Justiziak gerarazi egin du Basurtuko bihotz kirurgia lekualdatzeko prozesua

Gurutzetako erietxera eraman nahi zuen Osakidetzak, eta eguna jarria zuen horretarako: azaroaren 17a. Kautelazko etetea ebatzi du justiziak

Basurtuko erietxea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Eguna jarria zuen Osakidetzak: hilaren 17an itxi egin nahi zuen Basurtuko erietxeko bihotz kirurgiaren zerbitzua (Bilbo), eta Gurutzetakora (Barakaldo) eraman nahi zuen. Kritika ugari eragin ditu aldaketa hori egiteko asmoak, eta prozesua kautelaz etetea erabaki du orain Gasteizko epaitegi batek, Basurtuko zerbitzuko medikuek abiatutako auzibide baten harira. Justiziak ebatzi du prozesuak aurrera jarraitzen badu «kalteak» eragin ditzakeela, osasun profesionalek eta pazienteek pairatuko dituztela ondorioak, eta, horiek horrela, medikuek abiatutako auzibidea argitu bitartean, bederen, gerarazi egin behar dela.

Autoaren arabera, zerbitzua «ixten» badute «existitzeari utziko dio», eta gero hura ezingo da berriz «hutsetik» martxan jarri. Horregatik egin du etete kautelazkoaren alde. Erantsi du, gainera, egun Basurtuko erietxean kardiologia arloan lanean ari diren beharginak beste unitate batzuetan «integratuko» dituztela zerbitzua bertan behera geratzen bada, eta «diziplinan duten gaurkotzea galduko» dutela, «langileak ordenatzeko planik» ez dagoelako. Horiek horrela, autoaren arabera, gero epaia langileen aldekoa bada, «era ekonomikoan konponezinak» izango diren kalteei egin beharko zaie aurre, eta hori saihestu egin behar da.

Heriotza gehiago

«Pazienteek» paira ditzaketen kalteei dagokienez, autoaren arabera egiaztatuta dago ebakuntzak egiteko kardiologia zerbitzurik ez duten erietxeetan bihotzeko pazienteen hilkortasun tasa handiagoa izaten dela, eta hori ere aintzat hartu behar da. Hona etetearen alde ebazpenean jasotako beste zioetako bat: Osakidetzak ez du eman bi zerbitzuek bat egiteko «bateratze akordio arrazoizko eta motibaturik». Hainbat iturriren arabera, helegiterik ezin da jarri auto honen aurka.

Basurtuko erietxetik bihotz kirurgiaren zerbitzua ez kentzeko lanean ari dira Basurto Bizirik plataforman, eta «poza» azaldu dute auto honen harira. «Zuhurtasunez» mintzatu nahi izan dute, hala ere, kautelazko etete bat baita oraindik ere. Osakidetzak eta Osasun Sailak «harriduraz» hartu dute autoa; «alegazioak» iragarri dituzte, aldaketarekin ere arta egokia «bermatuta» dagoela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.