Murgiltze ereduei buruz uste okerra zabaltzen ari dela adierazi du NBEk

Gutxiengoen Aferetarako kontalaria Espainiari buruzko txostena egiten ari da. Hutsuneetan aipatuko du Nafarroako zonifikazioaren auzia

Nafarroako zonifikazioaren aurkako ekintza bat, Lizarran. Artxiboko irudia. JUANAN RUIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuan gutxiengoen egoera nolakoa den, txosten bat prestatzen ari da NBE Nazio Batuen Erakundea; besteak beste, hizkuntza gutxituei buruzko azterketa izango da. Aldiz aldi nabarmendutako hutsuneak ikusi ditu Fernand de Varennes kontalariak orain ere; adibidez, legeen eta justiziaren arloan euskarak nolako eragozpenak dituen. Beste bi ohar ere egin ditu, gainera. Batetik, Nafarroako zonifikazioari buruz azaldu du kezka, euskarak nolako trataera duen ofiziala ez den eremuan; bestetik, hezkuntzari dagokionez, ohartarazi du murgiltze sistemei buruz «adierazpen eta akusazio okerrak» ari direla zabaltzen, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio hizkuntza gutxituen ikaskuntzari buruzko azterketak egin ditzala, uste oker horiek «uxatzea» ahalbidetzeko.

2020ko martxoan aurkeztuko du kontalariak txostena NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan, eta informazioa jasotzeko bilerak egin ditu aurreko bi asteetan; Euskal Herrian, Katalunian, Galizian, Andaluzian eta Madrilen egon da. Behin betiko txostenaren aurretik, zertzelada batzuk azaldu ditu.

Legetik errealitatera aldeak sumatu ditu kontalariak: «Etena dago ofizialtasunaren estatusaren eta legearen inplementazioaren artean». Justizia jarri du adibide, Hizkuntza Gutxituen Europako Itunean maiz ageri den hutsunea: legeek ez dutela onartzen prozedura judizialak hizkuntza koofizialean egitea, non eta alde guztiak ez dauden horretarako ados. Poliziaren arloan ere sumatu ditu gisa horretako hutsuneak: Espainiak ez diela hizkuntza koofiziala jakitea eskatzen autonomia erkidego horietara igortzen dituen poliziei. Egoera horrek sortzen dituen kexen berri izan du kontalariak, eta urraketak ote diren aztertuko du.

Estatusari dagokionez, bereziki Nafarroako eta Asturiasko egoera aipatu du De Varennesek txostenaren aurrerapenean: hizkuntza koofizialek nolako trataera duten ofizialak ez diren lekuetan. Zonifikazioaren gaia Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak jarri zion mahai gainean kontalariari, eta ontzat jo du hark aintzat hartu izana, Nafarroako oraingo egoera «bidegabekeria» dela eta.

Kontalariak adierazi du trantsizio garaian aurrerapausoak eman zituela Espainiak hizkuntza eskubideen arloan, autonomia erkidegoak sortu zirenean, baina hutsuneak daudela oraindik ere.

Ikasleen gaitasuna

Hezkuntzari buruz bereziki mintzatu da De Varennes txostenaren aurrerapenean. Gogora ekarri du sistema bat baino gehiago dagoela martxan hizkuntza gutxituak irakasteko: murgiltze ereduak, irakaskuntza elebiduna, hezkuntza eleaniztuna... Erkidegoaren araberakoa da modua. Hala ere, kontalariak hutsune bat sumatu du estatuaren aldetik: 2010az geroztik ez du ikasleen hizkuntza gaitasunari buruzko azterketarik egiten. Kaltegarritzat jo du, uste baitu iritzi okerrak zabaltzeko bidea dela: «Ebaluazio argiak eta objektiboak egotea oso onuragarria litzateke irakats-eredu horiei buruz sortzen diren adierazpen eta akusazio okerrak uxatzeko». Gogoan izatekoa da Espainiako Gobernuak hezkuntza erreforman proposatu duela ikasleek hizkuntza ofizialetan duten gaitasuna aztertzea, eta hutsuneak ageri direnean neurriak hartzea.

Hizkuntza soilik ez, arrazakeria ere hizpide du Gutxiengoen Aferetarako kontalariak. Ohartarazi du migratzaileek Poliziaren kontrol gehiago jasaten dituztela. Kataluniako auziaz ere arituko da; buruzagi independentistei zigor penalak ezartzearen aurka jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.