Klima aldaketaren auzian ere, desberdin

Andreek eragin txikiagoa dute klima aldaketan, baina ondorioak gehiago nozitzen dituzte, Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera

Miren Elgarresta eta Amaia Barredo, atzo, Bilbon egindako aurkezpenean. JOSE IGNACIO UNANUE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Emakundek eta Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak Klima aldaketa Euskadin genero ikuspegitik izeneko ikerketa ondu dute elkarlanean, klima larrialdiaren eta trantsizio energetikoaren auzia berdintasunarekin eta genero ikuspegiarekin uztartzeko asmoz. Ikerketaren ondorio nagusia da emakumeek eredu iraunkorragoak baliatzen dituztela zenbait arlotan, hala nola leku batetik bestera mugitzeko edo elikatzeko, eta, beraz, haien eragina txikiagoa dela klima aldaketan; baina, aldi berean, emakumeak dira klima aldaketaren ondorio negatiboak gehien pairatzen dituztenak.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuorde Amaia Barredok azaldu ditu ikerketaren nondik norakoak. Txostenean jasotzen denez, oraindik ere emakumeei zainketak eta etxeko lanak egozten zaizkie, eta, horren ondorioz, ibilbide laburragoak egiten dituzte, eta ibilbide horiek oinez edo garraio publikoa erabilita egiteko joera handiagoa dute. Gizonek, berriz, gehiagotan erabiltzen dute ibilgailu pribatua. Barredok azaldu duenez, umetan sexuen arteko desberdintasun hori ez da hain nabaria, baina, nerabezarotik aurrera, oso agerikoa da gizonezkoek ibilgailu pribatua eta emakumeek garraiobide iraunkorragoak erabiltzeko joera.

Elikadurari dagokionez, andreek barazki eta fruta gehiago kontsumitzen dituzte, eta gizonek, berriz, animalia jatorriko elikagai gehiago. Horren guztiaren ondorioz, emakumeek, oro har, eragin txikiagoa dute klima aldaketan.

Baina horren ondorioak emakumeek nozitzen dituzte eskuarki. «Denok dakigu pobreziak emakume hazpegiak dituela, eta klima aldaketak pobreei eta baliabide gutxien dituztenei eragiten die batez ere», azaldu du Barredok. Lehorteak jotako landa eremuetan eta alderdi pobreenetan, emakumeak nagusitzen dira, eta klima aldaketak eragindako migrazio prozesuetan ere, iheslari klimatiko gehienak emakumezkoak izaten dira.

Beste ondorio bat agertzen da ikerketan: inkesta eta galdetegi guztietan emakumeek agertzen dute ohiturak aldatzeko eta klima larrialdiaren kontrako neurriak hartzeko jarrera positiboagoa, baina, aldi berean, emakume gutxik parte hartzen du horrelako neurriak eta erabakiak hartzeko boterea duten guneetan.

«Hau erradiografia bat da, eta, beraz, joerak identifikatzeko balio du», esan du Barredok. Edonola ere, ikerketan argi gelditzen da ingurumen politikak ere generoari lotuta daudela, eta genero aldagaia aintzat hartu behar dela politika horiek diseinatzen direnean.

Lau arlo nagusi

Ikerketan lau arlo aipatzen dira, energia trantsizioan genero ikuspegia txertatzeko orduan «erronka» gisa agertzen direnak, eta arlo horietan aplikatu beharreko hogei bat neurri zehatz ere. Hasteko, txostenean proposatzen da genero ikuspegia eta ikuspegi ekofeminista sartzea klima aldaketaz hausnartu eta erabakiak hartzen dituzten lekuetan. Bestalde, «pertsonak interes ekonomikoen aurretik jarri» eta eredu sozial eta ekonomiko iraunkorragoak bultzatu behar dira, ikerketaren arabera.

Horrez gain, klima aldaketara egokitzeko neurrietan ere genero ikuspegia txertatzea proposatzen da txostenean. Azkenik, ikerketan berresten da energia trantsizioa eta genero ikuspegia gainerako auzi guztiak zeharkatzen dituzten gaiak direla eta, beraz, administrazioaren jardueran ere zeharka agertu behar dutela.

Osagai «berritzailea»

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak horrelako ikerketak egitearen garrantzia nabarmendu du: «Gero eta gehiago dira genero aldagaia kontuan hartzen duten ikerketak. Hori osagai berritzailea da, eta administrazioari oso lagungarri zaio erabakiak hartu behar dituenean».

Elgarrestaren ustez, klima larrialdiaren kontrako lana eta emakumeen eskubideen aldeko borroka «konektaturik» daude: «Berdintasun faltak arlo guztiak ukitzen ditu; klima aldaketa ere bai». Horregatik, beharrezko deritzo ingurumen politiketan «ikuspegi feminista» txertatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.