Euskaraz ikasteko aukeren aldeko kanpaldia hasi dute NUPen

Larunbatean Iruñean euskararen alde manifestatzera deitu dute. Ikasle mugimenduko eragile guztiek babestu dute kanpaldia

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko, kanpalekua jarri dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskaraz ikasteko eta aritzeko eskubidearen aldeko kanpaldia abiatu du NUP Nafarroako Unibertsitateko Euskara Taldeak Arrosadiko campusean (Iruñea). Atzo hasi zen, eta ostiralera bitarte egonen dira. Euskara gaia, bada garaia! Unibertsitatea euskaraz orain! lelopean, manifestaziora deitu dute larunbaterako; 12:00etan abiatuko da, Baratxurien plazatik. NUPen hizkuntza eskubideak bermatzea da helburua. Atzo goizean egindako agerraldian, Josu Garralda eta Libe Renteria NUPeko Euskara Taldeko kideek adierazi zuten borrokan jarraituko dutela: «Entzun gaitzatela, ikus dezatela hemen badela euskaraz ikasi eta bizi nahi duen komunitate indartsu bat, eta gure eskubideak zapaltzen dituztenean ez garela geldirik geratzen».

Lau eskaera nagusi egin dituzte; besteak beste, euskara arautuko duen euskara plana martxan jartzea eta euskararen errektoreordetza sortzea: «NUPen ez dago euskara arautzen duen legezko egiturarik». Horrez gain, euskara kredituei dagokienez, exijitu zuten aurreko ikasturtean emandako pausoei jarraitzeko: irakasleen kontratazioetan euskara aintzat hartzeko eta unibertsitateko langileak kontratatzean euskararen ezagutza bermatzeko.

Nafarroako Gobernuak NUP martxan jarri zuenetik 34 urte igaro dira, eta gaur egun, unibertsitateak gradu bakarra eskaintzen du osorik euskaraz: Irakasle Ikasketak. «Urte horietan, euskarak ez du izan ia lekurik; erregimenak, ordea, nahi beste», salatu dute taldeko kideek. Ikasturtearen hasieran ohartarazi zuten euskaraz ikasi nahi duten ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dutela ikasketak euskaraz egiteko. Hala ere, haien arabera, NUPeko ikasle euskaldunen kopuruak gora egin du, eta unibertsitateko ikasle guztien %31,29k euskara ongi menperatzen dute. NUPeko estatutuen 118. artikuluaren arabera, gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntzak dira, eta beraz, unibertsitateko kide guztiek aukera dute biak erabiltzeko. Aitzitik, salatu dute eskaintza ez datorrela bat egoera soziolinguistikoarekin: «Gaur egun, euskara hirugarren mailako hizkuntza da».

Ikasle mugimenduko eragile guztiek babestu dute protesta. Unai Irigarai NUPeko Euskara Taldeko kideak azaldu zuen arazoak izan zituztela atzo goizean kanpalekua jartzeko: «Errektoretzak erresistentzia erakutsi du kanpalekua jartzearen inguruan, baina negoziatzea lortu dugu». Lau egunez egonen dira, eta han gaua pasatzea da haien asmoa. Saioa Zubiate musikariaren emanaldiarekin amaitu zuten atzo, eta, gaur, 08:00etan zarata eginez ekin nahi diote. Mus txapelketa eta euskararen inguruko bi hitzaldi ere antolatu dituzte gaurko: Nafarroan euskaraz bizi izenburupean mintzatuko da Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta Euskara eta klase sozialak hizpide izanen ditu Paul Beitiak.

Bihar 10:00etan Laba sarearen aurkezpena eginen dute; arratsaldean, bi hitzaldi eginen dituzte: Hezkuntza euskaraz, Iturramako Irakasleekin, eta Euskara eta burujabetza, Euskal Herrian Euskaraz-ek prestatuta. Ostiralean amaituko dute kanpaldia, bertso saio batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.