Presoen egoerari buruzko txosten bat aurkeztuko dute NBEren aurrean

Sarek eta EHUko Ikasmirak ikerguneak prestatu dute. Eskubideen urraketen berri ematen du

Txostenaren aurkezpena, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak bost urterik behin aztertzen du giza eskubideen egoera 193 estatu kideetan, eta aurten Espainiako Estatuari dagokio azterketa hori gainditzea. Horretaz jakitun, Sare Herritarrak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasmirak ikasketa juridikoen diziplinarteko ikerguneak txosten bat prestatu dute, NBEren Giza Eskubideen Batzordeari igortzeko euskal presoek pairatzen dituzten giza eskubideen urratzeen inguruan. Txostena Bilbon aurkeztu dute, euskal gizarteko ordezkari ezagun ugarik lagunduta.

Sareko eledun Begoña Atxak eta Joseba Azkarragak aurkeztu dute txostena. Esan dutenez, haien lanaren xede nagusia giza eskubideen defentsa da, «sufrimenduak amaitzea eta bizikidetzan aurrera egitea», eta xede hori «ideologia eta interes partidisten gainetik» dago. Baina eginkizun horretan, behin baino gehiagotan egin dute topo «Espainiako eta Frantziako gobernuen sentsibilitate faltaren harresiarekin», eta, horregatik, gero eta gehiago ari dira euren ahaleginak «Europara eta mundura» bideratzen.

Azkarragak gogora ekarri du 203 euskal preso Espainiako 40 espetxetan daudela, eta horietatik gehienak (%65,1), 2.000 kilometro baino gehiagora daudela. «Euskal Herriko espetxeetan lekua badago, zergatik atxikitzen dituzte euskal presoak milaka kilometrora?», galdetu du.

Urtea amaitu aurretik

Ez dago zehazturik NBEren Giza Eskubideen Batzordeak txostena jaso ostean zer protokolori jarraitu behar dion, batzordea osatzen duten kontalarien esku baitago hori, baina litekeena da kontalariek informazio gehiago eskatzea edo txostena egin duten elkarteekin harremanetan jartzea. Datu guztiak eskuan, espero izatekoa da NBEk bere ondorioak plazaratuko dituela urtea amaitu aurretik, urrian edo azaroan, seguru asko.

Jende ezagun ugari elkartu da Bilboko Kafe Antzokian txostenari babesa emateko: Pili Zabala eta Rosa Rodero indarkeriaren biktimak, Daniel Arranz Espainiako gobernadore zibil ohia, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia (EAJ), Felix Cañada, Jone Goirizelaia eta Arantza Zulueta abokatuak, Ramon Zallo, Paco Letamendia eta Pedro Ibarra EHUko irakasleak, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu ohia, Andoni Aizpuru ETBko aurkezlea, ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuetako kideak, eta abar.

Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariek, Garbiñe Biurrun epaileak, Javier Sadaba filosofoak eta beste zenbaitek ere atxikimendua adierazi dute, egon ez badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.