Justizia arloko langileak greban: domino efektua izan dute aldarriek

Letraduek lortutako soldata igoerak justizia administrazioko langileen aldarrikapenak hauspotu ditu. Administrariak greban dira, eta epaileek eta fiskalek ere lanuzteak abiatuko dituzte

Justizia Administrazioko langileen protesta bat, Bilbon. OSKAR MARTXIN EDESA / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bi aste daramatzate greban Hego Euskal Herriko justizia auzitegietako administrariek eta bulegoetako langileek. Apirilaren 17an hasi zuten lanuzte mugagabea, baina ez zen justiziaren arloko lehen deialdia: batzuen eta besteen aldarrikapenek domino efektua eragin dute. Letraduen grebarekin hasi zen olatua; haiek eskariak betetzea lortu zutenean, justizia administrazioko langileek hasi zuten lanuztea, eta, gero, epaileek eta fiskalek ere grebara deitu dute, maiatzerako. Baina zer gertatzen ari da justiziaren arloan eta zein dira haien eskariak?

Urtarril amaieran hasi zen lehenen greba, letraduena; soldatak igotzeko, lan baldintzak hobetzeko eta «negoziazio kolektibo propioa» izateko eskatu zioten Espainiako Justizia Ministerioari. Letraduen elkarteek salatu zuten azken hamabost urteetan 600 funtzio gehiago ezarri dizkietela, baina soldata igoerarik ez. Harrabots handia sortu zuen grebak, bereziki lanuzteak epaitegietan eragin zuen kolapsoagatik: letraduek egin ohi dute auzitegietako dokumentazio lana; beraz, epaiketak, deklarazio hartzeak eta ezkontzak atzeratu behar izan zituzten, besteak beste. Martxoaren 27an, greba bertan behera utzi zuten, Espainiako letraduen batzarrek gehiengo handiz onartu baitzuten ministerioak egindako proposamena: 430 eta 450 euro arteko soldata igoera, «eraginkortasun osagarri» moduan, mailaren eta funtzioaren arabera.

Akordio hark, ordea, gainerako langileen aldarrikapenak hauspotu zituen: antzeko soldata igoera bat eskatzeko, greba abiatu zuten administrariek, CCOOk eta CSIFek deituta. Sindikatuek Justizia Ministerioari aurpegiratu diote «bigarren mailako funtzionario gisa tratatzea justizia administrazioko langileen %93, zeinek funtsezko lanaren pisua daramaten»; izan ere, haien ustez, langile horien funtzioa, ardura eta espezializazioa aitortu gabe daude. Era berean, salatu dute Espainiako Gobernuak justizia administrazioa eraginkortasunez antolatzeko lege bat «inposatu» nahi duela: «Arriskuan jarriko ditu lanpostuak, mugikortasuna, ordainsari bereziak...».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, grebara deitu dute ELAk eta LABek ere, Eusko Jaurlaritzaren eskumenei erreparatuta: administrazio orokorreko gainontzeko langileekin «parekatzeko» eskatu diote. «Aldarrikapen historiko bat da; 2012tik gabiltza hori eskatzen», azaldu du ELAko kide Josu Simalek. Izan ere, justizia administrazioko eta administrazio orokorreko langileen soldaten artean 3.400 eta 4.600 euro artekoa da aldea, urteko. «Hiru ordutegi ezberdin izan ditzatela ere eskatzen dugu, orain ordutegi bakarra baitute, zazpi ordu eta erdikoa», dio Simalek.

Genero indarkeriaz arduratzen diren epaitegietako langileentzako sari osagarri bat ere galdegin dute, kasu bereziak direlako: «Salaketa bat jartzen bada, edozein ordu dela ere, protokolo osoa martxan jartzen da, eta horrek esan nahi du langileek lanaldia luzatu behar izaten dutela».ELAko ordezkariak adierazi du grebaren erantzuna «oso positiboa» izan dela orain arte: «Langileek argi dute egiten ditugun aldarrikapenak beharrezkoak direla». Eta ohartarazi du lanuzteek letraduen grebak izandakoen pareko ondorioak ekar ditzaketela: «Lana pilatzea nahi dugu, eta ikustea zerbitzurik ez dela egongo guk lanik egiten ez badugu».

Epaileak eta fiskalak, laster

Administrarien protesten ondotik, epaileek eta fiskalek iragarri dute greba mugagabea egingo dutela maiatzaren 16tik aurrera. «Baliabide falta» salatu dute, eta lan karga handiak «erantzun judizialaren kalitateari eta azkartasunari» eragiten diela, baita epaileen eta fiskalen osasunari ere. Espainiako Magistratura Profesionalaren Antolakundeak eta Fiskalen Antolakundeak deitu dute grebara, baina ez elkarte progresistek. Deitzaileek ministerioari egotzi diote justizia administrazioa «sistematikoki abandonatuta» edukitzea.

Halere, grebak ez dira ohikoak epaileen artean, Espainiako Konstituzioaren arabera debekatuta baitute lanuzteak egitea eta sindikatuetako kide izatea. Hori dela eta, beste «presio mekanismo» batzuk erabiliko dituztela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.