«Justizia» egitea espero dute

Gaztelueta auziko biktimaren familiak eta defentsak baikor hartu dute Elizak auzia ikertzea

Gaztelueta ikastetxeko maisuaren aurkako epaiketa, 2018an. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Pozik hartu dute erabakia. Gaztelueta ikastetxeko sexu abusuenbiktimaren familiarentzat eta familiaren abokatuarentzat positiboa da Frantzisko aita santuak auzia zabaltzeko emaniko agindua. «Berandu dator, baina pauso garrantzitsua da», adierazi dio BERRIAri Juan Cuatrecasas biktimaren aitak. Elizarengandik «erreparazioa» eta «aitortza» espero ditu. «Justizia» nahi du: «Prozedura kanonikoarekin justizia egitea espero dugu». Bide beretik mintzatu da Leticia de la Hoz abokatua: «Egoera bidegabe hau amaitu eta irakasle ohia zigortzea espero dugu».

Elizak 2015ean itxitzat eman zuen Leioako (Bizkaia) ikastetxe erlijiosoko irakasle ohi baten aurka sexu abusuengatik zabaldua zuen ikerketa. Uda honetan, baina, biktimari bidalitako gutun batean, aita santuak adierazi zuen aferaren inguruko txostenak gainbegiratu zituztela, eta prozesua irekitzeko beharra ikusi zutela. Hau da Vatikanoak afera honetan esku hartzen duen lehen aldia. Aita santuak Teruelgo (Espainia) gotzain Jose Antonio Satueri eman dio prozesu kanonikoa gidatzeko ardura, eta helburu izango du ikastetxeak Gaztelueta auzian izandako jarrera ikertzea.

Frantzisko aita santuaren «borondatea ona» dela nabarmendu du biktimaren aitak, baina argi utzita Elizaren «betebeharra» ere badela sexu abusuak ikertzea, «orain arte dena estaltzen» aritu delako. «Egindako ikerketa lardaskeria hutsa izan zen, tranpez betetakoa». Haren ustez, erabakia «albiste ona» da, eta erakusten du Elizak bere garaian ez zuela bere lana behar bezala egin: «Badakite bere garaian ikerketa iruzurtia egin zutela, eta orain prozedura kanonikoa zabaltzea erabaki dute akats hura zuzentzeko». Azaldu du itxaropena duela elizak prozedura «gardena» egingo duela eta «berme juridiko guztiekin» eramango duela aurrera, eta, era horretan, irakasle ohiari zigorra ezarriko diotela.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion Jose Maria Martinez Sanz Opus Deiren Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohiari 2020an, ikasle bati sexu abusu jarraituak egiteagatik. 2009 eta 2011 artean gertatu zen hori, biktima adingabea zela. Espainiako Auzitegi Gorenak, baina, arindu egin zuen zigorra, eta bi urtera jaitsi zion.

Orain arte, Opus Deik eta ikastetxeak uko egin diote biktimari barkamena eskatzeari eta edozein erantzukizun beren gain hartzeari. Are gehiago, zenbait hedabideren arabera, Vatikanoaren esku hartzea galarazi nahi izan dute. Opus Deik ohar batean gogorarazi du 2015ean Fedearen Doktrinarako Kongregazioak ikerketa bat egin zuela eta ebatzi zuela irakaslea errugabea zela. Hala ere, «edozein abusu mota» gaitzesten duela azaldu du, eta espero duela aita santuak irekitako bideak «zauriak sendatzeko» balio izatea.

Biktimaren aitak salatu du Opus Deik «mespretxua» eta «errespetu falta» adierazi diola biktimari: «Ez dira gai izan barkamena eskatzeko, egindako akatsak onartzeko eta pederastiaren biktimari errespetua agertzeko». Esperantza du Elizak abiatuko duen ikerketak beste biktimen aldeko «jurisprudentzia positiboa» ezartzeko balioko duela: «Antzeko beste kasuetan justiziak biktimen alde egiteko balio beharko luke».

Sexu abusuak jasan zituen gaztearen defentsak bide zibila eta kanonikoa sustatu ditu, hasieratik. Eta, auzitegietan egin bezala, Elizaren barne ikerketan ere parte hartuko du. Abokatuak BERRIAri esan dio Elizak auzia ikertzea «albiste oso positiboa» dela, familiak maiz egin duen eskaria baita: «Familiarentzat berebiziko garrantzia dauka Elizak ere pederastia kasu hau zigortzeak».

«Errugabea» dela esan du

Frantzisko aita santuaren erabakia jakin berritan, Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohiak adierazi du prest dagoela hark agindutako prozesu kanonikoan «laguntzeko», baina berretsi du bera «errugabea» dela. Irakasle ohiak ohar bat argitaratu du, non esaten duen ez duela ulertzen zergatik abiatu duen Elizak prozesubat bere aurka, dagoeneko apaiza ez bada. Hala ere, azpimarratu du Elizak hasiko duen ikerketari buruzko xehetasunak eta «berme juridikoak» jakin zain dagoela eta lagundu nahi duela: «Nire errugabetasuna errepikatuko dut, entzun nahi badidate».

Oharrean adierazi du azken urteotan «herstura» eta «sufrimendu bidegabea» pairatu dituela auziaren ondorioz. Halaber, salatu du denbora horretan guztian egin diren ikerketak, Elizarenak barne, «mediatikoki oso baldintzatuta» egon direla eta errealitatea «desitxuratu» egin dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.