Ikerketa baten arabera, Eliza sexu abusuen arazoa «ukatzen» saiatu da

Espainiako Herri Defendatzaileak txosten bat landu du. Abusuen «eragin handia» aztertu dute

Elizako sexu abusuen kontrako mobilizazio bat, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Eliza katolikoaren baitan gertatutako sexu abusuei buruzko txosten bat ondu du Espainiako Herri Defendatzaileak; atzo aurkeztu zuen. Ikerketak berretsi du sexu abusuen auzia «arazo larria» dela, eta biktimengan «eragin handia» duela. Era berean, ohartarazi du Eliza sexu abusuen arazoa «ukatzen edo gutxiesten» saiatu izan dela. «Ukazioari eta ezkutatzeari ez ezik, biktima batzuek erakundeko ordezkarien presioei ere aurre egin behar izan diete, pairatutako abusuen errudun egin izan dituztelako», azpimarratu du.

Txostenak Espainiako datuen berri eman du —autonomia erkidegoen datuak, aldiz, ez dituzte zehaztu—: biztanleen %11,7k sexu abusuak jasan dituzte noizbait; %1,13 erlijioarekin lotutako esparruan. Hau da, 445.000 pertsonek sexu abusuak jasan dituzte Elizaren barruan, eta 236.500 apaizek egin dituzte. Biktima asko seminarioetan oso gazte sartzen ziren mutilak dira; bertan, gizartetik eta familiarengandik bakartuta bizi ziren. Testigantzek hainbat arrisku faktore zerrendatu dituzte: besteak beste, abusuak jasandako momentuan adingabe izatea, «ahultasun fisikoa», autonomia eza edota «erabateko» konfiantza abusua eragin dionarengan.

Sexu abusuek eragindako ondorioak jaso ditu ikerketak. Horien eragina biktimaren arabera aldatu daiteke, baita erasotzailearekin eta inguruarekin duen harremanaren arabera ere. Hala ere, «emozio eta jokabide arazoak» ondorio nahiko orokorrak dira. Harreman arazoak eta arazo funtzionalak (loaren nahasmendua edota elikadura arazoak, adibidez) ere eragin ditzakete, baita trauma osteko estresa, depresioa, lotsa eta estigmatizazioa ere. «Azken bi horiek azal dezakete biktimek bizitzan zehar izandako esperientziak kontatzeko duten zailtasuna». Ondorioak epe luzekoak izan daitezke: «Helduarora arte iraun dezakete, bereziki justizia eskaerentzat erantzun egokia aurkitzen ez dutenean». Bestalde, sexu abusuak pairatzen dituzten adingabeek, batzuetan, ez dute eskolara joan nahi; ikaskideengandik bakartu egiten dira eta euren buruaz beste egiteko nahia ere adierazten dute.

Ikerketa egiteko momentuan, Espainiako Apezpiku-Konferentziak «mesfidantzan oinarritutako jarrera» erakutsi du. Lankidetza «borondatez» adierazi beharrean, arazoa «gutxiesten» eta «bazterrean» uzten saiatu da. «Arazoaren dimentsio soziala nabarmendu du, barne faktoreak lantzea saihesteko».

Elizaren zeregina ez ezik, «botere publikoen» zeregina ere ikertu du txostenak. «Denbora luzez», erakundeek ez dute lanik egin sexu abusuen errealitateari erantzun bat emateko eta adingabeak arriskutik babesteko. Gogoratu dutenez, Espainiako Gobernuak haurren aurkako sexu abusuei buruzko inkesta bat lantzeko enkargua egin zuen 1994an. Beraz, «arazoaren berri bazuen». Erakunde publikoen interes ezak eragotzi du sexu abusuak hautematea eta prebenitzea.

Erreparazio eza

Salatu diren kasu gehienek ez dute justizia penalaren erantzunik jaso, «delituaren preskripzio arauak» direla eta. Eta prozesu judizial zibilak ere ez die erreparazioa bermatu biktimei: «Horrelako prozesuek zailtasun ugari dituzte, eta kostu altua». Txostenak argi utzi du, beraz, biktimek ez dutela jaso «erreparaziorik», ezta erakundeen «laguntza nahikorik» ere. Hori dela eta, hainbat gomendio eman ditu. Besteak beste, «erantzukizuna» bere gain hartzeko deia egin die, kaltea zuzenean eragin dutenei ez ezik, kaltea «bultzatu, areagotu edo estali» dutenei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.