Beste bost gudari identifikatu dituzte Begoñako hilerrian

Identifikazio xaflei esker atzeman dituzte bost gudariak. Gogora institutuak espero du 2023ko udaberrirako amaitzea identifikazio lana

Tomas Rubinen senideak, atzo, Bilbon, gudariaren gorpuzkiak hartu berri. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
1936ko gerran eta ondorengo urteetan hildako lagunen gorpuzkiak berreskuratzeko lanean jarraitzen dute Begoñako hilerrian, Bilbon. Indusketa lanetan berreskuratutako bost identifikazio xaflei esker, beste bost gudari atzeman dituzte oraingoan: Ramon Crespo Ortiz, Lucas Galvete Gainza, Fernando La Hera Urrutia, Inazio Lopetegi Oliden eta Angel Perez Puertas. Atzo eman zuten aurrerapausoen berri, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan.

Aranzadi zientzia elkarteak 1936ko gerran hildako 46 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituen joan den martxoan Begoñako hilerrian. Horietatik 42 orain arte desagertutakoenak ziren, erregistratu gabeko hildakoenak. Bost gudariak identifikatzeaz gain, senideekin harremanetan jartzea lortu du Gogora institutuak, eta horiek ere ekitaldian izan ziren.

Gainerako 37 pertsonak identifikatu ahal izateko, beste 64 familiarekin harremanetan dago Gogora institutua; horien kasuak bat datoz identifikatu nahi diren biktimen ezaugarriekin: gudulariak eta ekainaren 14tik 18ra bitarte Artxanda mendiko borroketan hil zirenak.

64 familia horietatik hamabik eman zioten lagina Gogoraren DNA bankuari, eta gainerakoak lagin genetikoa hartzeko prozesuan daude. Espero dute datorren urteko udaberrirako amaitutzat ematea identifikazio lana.

Gerra Zibilean desagertutako pertsonak berreskuratzea «betebehar demokratiko, instituzional, sozial eta moral bat» dela adierazi du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta memoriari buruzko politika orokorrak indartzeko konpromisoa erakutsi du: «Beharrezkoak diren giza baliabide, baliabide material, zientifiko eta ekonomiko guztiak jartzen jarraituko dugu». Era berean, Gogora institutura jo dezatela eskatu die Bilboren defentsan hildakoen senideei, informazioa emateko.

Aranzadi zientzia elkartekoek 2021eko urrian ekin zioten Begoñako Argia proiektuari. Bilboko Udalak 2006tik itxita zegoen hilerria kendu eta parke bat egiteko nahia zeukala jakitean, iruditu zitzaien aukera ona zela ikasleei indusketen mundua erakusteko.

Gorpuzkiak, senideei

Identifikazio prozesuko aurrerapausoen berri emateaz gain, Tomas Rubin Marin gudariaren gorpuzkiak senideen esku utzi zituzten atzoko ekitaldian. EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintzarekin borrokatu, eta 31 urterekin hil zen, Legutioko (Bizkaia) gudan jasaniko zaurien eraginez. Zornotzako (Bizkaia) ospitale militarrean hil zen, 1936ko abenduaren 3an. Haren gorpua Bilboko Begoñako hilerrira eraman zuten, baina, urte luzez, senideek ez dute jakin zehazki non zegoen lurperatuta. Angel Rubin semeak jaso zituen aitaren gorpuzkiak.

Bestalde, Bizkargi mendian hil zuten Jesus Izagirre gudariaren hezurrak jaioterrira itzuli zituzten herenegun, Gabiriara (Gipuzkoa), eta ekitaldi xume batekin egin zioten ongietorria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.