Koronabirusa

Normaltasunez irekiko dituzte hondartzak Lapurdi kostaldean

Asteartean bilduko da Eric Spitz prefeta zortzi herrietako auzapezekin. Hondartzen eta bainurako eremuen «erabilera arduratsua» eskatu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Heldu den astetik aitzina «normaltasunez» ibiltzen ahalko da Lapurdi kostaldeko hondartzetan. Hala jakinarazi du Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak, konfinamendutik ateratzeko neurriak zehazteko egin duen prentsaurrekoan. Asteartean bilduko da Lapurdi kostaldeko zortzi herrietako auzapezekin, eta horiek hondartzak irekitzeko euren kudeaketa plana aurkeztuko diote; ondotik emanen du baimen ofiziala. «Formalitate bat», prefetaren hitzetan. «Azken asteetan askoz ere egoera zailagoa kudeatu behar izan dute».

Orain dela bi aste eman zuen hondartzak modu «dinamikoan» irekitzeko baimena Spitz prefetak. Paseatu, bainatu edo kirola egiteko aukera bazen, baina egonean egotekoa, ez. Astearteko bilkuratik landa, uretan bainatzeaz gain, oihalarekin hondarretan egoteko baimena ere izanen da, beti bere urruntze fisikoa atxikitzen bada. Azken asteetan, herriek kudeatu dituzte hondartzetako sorospen zerbitzuak; ondoko egunetan, zerbitzu horiek poliziak eta jendarmeriak indartuko ditu.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, tokian toki zehaztu dituzte hondartzak irekitzeko baldintzak. Herri batzuetan, hondartzetarako sarbidea mugatzea erabaki dute, edukiera gainditu ez dezaten. Eusko Jaurlaritzak erabiltzaileei eskatu zien hondartzen «erabilera arduratsua» egiteko atzo. Hondartzak kudeatzeaz arduratzen diren erakundeei lehendik emandako gomendioak gogorarazi zizkien Osasun Sailak: hondartzen edukiera kontrolatzea, egonaldi motzak planifikatzea, eta araudi berezia ezartzea marea igotzen denerako.

Orain, horiei gehitu die, orain arte Lapurdi kostaldean bezala, hondartzen «erabilera dinamikoa» sustatzeko gomendioa; Jaurlaritzaren iritziz, hondartzak paseatzeko, bainatzeko edo uretako jarduerak egiteko soilik erabiltzea litzateke onena. Gainera, jakinarazi du hondarretan ere derrigorrezkoa dela maskararen erabilera, bi metroko tartea gorde ezin den lekuetan. Bizkaiko hainbat hondartzatan hasi dira jada egonean egotea debekatzen.

Lakuak eta urtegiak

Ekainaren 13an hasiko da Arabako Garaio eta Landa «hondartzetan» udako denboraldia. Arabako Foru Aldundiak ez du bertan egoteko gehienezko denbora mugarik ezarriko, baina, bainu «motzak» hartzea gomendatu du aglomerazioak saihesteko. Gainera, jende pilaketak galarazteko Garaioko aparkalekuaren edukiera erdira murriztuko dute. Aldundiak oroitarazi du ezinbertzekoa dela osasun eta higiene neurriak betetzea. Gaurtik aitzinera, ertzainak eta miñoiak egonen dira bi «hondartzetan» jende kopurua eta segurtasun distantziak errespetatzen direla kontrolatzen.

Nafarroako Gobernuak aste hasieran eman zituen bainu eremuak erabiltzeko baldintzak: bizikideak ez badira, gehienez ere hamabost pertsonako taldeak elkartu daitezke, urruntze fisikoa eta babes neurriak errespetatuz; egoteko lekuetan, bi metroko perimetroa atxiki behar da; haurrentzako parkeak edota uretako jolasak erabiltzea debekatua da. «Arduraz» jokatzeko eskatu dute, eta osasun arloko agintariek ezarritako gomendio eta neurriak betetzeko agindu dute.

Lapurdin, Senpereko lakua irekitzeko baimena eman du prefetak, babes neurriak errespetatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.