Begirada autokritikoa 2020ari

Pandemiako politiken inguruan hausnartu dute Deustuko Unibertsitatean

Aizpea Otaegi, Elena Perez Barredo eta Sergio Murillo Deustuko Unibertsitatean atzo, mahai inguruan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Azkarregi ahazten ditugu gauzak». Aizpea Otaegi Errenteriako alkatearen ustez, gizarteak, orokorrean, eta politikariek, bereziki, erritmo biziegia daramate. Horregatik, zaila egiten zaie jada igarotako erronken inguruko analisi osoak egitea, gero beharrezkoak diren irakaspenak atera ahal izateko. Atzo, hala ere, joera hori eten, eta hausnarketari lekua egin zitzaion Deustuko Unibertsitatean. Resistiré koronabirusaren garaian aurrera eramandako politikek eragin dituzten ezberdintasun sozialak ikertzen dituen proiektuaren parte da unibertsitatea. Bilbon antolatutako mahai inguruan egon da Otaegi solasean Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearekin eta Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru diputatuarekin batera.

Otaegi Perezekin bat dator politikak duen ahazteko gaitasunaren ideian, eta gaineratu du garrantzitsua dela oso «azken urteotan bizitakoaren inguruan ondorioak ateratzea», autokritikari leku eginez. Alde batetik, pandemiak ezustean harrapatu zituela baieztatu dute hirurek. Perezek, esaterako, itxialdia baino bi egun lehenago «ezinezkoa» ikusten zuen tabernak ixtea. Administrazioen lan egiteko era goitik behera aldatu zen, eta, Murilloren aburuz, guztizko aldaketa baten aurrean zegoen «prestaketa faltakerantzun egoki bat ematea zaildu zuen». Bizkaiko Foru Aldundia hurrengo krisi bati begira egoera hobea izateko lanean dabilela dio.

Bestalde, arduren banaketan jarri du fokua Errenteriako alkateak: «Alkateoi gustatuko litzaiguke zeresan handiagoa izatea erabakiak hartzeko orduan krisi egoeretan». Haren ustez, udalek beste edozein erakunde publikok baino gaitasun handiagoa dute «azkar eta era egokienean» eragiteko, herri bakoitzaren ezaugarriak ezagutzen baitituzte. Azaldu duenez, horri esker, eremu bakoitzera moldatzen diren politika zehatzak egin daitezke.

Baheketak jarri ditu adibidetzat. Pandemia garaian udalari «laguntza eskatu gabe» antolatu zen baheketak ez zuen «arrakasta handirik» izan Errenterian. Alkatearen ustez, jendea ez zen PCRak egitera joan ez zelako kontuan izan bizilagunen bizilekuen kokapena baheketa antolatzeko orduan: «Guk ezagutzen ditugun ezaugarriekin antolatuz gero, baliabide asko xahutzea saihestu ahal izango genukeen».

Arazoak puztuz

Agertu ziren arazo berriez gain, jadanik gizartean zeuden arazo sozialak areagotu ziren egun batetik bestera. Horien artean genero arrakala dago. Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak azpimarratu duenez, aldi baterako erregulazioan egon ziren langile gehienak gizonak ziren arren, osagarria behar zuten errenta gehienak —urtean 20.000 euro baino gutxiago—emakumezkoenak ziren. Perezentzat horrek «era basati batean utzi zuen arrakala agerian». Horri aurre egin eta egoera ez errepikatzeko zenbait politika prestatu dituztela dio sailburuordeak.

Lanbide batzuei zeukatena baino balio handiagoa emanez, esaterako: «Aurrera atera gintuztenak okerren ordainduta dauden langileak izan ziren». Zaintza lanetan zebiltzanak, esaterako. Askotan 24 orduz lan egin behar izan zuten berrogeialdiak iraun zuen bitartean gutxieneko soldata batekin,SOS Arrazakeriak mahai inguruan salatu duen bezala. Izan ere, SOS Arrazakeria ere Resistiré proiektuaren parte da. Diru laguntzak aurkeztu ziren arren, askok ezin izan zituzten horiek lortu erroldatze arazoak zirela medio. Kritikoa izan da bere buruarekin Otaegi. Izan ere, Errenterian diru laguntzez gain beste 200 euroko laguntza eskaini zuten arren, «ez zuen arrakasta handirik izan langileek bizi duten egoera prekarioagatik».

Perez bat dator kontratupeko lanen faltaren kontuan. Gaineratu du langile askok ez dutela egoera hori salatzen. Adierazpen horiek ez dute harrera onik izan bertan zeuden SOS Arrazakeriako kideen artean, eta haiek salaketak jarri dituztela esan dute.

Denak ez dira erabaki txarrak izan. Etxeko langileei dagokienez, esaterako, historian aurrenekoz diru laguntzak eman zituen Eusko Jaurlaritzak. Perezek larritasun egoera batean diru laguntzak emateko «erantzukizunpeko adierazpenaren» erabilera azpimarratu du. «Erakutsi genuen herritarrak ez direla iruzurgileak». Azkenik, hirurek gizartearekin elkarrizketa mantentzea hautatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.