Agindu berria preso gaixo guztiei ezartzeko eskatu dute euskal eragileek

Espainiako Gobernuak moldatu egin du gaitz larriak dituzten presoak aske uzteko instrukzioa. Irizpide bakarra ez da izango bizi itxaropena

Kalera Kalera-ren martxa, abenduaren 30ean, Martutene atarian. JON URBE / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du gaitz larriak dituzten presoak aske uzteko 3/2017 instrukzioa. PPren gobernuak onartu zuen, duela bi urte, eta haren helburua libre geratzeko baldintzak gogortzea zen. Orain arteko irizpide bakarra presoaren bizi itxaropena baldin bazen, bestelako osagai batzuk ere hartuko dituzte kontuan hemendik aurrera, protokolo berri batekin; besteak beste, gaixo dauden pertsonek kartzelan daukaten «bizi kalitatea». Eduardo Zaplana PPko ministro ohiaren kasua litzateke bat —leuzemia du—. Hainbat euskal eragilek irizpide berriak preso guztiei ezartzeko eskatu dute; hots, euskal presoei ere bai.

Sarek zuhurtziaz hartu du erabakia. «Espero dugu urte luzez gaixo dauden presoen egoera konpontzeko tresna izango dela indargabetze hau, eta ez soilik Zaplanaren kasuari aterabidea ematekoa». Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkarinagusiak «berdintasun printzipioa» errespetatzeko eskatu du eta «salbuespenik» ez egiteko irizpide horiek ezartzean. Antzera hitz egin du EAJren BBBko buru Itxaso Atutxak: «Denentzat bete dadila legea». Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak esan du gaitz larriak dituzten presoek aske behar dutela, eta PSOEren gobernuari espetxe politikan pausoak azkartzeko exijitu dio—Kalera Kalera dinamikak abenduaren 30ean Martutene Donostiako kartzelara egindako martxan mintzatu zen Rodriguez—.

Vocento taldeak eman zuen 2017ko instrukzioaren deuseztapenaren berria, abenduaren 31n, eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak baieztatu egin zuen. Dokumentu bat prestatu du gobernuak, presoen osasun egoera aztertzen duten medikuek horren araberako diagnosia egin dezaten. Hiru aukera jasotzen ditu agiriak: presoa «hilzorian» ote dagoen; «epe motzera» egoera okertu daitekeen —sei hilabete eta urtebete artean—; edo «epe ertainera» ote letorkeen arriskua —urtebete eta bost urte artean—. Gainera, 0 —heriotza— eta 100—bizi arrunta egiteko moduko egoera— arteko puntuazioa ere eman beharko diete presoei.

Angel Luis Ortiz Espainiako Espetxe Instituzioetako idazkari nagusiak abenduaren 17an sinatu zuen «oso gaitz larri eta sendaezinengatik medikuen txostenak egin» eta kartzela zigorren «etetea tramitatzeko» instrukzioa, 6/2018 izenekoa. Espetxeetako zuzendariek kartzela bakoitzeko Tratamendu Batzordeari edota Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileei igorri beharko dizkiete medikuen txostenak, baina, orain arte bezala, espetxe erakundeek izangolukete azkeneko hitza.

Egun, 21 euskal preso daude gaitz larri eta sendaezinekin, Jaiki Hadi elkartearen azken datuen arabera —horietatik, hamahiruk egin dute publiko beren egoera—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.