusteko

Garaiz da oraindik Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu berri dituen neurriek Hego Euskal Herrian zer eragin izango duten neurtzeko; izan ere, autonomia erkidegoek, dauzkaten eskumenetan oinarrituta, aurretik ere hainbat neurri hartu baitituzte indarkeria matxistaren aurkako bidean aurrerapenak egiteko.

Hala, Emakunde eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua neurri sorta berriaren nondik norakoak zehaztasun handiagoz ezagutzeko zain daude. Hala eta guztiz ere, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, baliteke Espainiako Gobernutik iritsitako aldaketek eragin mugatua izatea hemen: «Hedabideen bitartez jakin dugunaren arabera, ematen du jada Euskadin martxan dauden proposamen batzuk aipatzen direla, baina, edozein modutan, dokumentua aztertu beharko da».

Era berean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erakundeek indarkeria matxistaren aurka egiten duten elkarlana goraipatu du Emakundeko zuzendariak, eta oinarri horretatik abiatuz lanean jarraitzeko beharra azpimarratu: «Emakumeen aurkako indarkeria matxista egiturazko arazoa da, eta, Euskadin, arazo horri erantzun ahalik eta egokiena emateko, erakunde guztien arteko lankidetza bultzatzen dugu, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arreta Hobetzeko II. Akordioaren esparruan; proposamenaren berri izaten dugunean, gune horretara eramango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.