Zahar etxeak egokitzeko prozesua zaila izango dela aitortu du Murillok

Bizikidetza unitate txikietara lotuta martxoan ireki beharreko 500 tokiak ez daude erabilgarri

Aldundiko langileek protesta egin zuten atzo batzar nagusien aurrean, Murilloren agerraldia baliatuta. M. DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Zahar etxeetako sistema aldatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia: «eredu gizatiarragoa» osatzeko, egoiliarrak talde txikiagoetan antolatu nahi ditu, eta 25 pertsonako bizikidetza unitateak eratu. Horretarako, baina, zentro askotan obrak egin behar dira azpiegiturak egokitzeko, eta «trantsizio prozesua» ez da erraza izaten ari: lehen fasean atzerapen nabarmena dutela aitortu zuen atzo Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak batzar nagusietan, eta horrek familiei eragindako arazoak azaleratu zituen oposizioak. Izatez, iazko irailean diputazioak iragarri zuen aurtengo martxoan prest egongo zirela bizikidetza unitate berrietako 500 toki, baina, epe horretatik lau hilabete joan diren honetan, leku berriak ez daude erabilgarri, eta, ondorioz, jaitsi egin da aldundiak orain eskaintzen duen toki kopurua. Gobernuari «prebisio falta» egotzi zion EH Bilduk, baina diputatuak argudiatu zuen prozesua «konplexua» izango dela.

Murilloren hitzetan, «adostasun zabala» dago bizikidetza unitate txikiagoen premian, baina hautu hori ez dute egoitza berrietara mugatu nahi: «Errazena litzateke, baina ez bidezkoena». Hortaz, martxan diren zahar etxeetan ere jardun behar dute, eta espazioak egokitu. «Prozesu progresiboa eta boluntarioa izango da», adierazi du diputatuak.

Izan ere, praktikan zailtasun ugari izaten ari dira. Besteak beste, egoitza sarearen parterik handiena itunpekoa delako Bizkaian, eta horrek aldundiaren ahalmena mugatzen du. 150 zahar etxe baino gehiago daude lurraldean, baina soilik bi kudeatzen ditu diputazioak zuzenean, Leioan eta Elorrion, eta horien obrak ekainean lizitatu zituen. Udalen esku, berriz, hamabost zentro daude: birekin sinatu du akordioa aldundiak trantsizioa bideratzeko, eta beste bik prozesua abiatu dute. Itunpekoei dagokienez, iazko irailean 24 egoitzak adierazi zuten guztira 600 toki baino gehiago eskaintzeko asmoa, baina denek ez dute bete. «Batzuek amore eman dute, beste batzuek zailtasunak izan dituzte baina aurrera egin dute, eta beste eskaintza berri batzuk ere jaso ditugu», azaldu du Murillok.

Ondorioak egoiliarrengan

Traba eta atzerapen horiek eragin dute martxoan zabaltzekoak ziren 500 tokiak oraindik prest ez egotea. Eta horrek beste arazo bat ekarri du, GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko eta egoitzetako langileek maiatzean idatziz jakinarazi zutenez. Orain arte, zahar etxeetan bi toki mota izan dira: arruntak eta zaintza konplexua behar duten pertsonentzakoak; iaz beste modalitate bat txertatu zuten: bizikidetza unitateetakoak. Aldundiaren asmoa zen toki berri horiek zabaldu ahala leku arruntak gutxitzea, antzeko proportzioan: aurtengo martxoan bizikidetza unitateetan 500 toki izango zituen, baina 475 toki arrunt gutxiago; praktikan, ordea, leku berriak ez daude martxan, baina leku arruntak murriztu egin ditu.

«Toki kopurua nabarmen gutxitu da, eta horrek ondorio oso negatiboak izan ditu tokiak esleitzeko prozesuan», salatu dute langileek. Kezka berezia agertu dute mendekotasun handia duten adinekoekin eta 3.000 eurotik beherako aurrezkia duten sendiekin: «Orain arte, administrazioa ondo moldatu da pertsona horiei toki bat emateko gertuko egoitza batean, baina, leku kopurua gutxituta, diputazioak ezin ditu toki batzuk esleitu eta lekualdatze batzuk gauzatu, eta familiek ez dute baliabiderik egoitza pribatuak ordaintzeko».

LAB, ELA, UGT, SATSE eta CCOO sindikatuek, langile ordezkaritza independenteak eta Babestu senideen elkarteak protesta egin dute batzar nagusien aurrean, eta haien kezka batzordera eraman du Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak: «Badakigu eredua ezin dela egun batetik bestera aldatu, baina bidean ezin dira plaza publikoak galdu. Familia egoera dramatikoez hitz egiten ari dira langileak». Ohartarazi du egoerak okerrera egin dezakeela datorren urtean, bizikidetza unitateetara toki gehiago bideratu ahala, obrak atzeratuz gero.

Ildo horretan, Murillok iragarri du 267 toki gehiago itundu dituela behin-behinean, eta neurria luzatzeko prest agertu da, trantsizio prozesuan premia badago. Erantsi du Bizkaiko egoitzen sarean «inoiz baino toki gehiago» dagoela, baina kalkulu horretan sartu ditu erabilgarri ez dauden tokiak.

Bestelako zalantzak ere agertu ditu oposizioak. Duquek ratioen inguruko kezka berretsi du: «Eredu berria ezin da garatu langile gehiago jarri gabe». Hector Fernandez Bizkaiko Elkarrekin-eko batzarkideak, berriz, gogora ekarri du Espainiako Gobernuak bestelako irizpideak ezarri berri dituela: «Hamabost pertsonako bizikidetza unitateak hobetsi ditu. Hemengo eredua zaharkitua geratuko al da hasi baino lehen?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.